Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Duela urte gutxi, aspaldi begiz jota zuten eraikin batera sartzera zihoazela, gizon bat albotik begira sumatu zuen lagun batek. Gizonak disimulatzeko saiakerak egin arren, haren begi nabarrak eurengan sentitzen zituztela eta, harekin hitz egitera joan ziren.
Elkarrizketa hark zer pentsatua eman zien. Gizonak esan zien hara bizitzera sartu nahi bazuten, etxebizitza bat ondo samar zegoela eta sartzeko lasai, baina ez zezatela zarata handirik atera erregutu zien –daukanak eskatu egiten du, exijitu hainbatetan; ez daukanari erregutzea gelditzen zaio–. Bera hantxe bizi omen zen bikotea eta umetxo batekin, diskrezioz, bistan da, etxegabetu ez zitzaten.
Eraikin bera okupatzera heldu ziren, beraz, alde batetik, sos gutxi eta bizi-proiekturik horizontean ez zuten bi gazte, eta, bestetik, aurreko biak ez izateaz gain, paperik ere ez zeukan familia bat. Bi okupazioak dira zilegi, noski. Ez dira, ordea, gauza bera. Asko baita bat nondik iristen den norabaitera.
Inguruan jende asko ari da etxeak erosten, baita erosi eta errentan jartzen ere, erosteko adina diru ez duen norbaitek ordain dezan bere hipoteka. Ez naiz espekulazioaz hasiko, putre-funtsez, higiezinez, Amenabar edo Accionaz, hori erraza baita, populista zentzurik negatiboenean. Interesgarria, hemen, etxegabetze bat dagoenean «bai, ados, denok dugu etxebizitza baterako eskubidea, baina ez zuen alokairua ordaintzen», edo «etxejabea nire kuadrillakoa da, eta zer egin behar du? Hipoteka bat du ordaintzeko» esaten duena da, larunbatean txosnetan topatuko duguna, agian inor ez da ilegala dion kamiseta soinean duela.
Denok gaude etxegabetzeen aurka enpresa handi batek egiten duenean, eta etxegabetua gure antzeko norbait denean. Baina hori ez da etxegabetzeen aurka egotea. Eta oraindik behelaino horietan gabiltza.