Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Dagoeneko hasi da nire laguna esaten txantxangorriak melankoliaz kantatzen ari direla, udazkena iritsi den seinale. Kantua entzun ahala, lagunak txantxangorriari hitz egiten dio, gozo: «zer duk, txantxan?» Hurrengo txio-txioa jo baino lehen, txantxangorriak bere burua erakusten du basotik bidera irtenda, hegaldi laburrak eginez, iheskor, eta aldi berean ibiltariari jarraituz, adiskide bila balebil bezala, bakardadeari ihesi: Capri c’est fini bat. Nik uste lagunarte bakan baina eraginkorra lortzen duela papar gorriztako txoriak. Esaterako, Charles Bukowski idazle amerikar bihurriak liburu bat eskaini zion txantxangorriari, izenburuan jada eskaera bat eginez: zortea opa ziezaiola. Seguraski Bukowskik ere partekatuko zuen hegaztiaren udazkeneko melankolia.
Jenero ugaria da melankolia urte sasoi honetan. Niri gertatzen zait batzuetan ezagutu eta bizi izan ez ditudan garaiek ere melankolia eragitea. Aurreko batean, Roldan Jimeno historialariak Miguel Javier Urmeneta politikari, kultur gizon eta ekintzaileari
buruz idatzitako liburu bikaina irakurtzen –Miguel Javier Urmeneta (1915-1988), Segunda Republica, Franquismo y Transicion. Pamiela, 2015– suertatu zitzaidan.
Miguel Javier Urmeneta –Asisko Urmenetaren aita– marrazkilari eta pintorea ere bazen, eta liburuak jasotzen dituen grafiko guztien artean, argazki batek salto egin zidan begietara; tira, egia esateko, argazki-oinak: «Eusko Ikaskuntzaren Udako Ikastaroa, Ormaiztegin ospatua, 1933ko uztailaren 2an». Argazkian hogeita bat pertsona ageri dira, tartean apaiz bat, Manuel Lekuona. Baina deigarriena emakumeen kopurua da: hamaika, gizonezkoak baino bat gehiago; argazki-oinak dioenez, Mirentxu Irujo zen emakume horietako bat.
Ez diot antzematen Ormaiztegiko zein tokitan dagoen aterata argazkia, baina susmatzen dut ikastaroa Bainuetxean egingo zutela, herriko eraikinik dotoreenean. Eta bestela, Udaletxean. Zumalakarregiren etxea ere –Iriarte– bisitatuko zuten, seguraski, ikastaroan parte hartu zutenek. Lehen melankoliaz ari nintzen, eta horrekin batera datorkit nostalgia. Ezagutu gabeko garaien nostalgia. Duela 90 urte gure herrian izandako kultur ekitaldi haren inbidia. Handik laster, 1936an, frankistek hartu zuten Bainuetxea.
Aurtengo udazkenari ere gerraren kiratsa dario: Gazako bonbardaketa izugarrien lainoa. Leherketen keak estaltzen du gehienetan haren azpian gertatzen ari dena. Eta hurrena, plano batzuetan, jendea zalaparta batean, zaurituak karreatzen, gorpuak bilatzen, samina adierazteko ia tarterik gabe. Melankolia eta nostalgia luxuzkoak dira han.