Pil-pil, bil-bil, pirpir, pinpin… Izendapen anitz aurki ditzakegu izkribu historikoetan, baina guztiek egiten diote erreferentzia euskal gastronomian hain estimatua den saltsa zuriari. Osagai gutxiko errezeta da: bakailaoa, olioa eta baratxuria ditu oinarri, eta nahi izanez gero, pipermina ere gehitu daiteke. Erromatarrek ekarri zituzten gurera saltsa hau prestatzeko beharrezkoak diren oinarrizko hiru osagaiak, baina ez ziren haiek izan saltsa honen sortzaile.
Ustez, XVI. mendean Ipar Atlantikoa zeharkatu eta Ternuaraino iristen ziren euskal arrantzaleak izan ziren saltsa honen aurkitzaile. Bakailao eta bale ehizara hilabete luzez joaten ziren haiek labetxoak eramaten omen zituzten itsasontzian, zeinen gainean lapikoak jartzen omen zituzten. Lapiko hauetan olioa, baratxuria eta bakailao gezatua botatzen omen zituzten eta modu honetan, itsasontziaren joan-etorriarekin, su txikian eta astiro olioa urre koloreko saltsa krematsu baina arina bilakatzen zen.
Mugimendu honi loturik iritsiko zaio pil-pil saltsari egun duen izen onomatopeikoa, eltzea, olioaren borborka leuna eta bakailao azalaren gelatina zirkularki mugitzen direnean sortzen den soinuari egiten baitio erreferentzia, nahasketa emultsionatzen den bitartean.
Honelako hamaika istorio eta bitxikeria gordetzen ditu sukaldaritza eta gastronomiaren munduak, eta are gehiago ezagutu nahi badituzu, Igartubeiti Baserri Museoan Mundua Lau Zaporetan Margotuta ikusgai dugun erakusketa bisitatzera gonbidatzen zaitugu.