Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Nire belaunaldiak proletargo burujabe batekin amets egiten zuen. Klasea, mende-ratzearen eta esplotazioaren arabera ulertzen genuen. Nola ekonomi-kokapenak talde batzuei beste batzuen bizitza eta jardueraren kontrola ahalbidetzen zuen. Badakigu menderatze eta esplotazio hitzak oso liskartsuak direla. Zergatik? Deskribapen neutro soil bat izan beharrean judizio moral bat jasotzen dutelako. Dominatzea beste batzuen jardunaren kontrolatzeko ahalmenari buruzko hitza da. Eta esplotazioa menperatuak diren horien lanetik irabazi ekonomikoak eskuratzeari buruzkoa berriz. Guretzako oinarrizko klaseak lanaren jabeak eta kapitalaren jabeak izan ziren.
Ikuspegi horiek joan zitzaizkigun, ezkutatu joan baino gehiago. 2000ko hamarkada hasieran klasearen inguruko eztabaidaren heriotza iragartzeraino.
Kontsumo gizarte honetan marketinaren klase ikusmoldea gailendu zaigu. Gizabanako bakoitzak hainbat ezaugarri dituela. Adibidez, sexua, adina, arraza, erlijioa, adimena, hezkuntza, geografi-kokapena, portaera profila, eta abar. Ezaugarri bakoitzaren arabera multzoak antolatzen dira bakoitzari egokitutako mezuak eta produktuak etengabe helarazteko. Ez dira behin ere kontuan hartzen multzo hauen arteko ezberdintasunak eta esplotazio erlazioak. Pixka bat puztuaz bada ere, esango nuke ia konturatu egin gabe «segmentazio» ideiak «klase» kontzeptua kolonizatu duela eta muturrean mikro-klasearena sortuz.
Non-nahiko marketinak sudurzulotik hartuta errukirik gabeko kontsumista konbultsiboak izatera eramaten gaitu. Miamira bidaiatzeko irrikak edo berriago/politago baten truke autoa aldatzeko etengabeko asmoak ez gaitzala bereganatu bizi garen gizartearekiko ardurak ahazteraino.
Ez bagara gerrak baretzeko lanean eta klima aldaketaren itzulia lortzeko borrokan hasten galduta gaude. Ulertu beharra daukagu badela baita beste gizateria bat gure inguruan eta munduan zehar, soberan dagoena, minik handiena ematen duena. Antza denez biktima izateko jaio direnak.
Eta gizateria horren bilakaera klase eraketa batek, behar bada konplexuagoak, eragina dala, eta horrek argitzen dituela gaurko borrokak eta boterearen balantzeak. Kapitalismoaren oinarrizko aktibo ekonomikoekin jendeak dituen erlazioak bizitzako aukerak eta esplotazioa moldatzen jarraitzen dutela. Erlazio hauek adarkatze zabala dutela beste gertakari sozialekin ere.
Azken finean eraldaketa sozialerako proiektuei laguntzeko klasearen perspektibak gaur ere gizartearen konplexutasuna argitzeko eta ekintza politikoa mobilizatzeko daukan gaitasun ideologikoa direla.