Irratigintzari eta musikari lotuta egin du Iñigo Etxenike Escalantek (Tolosa, 1965) ia bizitza osoa. Elkar argitaletxeko musika sailean hasi zen lanean, eta Segura Irratian 40 urte bete ditu dagoeneko. Bere ibilbideaz eta irratigintzaren osasunaz eta norabideaz mintzatu da luze eta zabal.
Gogoratzen duzu zure ahotsa lehenengoz entzun zenuenean zer sentitu zenuen?
Oso polita izan zen. Txiki-txikitatik irrati esatari izatearekin amets egiten nuen. 1982 urtean lortu nuen, 17 urterekin. Irratiko mikrofono baten aurrean jartzeko aukera eman zidaten lehenengoz, zuzeneko saio batean eta oso esperientzia zirraragarria izan zen. Ez zitzaidan arrotza egin. Segurtasun handia eman zidan. Kasetean grabatu nuen, lehenengo aldi hura gordeta izan nahi nuelako. Etxera iritsi bezain pronto entzun nuen grabaketa, eta oso sentsazio polita izan nuen. Segituan pentsatu nuen, ‘hau da egin nahi dudana!’.
Oso gaztetatik, oso garbi izan zenuen beraz…
Txiki-txikitatik erakarri izan nau irratiak. Umea nintzela, mikrofono txiki batekin jolas egiten nuen. Irratsaio bateko esatariarena egiten nuen. Kozkortu nintzenean, Segura Irratian lehengusu bat nuen, eta behin eta berriz errepikatzen nion, irratira joatea gustatuko litzaidakeela, barrutik ezagutu nahi nuela. Egun batean, saio bat egitea proposatu zidan. Ordubeteko saioa zen. Nik, baietz esan nion, noski! Eta halaxe hasi nintzen.
Lehenengo aldi hura ahaztezina izango da, ala?
Noski! Musika saio bat izan zen. Country-a asko gustatzen zait eta musika estilo horri lotutakoa izan zen. Pixkanaka, igande arratsaldetan ere hasi nintzen, bi orduko saio bat egiten. Entzuleen deiak ere jasotzen nituen zuzenean.
Tolosarra izanda, nola egiten zenuen Segurara iristeko?
Nik orduan ez nuen karnetik. Beasainera etortzea ez zen hain zaila, trenez mugi ninteke, eta Segurara iristeko, ahal nuen moduan egiten nuen.
1956 urtean sortu zen Segura Irratia. Eta zuk 40 urte egin dituzu bertan. Zer iradokitzen dizute zenbaki horiek?
Gipuzkoako irrati zaharrena garela ia. Hasieran Segura Irratiak uhin ertainen bitartez emititzen zuenez, urrutira heltzen zen. 1964an irrati hau eta tankerako beste batzuk itxi egin zituzten. Orduko legedia ez zutela errespetatzen eta legezkoak zirenen seinaleak interferitzen zituztela esaten zuten. Segura Irratia itxita egon zen 1964tik 1972ra. 1972an berriro hasi zen eta 1977an legeztatu egin zen. Emititzeko hainbat baldintza zeuden; albistegiak emateko Radio Nacionalekin konektatu behar zen.
Imajinatzen zenuen horrenbeste urte egingo zenituela bertan?
Ez eta bai. Hau da, nire desioa zen irratian jarraitzea, hain garbi nuen irratia eta musika zirela nire mundua… Zorionez, bi horien bueltan bizi naiz.
Hainbeste urtean hainbeste jenderen etxeetan sartzen… ahotsagatik ezagutu zaitu baten batek kalean?
Bai, gertatu zait bai, behin baino gehiagotan gainera, eta zorionekoa naiz.
Zure ahotsa, musikari lotuta izan da beti. Musikaz Blai saioko ahotsa zara.
Musikaz Blai nire bizitza erdia da. Denetik egiteko aukera ematen dit eta beti nago jendearengana iristeko proposamenak egiten. Musika talde askori elkarrizketak egiteko aukera eman dit. Niretzako bertako taldeak dira garrantzitsuenak.
Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Ba adibidez, Berri Txarrak. Komunikabide batean lehenengo elkarrizketa egin nien. 18 urte bete berri izango zituen Gorka Urbizu abeslariak. Oraindik medioekin esperientziarik ez zuten, gazteak ziren, lotsati xamarrak… eta pentsa ondoren nolako ibilbidea egin duten. Niretzako ohore handi bat da eta oso pozgarria horrelako esperientziak bizi ahal izatea.
Zein beste talderen sorrera ezagutu duzu gertu-gertutik?
90ko hamarkadan ez zegoen hainbeste irrati, beraz, bertako argitaletxeentzat erreferente izan gara, beraz, ia denak pasa dira Segura Irratitik. Batzuk besteak baino arrakasta gehiago izan dute.
Orain dela gutxi adibidez, Golden Apple Quartet-ekoak elkarrizketatzeko aukera izan dut. Agur bira egingo dute, eta plazer handia izan da haiekin egotea, oso ongi pasa nuen. Hauek ere aspaldi-aspaldiko ezagunak dira.
Entzule bezala, nolakoa zara? Zer duzu gustuko?
Beti nago irratia entzuten; Euskadi Irratia, Gaztea, 40 principales… Azken aldian podcast-ak ere asko kontsumitzen ditut. Beti dago zerbait ikasteko, beti nago ideiak hartzen. Ohera sartu eta irratia piztuta hartzen dut lo.
Irrati esatari batek esan edo egin ezin duen zerbait.
Gurean ez dago horrelakorik. Sekula ez naiz polemikoa izan, beraz… Eta musika jartzeko beti izan dut askatasun osoa. Horrela lan egin ahal izatea ederra da.
Segura Irratiko entzuleak, nolakoak dira?
Fidelak dira, oso! Goizetan dago saio bat Kalejira izena duena, eta entzule berriak-eta sartzen ari dira. Baina orokorrean, gure entzuleak dira aspaldikoak.
Nolakoa da haiekin harremana?
Oso gertukoa. Kalean topo egin eta musika grabatzeko eskatu ohi izan didate. Mikrofonotik entzuleen etxean sartzen gara, gidatzen doanaren bidaia lagun gara, lan orduak xamurtzen ditugu, eta lo egin ezinik dagoenarentzat ere arnasa gara… eta hala helarazten digute. Kariño handia digute entzuleek. Haiengandik gertu egotea da gure helburua.
Aldaketa askoko garaiak izaten ari dira. Garai batean etxe guztietan zegoen irratia. Gaur egun, klik batean munduko irrati guztietara hel gaitezke.
Lehen Segura Irratia entzuten zuten denek, Goierri mailan ez zegoelako besterik. Gaur egun, oso desberdina da panorama, konpetentzia handia dago, baina hala ere, uhinetan jarraitzea, entzuleengatik gertu jarraitzea… hori egingo dugu, zeren hain zuzen ere, guk eskaintzen dugu besteek eskaintzen ez duten hori, gertutasuna.
Nola dago irratiaren osasuna?
The Buggles taldearen abestiak zioen Video Killed The Radio Star, hau da, bideoak irratiko izarra akatu zuen, baina
irratia beti hor egongo da. Egia da gauzak aldatu direla, baina irratia ez da desagertuko.
Irratiagatik, baina beste gauza batzuengatik ere ezaguna zara.
Musika jartzen dut ekitaldi desberdinetan. Diskoteketan-eta ibilia naiz musika jartzen, Jazz Berrin adibidez. Ni beti musikaren inguruan.
Musika kontsumitzeko era asko aldatu da. Zu nostalgikoetakoa zara?
Bai, bai! Binilozale amorratua naiz. Irratian ere oraindik biniloa erabiltzen dut, eta gainera badut euskarri horri eskainitako tarte bat irratsaioan. Gaur egun, plataforma berriekin, klik batean nahi duzun musika daukazu. Bere alde onak eta txarrak ditu horrek. Iruditzen zait, musika entzuteko patxada galdu dela, plataformekin abestia entzuten hasi eta klik batean ere hurrengo abestira salto egiteko aukera daukagulako.
Zer dauka biniloak digitalak ez daukanik?
Niretzako biniloa da musika ukitzea. Dauka beste erritmo bat, beste kalitate bat… Jende askok agian ez du ulertuko, baina beste askok bai. Urte batzuetan gainbeheran izan ondoren, azken urteetan asko dira berriro ere binilora bueltatu direnak, eta zerbaitegatik da.
Formatu aldaketak, musika irisgarriago izatea ere ekarri du. Nola moldatzen zinen lehen musika erosteko?
Nik zorte handia izan nuen. Esku-eskura nuen musika, izan ere, Elkar argitaletxean ere urte batzu-batzuk egon nintzen lanean, Tolosan. Hamabost bat urte izan nintzen bertan, musika saileko arduradun gisa. 90ko hamarkadan izan zen hori. Tolosan, Beotibarren ere lan egin nuen. Hortaz, ia-ia nahi nuen guztia eskura nuen. Lan horri esker ere, irratitik pasa ziren musika talde askorekin lehen harremana egiteko aukera izan nuen.
Zeintzuk dira zure bizitza ondoen deskribatzen duten abestiak, taldeak…
Atzerriko talde bat aukeratu beharko banu, Eagles. Ahots onak baloratu izan ditut beti, eta Eagles horretan da berezia. Eta bertakoak aipatzearren, Egan eta Joselu anaiak. Egan izan zen, Euskal Herrian Queen taldea ezagun egin zuena, haien abestiak euskarara ekarri zituztelako. Queen entzuterakoan askok uste zuten, talde ingeles batek, Egan taldearen abestien bertsioak egiten zituela.
Eta elkarrizketa hau, zein abestirekin itxiko dugu?
Eagles-en abesti batekin, nire gustukoenetako bat dena, Take it to the limit du izenburua.
Orekan mantentzeko txokoak
Musikaren jira-biran dabil ia beti Iñigo Etxenike. Balada sentikorrak, maitasunaz eta bizitzaren norabideaz mintzo diren letretatik, eta country eta pop-rock usaineko musikatik, hortik edaten du batez ere. Bizitzeko behar den zainetako odola du musika. Gainontzean, «ez dut bizio askorik, ez behintzat aitortu daitekeenik, baina adibidez, motorrean ibiltzea asko gustatzen zait. MP bat daukat eta lagunekin irteerak egitea gustatzen zait, 3-4 orduko bueltak larunbatetan».
Toki bat aukeratzekotan, Gipuzkoa maite du. Kostaldea, Goierri eta Tolosaldeak osatzen duten hirukian mugitzen da, batik bat. Bertan baitaude, hainbeste baloratzen duen «oreka» ematen dioten txokoak, naturarekin harreman zuzen-zuzenean lortzen duena. «Lanaren eta egunerokoaren saturaziotik ihes egiten laguntzen didate hain kuttun ditudan txoko hauek», aitortu du. Itsasoa, mendia…mendia, itsasoa… Biek ala biek ematen diote oreka hori.
Kresalaren usaina behar duenean, Zarauzko hondartza aukeratzen du. «Motorrarekin, denbora badut, Aiatik igarotzea gustuko dut, Zarautzera iritsi, bertan aparkatu eta bi kilometroko hondartza, paseoan ibiltzeko, bainutxo bat hartzeko…niretzako da Gipuzkoako hondartzarik onena».
Mendiaren berdea behar duenean, berriz, «Goierrin, Larraitzen daukat txoko kuttun bat», bertako haizeak «sendatu» egiten du, eta Tolosaldean, berriz «Izaskun» aukeratzen du.