Itsasoko herrigunea, Kizkitzako ermita eta Mandubiako benta lotzen dituen ibilbide zirkular honek historiaz betetako parajeak eta baserriak zeharkatzeaz gain, Aralarren eta Aizkorriren ikuspegi paregabeak ditu.
Herriko ondarearen zaintza eta lehengoratzea, eta zeregin horretan jasotako ezagutza zabaltzea ardatz ditu azken hamarkadetan Itsasoko herriak. Ibiltari honetako bi gidariek, Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek, badakite zerbait langintza horretaz, ez baitabiltza alferrik ondare hori guztia bildu eta euskarri desberdinen bidez transmisio lan nekaezina egiten. Ibilbide zirkular honek herrigunearen goialdean dauden bazterrak eta parajeak dakartza lerro hauetara, herri kaskoa eta Mandubiako gaina lotuz, eta itsasoarrek horren kutuna duten Kizkitzako baselizaren basoetan murgilduz.
Itsasoko plaza da (440 metro) oraingoan bederatzi kilometro inguruko ibilbide zirkular honen abiapuntua, eta jarraitu beharreko arrastoak, Pott keramikoek egindako borobil urdinak. San Bartolome eliza ezker aldetik inguratuz –garai desberdinetako arte estilo gehienen lekukotza eskaintzen du–, Kontzeju etxea ageri da parez pare. 1713ko eraikina da, 1962. urtera arte hura izan zen Itsasoren erdigunea, han baitzeuden udaletxea, ostatua, telefono publikoa, kartzela eta hiltegia. Gaur egun, eraikin horri etorkizunean eman beharko litzaiokeen erabilera zehazteko lanean dabil Itsasoko batzordea. Eta haren ondoan, Goiko plazako iturria, orain ehun urte egokitua.
Aldapa pikoa dator gero. Hilerria ezkerretara utzi –orain 50 urte auzolanean berritua–, eta ur depositu berria eskubitara dela, Kizkitza adierazten duen seinaleari jarraitu behar zaio. Itsaso-Mandubia herribidean gora, hamar minutuan beste bidegurutze bat, baina seinaileei segika, galbiderik ez. Eta maldan gora beste horrenbeste denbora eginda, Altzigarraga bidegurutze tokira iristen da (590 m.), aurrez izen bereko iturria ikusi ondoren –1949ko plaka du–. Lehen 20-25 minutuak osatuta, Mandubia da hurrengo jomuga.
Benta ezagunera bidean
Bide erosoan beherantz eginez, kilometro pasatxora dago Mandubiako gaina. Muxikak gogoratu du bide horri «Juzgadu bidea» ere deitzen diotela, Segurako eta Azpeitiako epaitegiak lotzen zituelako. Mandubizelaiko trikuharria ere (577 m.) ezagutu beharreko tokia da. Mandubi-Zahar baserrira ailegatu aurretik, pinudi batean eskubira egin beharra dago, eta bi minutuan, hantxe ditu oinezkoak eremu hori industu zuteneko informazio panelak. Trikuharririk ez baitu ikusiko bisitariak, hura babeste aldera dena lurrez estalirik baitago. Joxean Mujika EHUko arkeologo beasaindarra buru zela egin ziren indusketak paraje hartan 1998-2000 urteen artean.
Atzera bidera itzuli, eta bost minutura dago Mandubiako gaina (537 m.), errepidearen kontra benta ezaguna duela. Eta han ere seinaleak parez pare, eta behealdean Arriarango urtegia. Astigarretara 500 metro, Garinera bost eta Beasainera zortzi. Eta tartean bi itsasoarren historia lezioa. Luze joko luke horretan sakontzeak, baina argi gera dadila Mandubia ez dela Beasain, Itsaso baizik. Taberna zabalik izanez gero, merezi luke ordu laurdeneko geldialdia egitea.
Itzulera, Kizkitza gainetik behera
Etorritako bidean atzera eginez, Kizkitza Andre Mari baseliza 400 metrora dagoela adierazten duen seinaleari kasu egin behar zaio orain. Aurretik, honako beste pasarte bat kontatu du Muxikak, bidean eskubitara dagoen zelai bat erreferentzia eginez: «Zezen barruti da hori. Nafarroatik zezenak ekarri, eta gaua hemen pasatzen zuten hurrengo egunean Azpeitiara jaisteko». Ibilbidearen lehen ordubetea, osatuta.
Bidegurutze horretatik ordu laurden batera dago Kizkitzako baselizara. Lehen hamar minutuak pinudi baten zabaltzen den bidezidorrari segituta (GR arrasto zuri gorriak). Behin hura bukatuta, Arrobiako iturria eta Arrobia parajea. Berrehun metroko inguruko malda besterik ez da falta ibilbideko puntu gorenera iristeko, Kizkitzara (675 m). 1622. urtean eraikia, esanahi handiko tokia da itsasoarrentzat. Eta auzolanaren ikur ere bada, 1959an suak kiskali baitzuen, eta herritarrek eraiki zuten. Itsasontzi forma du ermitak. Kizkitzako egunaren irailaren 8an ospatzen da.
Baserriz baserri kaskoraino
Pago-motzen basoan irekitzen den bidezidorrean behera eginez, Altzigarragara iristen da hamar minutuan (1h30). Han, Ormaiztegi aldera daraman GR-34 bidea hartu beharra dago. Bide erosoa da, Aizkorriren gailurreria parez pare. Itsasoko mendien berri bat-batean Muxikak: «Aiztondo, Kizkitza, Bisutsain, Torreburu, Arrobizabal, Aizpuru, eta Mandubia aldean, Kanteralde».
Hartutako noranzkoari jarraituz, eta Iminarriko bidegurutzera jaitsi aurretik Goierriko bi mendi nagusien panoramika ederra ikusi ondoren, Mendeun (Mendiguren) da hurrengo erreferentzia. Okarizen jaiotetxea bera, anekdota modura kontatu du Handia filmeko protagonista hilobiratzeko zuloa haien etxe aurreko zelaian egin zutela. Arrobizabaldik Urteaga baserrira gero, –Muxikaren jaiotetxe eta bizileku– bidetik zertxobait desbideratuta (2h15). Atzera arrastoa hartuta, eta baso bat zeharkatuta, Miravalles baserria, Aizkorriren begiratoki aparta. Seus da Itsasora iritsi aurretik igarotzen den azken baserria.
Kontuan hartzeko
- Itsasargi bat mendian. Kizkitzan aurki daitekeen bitxikerietako bat da itsasargia. 1962an Tarifako portutik ekarria, 1904an Parisen egindakoa dela jasoa dago. Diotenez, Kizkitzako pagoak itsasontziak egiteko erabili izan zituzten, eta ontzigile horiek izan ziren itsasargia jarri zutenak.
- Mandubizelai 3Dn. 1998-2000 urteetako hiru udatan industu zuten Mandubizelaiko trikuharria. Informazio ugari aurki daiteke paneletan eta Itsaso.eus webgunean (3D esperientzia ere bizi daiteke ondorengo loturan:
Itsaso.eus/trikuharria-3D). - Iturriak aukeran. Herrigunean bertan Goiko plazako iturria, hogei minutu gora eginda Altzigarragakoa, Mandubiatik Kizkitzarako igoeran Arrobiakoa, eta Urteaga baserrian beste bat. Itsasoko iturriei buruzko azterlana esku artean dute dagoeneko Ibiltari honetako bi gidariek.
- Jatetxeak. Bi dira bidean aurki daitezkeen jatetxeak, ibilbidearen mutur banatan: Itsasoko Ostatua herrigunean (asteazkenetan itxita) eta Mandubiako benta (astearteetan itxita).
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Bi ordu eta 45 minutu
- Luzera: 9 kilometro
- Desnibel metatua: 805 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza