Erik Retamosa (Beasain, 1999) musikaria eta dantzaria da. Kantu modernoko graduko ikaslea da Bartzelonan eta EITBko ‘Ztanda’ saio berriko parte hartzailea da.
Noiz eta nola hasi zinen musikaren eta dantzaren munduan?
Txiki-txikitatik hasi nintzen kantatzen. Ondoren, 16 urte ingururekin dantzan hasi nintzen eta kantuko klaseak jasotzen hasteko hautua egin nuen. Donostian eman nituen kantuko lehenengo pauso haiek eta ondoren, Bartzelonarako jauzia iritsi zen. 2 urte daramatzat Kantu modernoko gradua ikasten Bartzelonako kontserbatorioan eta orain, geldialdi bat egitea erabaki du, etxera itzuli eta ‘Ztanda’ saioan parte hartzeko.
Zergatik erabaki duzu ‘Ztanda’ saioan parte hartzea? Nork edo zerk bultzatu zaitu?
Betidanik gustatu izan zait musika eta dantza, baina ez zen erabaki erraza izan, izan ere, dena atzean utzi behar nuen Bartzelonan denbora batez. Hala ere, aukera bikaina iruditzen zitzaidan nire ibilbiderako eta parte hartzea erabaki nuen. Nire zalantzen artean, pertsona bat sartu zen norabidea eman didana, nire lehenengo kantuko irakaslea, Naroa Enekotegi, eta eskerrak eman nahi dizkiot bultzada horrengatik.
Zer moduzko esperientzia izaten ari da saioan parte hartzea?
Oso esperientzia aberasgarria ari da izaten, izan ere, epaimahaian Clara Mendizabal sopranoa; Beñat Rodrigo, Kiliki Frexko bezala ezaguna, eta La Oreja de Van Gogh taldeko Leire Martinez daude eta plazerra da haiek bezalako musikariekin aritzea lanean. Bestalde, Bilboko Campos Elíseos Antzokian abestea ikaragarria da. Horrez gain, saioko kide guztien artean oso giro ona dugu, azken finean, pasio berak batzen gaitu. Erredaktoreekin ere harreman ona dugu.
Zein da zure asmoa saioan?
Lehenik eta behin ikasteari eman nahi diot garrantzia. Musikari bikainez inguratuta nago eta asko ikasiko dudala uste dut. Hala ere, bertara joan garen guztiok bezala, nik ere irabazi egin nahi dut. Horrez gain, nire burua gizartean musikari zein dantzari bezala ezagutarazteko bide bat dela uste dut, etorkizuneko proiektuetara begira, batez ere.
Etorkizunera begira zein da saioak egin diezazukeen ekarpena?
Etorkizunera begira, programan nire ibilbidea amaitu ondoren nire lehenengo abestia aterako dut. Abesti ugari dauzkat jada eginak, baina une perfektuaren zain egon naiz hauek publiko egiteko eta uste dut gerturatzen ari dela une hori. Ilusioz bizi dudan zerbait da eta programak, aurrera begira, nire burua ezagutarazteko aukera emango didala uste dut, baita abestiak publikatzen ditudanean gehiago zabaltzeko aukera ere. Gainera, bertan ikasitakoa ez dut sekula ahaztuko, gauza berri ugari ari bainaiz ikasten.