Goieki Goierriko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker eta eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean, abian jarri duen ‘Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza’ proiektuaren helburua da Goierriko gizarte eta eskualde kohesioa hobetzea.
Goierriko gizarte eta eskualde kohesioa hobetzea. Horixe lortu nahi du Goieki Goierriko Garapen Agentziak Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektuaren bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bati esker abian jarritako egitasmoa da, eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean. Pertsona guztien enplegagarritasuna hobetzea du helburu proiektuak, salbuespenik gabe.
Izan ere, egoera ahuletan edo behartsuetan dauden pertsonen kualifikazioa hobetzea bultzatu nahi da proiektuarekin, identifikatutako kolektibo horien —batez ere gazte eta atzerritarren— arraila eta gizarte bazterketa saihestuz. Goiekiren ikuspegitik, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak eta alternatibak eskaini behar dira, gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden kolektibo horiek gizarteratu eta laneratzeko.
Gizarte kohesioa
Eskualdean egin diren azken lan merkatu azterketak gainbegiratuz gero, deigarria da langabezian dagoen gehiengoaren profila eta egin diren kontratazioen arteko hutsuneak. Goierrin langabezia tasa txikia den arren (%7,70), egoera horretan dagoen kolektiboa oso urrun dago lan munduak eskatzen dituen profiletatik. Langabeen multzo handienak biltzen dituen ezaugarriak hurrengoak dira gaur egun: 45 urtetik gorakoa, zerbitzu sektorean lan egiteko interesarekin eta lehen mailako ikasketak soilik amaituak dituena. Aldiz, azken hiruhilekoko kontratuen %53 industria sektoreak gauzatu ditu, eta horiek goi mailako ikasketak dituzten pertsonak aukeratzen dituzte. Langabezia egoeran dauden pertsona horiek lan munduan integratzeko helburuarekin jartzen dira martxan ekimen hauek.
Zerbitzu anitzak
• Lorezaintza formakuntza. Dagoeneko amaitu berri da Lorezaintzan egindako prestakuntza. Fraisoron arlo teknikoa ikasteaz gain, Goierri Eskolan konpetentzia digitalen modulu bat ere egin dute, baita zeharkako hainbat konpetentzia landu ere. Amaieran jasotako emaitza positiboek aurrera egiteko bultzada eman diete antolatzaileei.
Beraz, lan munduan langabe gehiago integratzeko helburuarekin hurrengo hilabeteetan zehar alor ezberdinetako beste bi formakuntza tailer jarri dira martxan.
• Ehun eta larruzko arropa artikuluen konponketa ikastaroa. Alde batetik, ehun eta larruzko arropa artikuluen konponketa ikastaroa dago. Sarea Fundazioa (Caritas) arduratzen da arlo teknikoa zuzentzeaz. Bertan, ehungintza zaletasun bezala duten pertsonei beren aisialdiko lanak ofizio bihurtzeko aukera emango zaie, lan zentzu industrialago batera bideratuz eta enpresen errealitatera egokituz. Urriko lehen astean eman diote hasiera proiektuari eta martxora bitarte ibiliko dira ehungintzarako modulu ezberdinak lantzen.
Prestakuntza honetan hainbat moduluen bidez ehungintza industrialera bideratutako gaitasunak eskuratuko dituzte. Ehun eta larruzko artikuluak konpondu eta moldatzen ikasiko dute, jantzigintzako materialak, erremintak eta ekipoak prestatzen, arropa eta etxeko arropa konpontzen. Gainera, egokitzapenak egiten eta jantziak pertsonalizatzen ere ikusiko dute; eta azkenik, zerbitzuetan bezeroari arreta emateko jakintzak bereganatuko dituzte. Formakuntza horren barruan, partaideek 390 orduko lanketa egingo dute guztira, beren profil profesionala garatuz. Azken hilabeteetan ikasitako guztia enpresetan nola aplikatzen den ikusteko aukera izango dute, partaide guztiek 4-6 astez enpresa ezberdinetan praktikak egiteko aukera izango dutelako.
• Gainazal eta altzariak garbitzeko prestakuntza. Bestalde, gainazal eta altzariak garbitzeko prestakuntza ere abiarazi da. Formakuntza hori Lanbidek homologatua duen lehen mailako ziurtagiri profesional bat da, Gurutze Gorriak koordinatuko duena. Ehungintzako formakuntzaren antzeko metodologia du, eta hainbat moduluz osatua da. Eraikin eta lokaletan gainazalak eta altzariak garbitzen modulua emango dute, eta horrekin batera zeharkako gaitasun ezberdinak landuko dituzte. Hizkuntza prestakuntzarekin hasiko dira, eta formakuntzan zehar enplegurako oinarrizko gaitasun digitalak landuko dituzte. Behin formakuntza teorikoa bukatu eta gero, gaitasun soziolaboralak landuko dituzte; ondoren egingo duten lanketarako erabilgarria izango zaie. Parte hartzen duten pertsonek 80 orduz eskualdeko enpresa ezberdinetan praktikak egingo dituzte ikasitako guztia lantzeko.
Aurretik aipatutako oinarrizko ikasketak dituzten pertsonentzat ate asko zabaltzen ditu titulu horrek. Izan ere, titulu hori eskuratzen dutenek hezkuntza sistemako erdi mailako ikasketetan sarbidea izango dute ikasten jarraitu nahi dutenek. Eta bestetik, lan munduan ziurtagiri hori izateak ere asko laguntzen die lana aurkitzeko garaian.
• Jarraipen pertsonalizatua. Orain arte lortutako emaitzen arrakasta uneoro pertsona erdigunean jartzearen ondorio da. Jarraipen bilerak egiten dira partaideekin, eta beraien beharrak gertutik ezagutzeaz gain, beren egunerokotasunean erabilgarri eta aberasgarri izango zaizkien aukera guztiak aurkezten zaizkie.
Aukera horien artean daude gaur egun lanketa irekia duten bi programa. Alde batetik, Emaktiva programa dago. Emakumeentzat bideratutako lan-aktibazioko programa bat da, enplegua bilatzen espezializatutako ibilbideak garatzeko laguntza eta orientazioa eskaintzen dutena. Bestetik, abenduan zehar, Goierri Eskolak bigarren mailako konpetentzien kurtsoa eskainiko du identifikatutako pertsonen profil profesionala garatzeko helburuz.