Mikel Etxeberria Okariz • Aranzadi Zientzia Elkartea
Sarri gertatu da hitzen erabiliaren erabiliaz euren esanahia erabat galdu dutela, eta nonahi irakur baditzakegu ere, kaleko altzarien pare somatzen ditugula. Esango nuke, beste askoren artean hori gertatu zaiola biodibertsitateari. 1986an erabili zen lehen aldiz, eta harrezkero jende gutxi egongo da sekula hitz hori entzun gabe, besterik da esanahiaren ezagutza izatea.
Kontzeptua bera esango nuke kriptiko samarra dela, berehala hautemateko erraza. Motzean, biodibertsitatea bizidunen aniztasuna da. Hori besterik ez eta hori dena, eremu jakin batean bizirik dagoen guztia.
Norbait saia daiteke hartzen sail bat eta bertako bizidun guztiak identifikatu eta zenbatzen. Adibidez, Aizkorriko pagadietako eremu bat, ez logela bat baino handiagoa. Hasi beharko luke lehenik eta behin landareekin, zuhaitzik handienetik belar eta goroldiorik ezkutukoenetara. Zerrendatu beharko lituzke txoriak, ikusitakoak zein entzundakoak, baina baita lurpeko kakalardoak, zizareak, azkonarrak, onddoak,… Baina ez hori bakarrik, mikroorganismoak ere ezin ahaztuko ditugu gure ahaleginean, horiek ere egon baitaude lurzoruan, zein zuhaitzetan; baina baita inurrien hesteetan ere. Gainera, izan kontuan, bizidun asko mugikorrak direla, beraz, urte sasoi batean baino gehiagotan egon beharko genuke zerrenda osatzeko, gauez batzuetan, egunez besteetan. Saguzarrek ere egon nahi baitute eta zerrendan, ipurtargien antzera.
Demagun, baina, hamaika aditurekin hitz egin eta gure alorreko bizidun guztiak identifikatzen ditugula. Horrek emango liguke zerrenda nahiko luzea, baina hori besterik ez. Zerrenda horretan ezin behatu ahalko genuke bizidun batzuen eta besteen arteko lotura, edo ingurunearekin dutena. Lotura horretatik sor daitezkeen albo ondorioak ere galduko genituzke, dela lur emankorra edo urari eusteko gaitasuna, basafruituak edo tenperaturaren erregulazioa.
Bakarren bati irudituko zaio basalore bat ez dela lur-jausi bat ekiditeko gai, edo matxinsalto espezie baten galerak ez duela inolako eraginik. Jakin gabe lore horrek baso helduak behar dituela hazteko, eta baso helduetan sustrai sistema erraldoiak daudela lurrari eusten. Era berean, arbuiatzen du matxinsalto baten galerak txori bat udaberriaren hasieran janik gabe utz dezakeela.
Ezin konta ahala sekretu gordetzen dira biodibertsitatea hitzaren barnean, eta konplexutasun horretan gordetzen da gizakiaren beraren biziraupena. Biodibertsiteateak iraungo baitu gizakirik gabe; gizakiak, ordea, ez du zereginik biodibertsitatea galtzen badu.