Asko eginari, asko zor zaio. Eta asko idatzi eta esan da Xabier Mendiguren Bereziarturi (Ezkio, 1945 – Donostia, 2023) buruz, urri honetan hil denez geroztik. Historia askotan izan zen parte, eragile eta akuilu. Pasarte bat bada, ordea, bere hastapenetakoa, inon atera ez dena, eta ezkiotarrak egin zuenaren dimentsioa, nortasuna eta balioa adieraz dezakeena.
1968ko uda zen, 23 urte bete berri Mendiguren –uztailaren 13koa zen–, eta euskara modu trinkoan ikasteko barnetegia antolatu zuen, Juan San Martinekin batera. Pasiotarren Gabiriako komentua aukeratu zuten egoitzatzat, urte batzuk lehenago hustua. «Ordurako euskararen munduan dexente lan egiten genuen, eta aurrera joan ziren gauza asko», azaldu zuen Mendigurenek berak Gabiriako Makilari herri aldizkarian, 2012ko apirilean. Bera ikastetxe hartan ibili zen ikasten haur zela, 1955-1956 ikasturtean.
Lehenengo barnetegia
Unibertsitatean ikasten kanpoan zebiltzan gazte batzuek eskatu zieten euskara ikastaroa antolatzeko. «Esperientzia oso berezia izan zen». Hamabost-bat eguneko programa prestatu zuen.
Frankismoa zegoen, eta Gobernu Zibilaren baimena lortzea izan zen lehen ataka. «Juan San Martinek eta biok Oltra Molto gobernadorearekin hitz egitera joan behar izan genuen baimen hori lortzeko; ez zigun idatziz eman, ahoz baizik. Berarekin ia arratsalde bat pasatu genuen kontu-kontari eta berriketan. Eta hasi ginen ikastaroa egiten». 1968ko uztailaren bukaeran hasi zen.
Madrilen edo Zaragozan urtea igarotako gazte euskaldunak ziren hartzaileak. Baita Balentxi apaiz famatua ere, tartean. Neska eta mutil ziren, hamabosten-bat guztira kopuruz. «Barnetegi baten funtzionamendua egiten genuen. Prestatu genuen material ugari, fotokopiak –orduan zikloestilatu egiten ziren–, eta hainbat ariketa, metodologia aktiboa. Bertan prestatzen genituen bazkariak, eta bertan lo egiten zen. Giro ona zegoen».
Aurretik halako esperientziarik ez zen inon izan euskara ikasteko. «Gure ustez Euskal Herriko lehenengo barnetegia izan zen», zioen ezkiotarrak.
Israelgo kulgam edo kibutzetan egoten ziren hebraiera ikasteko eskolak hartu zituzten eredutzat. «Garai hartan modan jarri ziren murgiltze sistema batekin hizkuntza ikasteko ikastaroak». Aita Berriatuak, hango jakintza ekarrita, euskara eta batez ere gramatika ikasteko metodo moderno, aktibo eta errazago bat prestatu zuen, Euskalduntzen izenekoa, Euskaltzaindiaren babesean.
Gutxi iraun zuen barnetegiak. ETAk Meliton Manzanas polizia torturatzailea abuztuaren 2an hil zuen, eta salbuespen egoera ezarri zuten Gipuzkoan. Gobernadoreak berak hots egin zien Mendigureni-eta, halako egoeran ezin zela egin, eta ikastaroa eteteko.