Goierrin inoiz egin den zinema ekoizpen handienetakoa izan zen Urdanetaren sekretua film dokumental antzeztua. Mikel Urretabizkaia ordiziarrak zuzendua 2008an, Andres Urdaneta itsasgizon eta kosmografoaren (Ordizia, 1508 – Mexiko Hiria, 1568) bizitza eta aurkikuntzak kontatzeko. Aktore taldean goierritar ugarik parte hartu zuten, Gorka Lariz ordiziarra nabigatzailearen helduaroko paper nagusian jarrita. Herritar asko ibili ziren errepartoan.
Segurak ere pisu handia izan zuen filmean: Aro Modernoaren hasierako hiri antolamendu, arkitektura eta eszenografia ezin hobea edukitzeaz gain, Erdi Aroko Jairako prestatutako eta trebatutako segurar saldo bat eman zuen. Beñat Intxausti Larrea mutikoak egin zuen Urdanetarena, umetako garaian.
Segurar ugari aktore
Grabatzera 2008an joan ziren. Lehen irudiak Armaolako zubian hartu zituzten, bi zuloko zubian. Urdaneta bere alabarekin azaldu zen zaldiz, errekan hiru emakume lixiba egiten ari ziren bitartean. Lurdes Kerejeta, Karmele Arruabarrena eta Eli Arrondo ziren.
San Andres ermita, Mexikoko eliza primitibo bihurtu zuten, Urdanetak abitua hartzeko. Gero, Zeraingo Portalera igo, eta kale osoa Erdi Aroko eran apaindu zuten, duela 500 urteko Ordizia bailitzan. Plaza Zaharreko Lagunek egin zuten aktore lana: Mari Jose, Arantxa, Mari Karmen, Iñaki, Rafa, Bixente…
Agorregin, Loiolan –Escorial irudikatuz– eta Bermeon segitu zuen errodaiak. Azken horretan, baleontzi handi bat ekarrarazi, eta Elkano hilzorian irudikatu zuen Xepeiño Agirrek. Haren laguntzaile, Jesus Mari Intxausti Trinkete zena, eta fraide Aquilino Caballero.
Ekoizpen handia izan zen. Segurari eta segurarrei aitortu zieten ondare eta giza ekarpena: «Zuengatik ez bazen, ez zatekeen pelikula hau egingo», esan zieten zuzendariek. Munduari bira emateko, etxea behar baita sendo.