1989an hasi zen Zegamaren eta Sant Sadurni D’Anoiaren arteko harremana. Horren harira, 2014tik Cava Festa egiten da Zegaman.
Ardo aparduna da cava. Katalunian du jatorria, eta Bartzelona eta Tarragona artean daude cava upategi gehienak, Penedes inguruan. Bertan kokatzen da Sant Sadurni d’Anoia (Bartzelona) udalerria. Harreman berezia dauka udalerri horrek Zegamarekin 1980. hamarkada amaieratik, eta harreman horren harira, 2014tik Cava Festa egiten da Zegaman urriaren azken asteburuan.
Duela 34 urte, 1989. urtean hasi zen zegamar batzuen eta Sant Sadurni D’Anoiako herritar batzuen arteko harremana, ondoren herri osora hedatu dena. Orkatz abesbatzaren bitartez izan zen. Bergarako koruak koralen arteko topaketa bat antolatu zuen, eta aurreikusitakoa baino jende gehiago inguratu zen. Laguntza eskatu zieten Orkatz abesbatzakoei, Zegaman koruren bati ostatu emateko. Horrela, Sant Sadurni D’Anoiako korua Zegamara joan zen lehenengo aldiz, eta herritarren etxeetan hartu zuten ostatu korukideek.
Maiatzean izan zen lehenengo hartu-eman hori, eta harremana emankorra izan zenez, Orkatz abesbatza urte berean joan zen lehendabiziko aldiz Sant Sadurni D’Anoiara, 1989ko urrian. Bi udalerrietako herritarren arteko harremana estutzen joan zen, eta 2006an, harreman hori instituzionalizatzea erabaki zuen udalak, senidetza eginda. Bi herrietan egin zituzten ekitaldi instituzionalak senidetza sendotzeko, eta harrezkero, urtero egiten dituzte bisitak herri bateko zein besteko ordezkariek, bi lekuetako kulturak elkarbanatuz. Esate baterako, Cavatast feriara joaten dira Zegamatik, eta San Martin feriara etortzen dira Kataluniatik.
Hogeita hamalau urtetako harremana izanik, momentu asko partekatu dituzte senideek. 2014an, senidetzari indarra emateko beste ekimen bat egitea pentsatu zuen zegamar talde batek: Cava Festa. Harrezkero, 2020an izan ezik, urtero egin dute urriaren azken asteburuan cava festa, eta dagoeneko errotuta dagoen ekimena da bertako zein inguruko herritarrentzat.
Herriko elkarte guztiak
Cava Festaren sorreran parte hartu zuen Ion Ormazabal Amezti Mendi Elkarteko bazkideak. Alkateordea zen senidetza egin zen garaian, eta berak azaldu duenez, «oso harreman estua» edukitzen hasi ziren. Hala, Ameztiko bizpahiru lagunekin batera, ekimena martxan jartzea erabaki zuten: «Gogoratzen naiz bazkari batean geundela. Garagardo festak egiten diren bezala, cava Sant Sadurnin asko edaten denez, bada Cava Festa egin beharko genukeela pentsatzen hasi ginen». Nola egin pentsatzea izan zen hurrengo pausoa. Elkartekideen helburua zen Zegamako elkarte guztiek parte hartu zezaten ekimenean. «Udalarekin egon ginen, laguntza emango zigutela esan ziguten. Ondoren herrian garai hartan zeuden elkarte guztiekin egin genituen bilerak eta baiezkoa eman zuten».
Lehenengo Cava Festa kiroldegian egin zen. Egun, eskolako patioan egiten da. Hasieratik, Txomin Parrillaren «izugarrizko laguntza» izan dute, Ormazabalen hitzetan, eta berak prestatzen ditu urtez urte janariarekin lotutako lanak. Zegamarrentzat ez ezik, inguruko herritarrentzat ere hitzordu garrantzitsua bihurtu da Cava Festa. Lehenengo urteetan 300 bat pertsonentzako eserlekuak eta mahaiak jarri zituzten. Iaz, berriz, 600 bat pertsonentzako lekua egon zen. Eta bete zen.
Ormazabalentzat ekimenaren gakoetako bat izan da data hasieratik zehaztea eta ez aldatzea, modu horretan jendeak badakielako urriaren azken asteburuan izaten dela beti: «Garrantzitsua da egunak ez mugitzea, kanpotik datorren jendeak galdu egiten duelako bestela harreman hori».
Ardoen aukeraketa
Aurtengo Cava Festa, bederatzigarrena, gaur eta bihar ospatuko da. Cavaz gozatzera inguratuko dira Zegamara herritar asko. Zehazki, zortzi cava dastatzeko aukera izango da, eta cava ez diren bi ardo apardun ere bai: albariño bat eta Zeraingo Oiharte sagardotegiko sagardo aparduna. Hasieratik, festaren helburua izan da «Sant Sadurni D’Anoia inguruko cavak ekartzea», eta zortzi proposamen ekarri dituzte azken urteetan cavari dagokionez. Aukeraketak egiteko bideak aldatu egin dira urteen poderioz. «Urte batzuetan zegamarrak Cavatasta-era joandako asteburuan erabaki izan da zein cava ekarri herri-epaimahai batekin, beste urte batean Zegamako Kultur Etxean egindako dastaketan erabaki da, eta azken urteetan udalak hartu du bere gain lan hori», azaldu du Ormazabalek.
Era batera edo bestera, Iker Zubeldia Zegamako alkateak azaldu duen bezala, «aspaldiko urteotan nahiko emaitza onak atera ditu» Cava Festak. Gaur eta bihar ere jendea gerturatzea espero dute. «Berrikuntza» bat ere izango da aurten alkateak esan duenez: gaur herriko txarangak alaituko du afaria, eta bihar, Pancho Valbuena mariatxiak.
Sant Sadurni D’Anoiaren cavagintzaren kulturaren zati bat Zegamara ekarriko dute bi egunez beste urte batez. Hango udal ordezkari bat ere gerturatuko da Zegamara, Eva Cruces turismo arduraduna, alegia. Abesbatzatik eta herrigintzatik sortutako harremana, udaletik pasa eta herri osora hedatu da. 1989an sortutako hogeita hamalau urtetako erlazio baten adarretako bat da Cava Festa.
Sant Sadurni D’Anoia, cavaren hiria
Alt Penedes eskualdean dago Sant Sadurni D’Anoia, kostatik gertu, baina barnealdean, Bartzelonatik 45 kilometrora eta Tarragonatik 60 kilometrora. 13.000 biztanle inguruko herria da. Albo batean daukate Ordal mendilerroa, eta bestean, Noia harana.
‘Cavaren hiria’ ezizenez da ezaguna, upategi eta mahastiz inguratuta dagoelako. Laurogei cava ekoizpen enpresatik gora daude, eta horietako batzuk Penedeseko Ardo Ibilbidearen barruan daude. Cavaren hiria dela ikus daiteke arkitekturan, industrian zein eskaintza turistiko eta kulturalean ere. Azken horri lotuta, urtero egiten dute Cavatast astea, cava eta gastronomia erakusketa, zegamar askok bisitatu dutena. Zegamaz gain, senidetuta dago Cañete La Real (Espainia) eta Bastia Umbra (Italia) herriekin.