Mikel Alvarez • Beasain
Hamabost urte igaro dira Beasaingo puben tabernetako batean lau lagun Jazpana jaialdia izango zenaz hitz egiteko bildu ginen lehen egunetik. Hamabost, azkar esaten da, eta azkar igaro dira. Asmoa, gure neurrira eginiko kultur-ekitaldiz umezurtz sentitzen genuen herrian musikaz harago joango zen jaialdi bat antolatzea zen. Txikian pentsatzen hasi ginen, baina gaztetasunak (edo berezko inkontzientziak) bultzatuta, bururatzen zitzaigun edozer gauza eskuetatik joaten zitzaigun etengabe.
Argazkilaritzarekin lotutako zerbait nahi genuen, eta urtean zehar erakusketa-kontzertu baten antolakuntza ekartzen zuen argazki rallya asmatu genuen. Skatearekin lotutako zerbait ere nahi genuen egitarauan, eta Gernika Pasealekuko frontoia beste herri batzuetatik ekarritako ranpez betetzen zuen txapelketa antolatzen amaitu genuen. Saskibaloia ere gustatzen zitzaigun, eta kamioi zahar batean Donostiara joaten amaitu genuen urtero, Gipuzkoako Federazioak biltegi batean zituen saskien bila.
Musikarekin antzeko zerbait gertatu zen. Talde asko bildu nahi genituen karpapean, eta hori posible egiteko, bi eskenatokiko plaza bat pentsatu genuen. Nola ez, bakoitza bere soinu ekipoarekin. Burutik geunden… Delorean, El Columpio Asesino, Retribution Gospel Choir, Nueva Vulcano, Toundra, The Connection, Viva Belgrado, Inoreneroni, Izaki Gardenak, TAB, Audience, Guadalupe Plata, Willis Drummond, Belako, Obits, Anari, Vulk… Zerrenda amaiezina da, 2008an hasi eta 2018ra iritsi baizen jaialdia.
Indarra
Antolakuntzako kide batek, gainontzekoek baino sen arrunt gehiago antza, etengabe errepikatzen zuen jaialdia ez zela bideragarria epe ertain-luze batean, desgaste pertsonala handiegia zelako. Arrazoi zuen. Batzuk utzi genuen, eta beste batzuk sartu ziren, baina ez ziren nahikoa izan. Hau idazten ari naizela, denborak eskaintzen duen talaiatik, sinestezina egiten zait lehen egunetik, eta azkeneraino, jaialdiaren antolakuntzan egon zirenen indarra. Ez dut uste herri honek sekula itzuliko dizuenik egin zenuten guztia. Mila esker.
Eskerrak ematen hasita, bada antolakuntzatik kanpoko pertsona bat ere, ahaztu gabe, nabarmendu beharko genukeena. Zorakeria hau ez litzateke posible izango Udaletxean gu bezain zoratuta zegoen zinegotzi bat egon izan ez balitz, mila mila esker, Julene. Zu ere Jazpana zara.
Oroitzapenetan murgiltzen hasita, malkoak ere agertzen zaizkit begietan, Jazpanaz ari bagara, lehen bilera hartan egon zen Imanolez ere gogratzen bainaiz. Faltan botatzen haugu.
Kontuak kontu, oztopoak ere izan genituen, lagundu beharrean, jaialdiaren biziraupena arriskuan jartzen zuten jarrera instituzional ulergaitzak. Gerora, jaialdien eta katxeen burbuilak etorri ziren… eta bai, Jazpana ere joan zen.
Hala ere, oraintxe, argazki hau ikusi eta hau idaztean, jaialdiak eman zigun gauzarik ederrena gailentzen zait buruan beste guztiaren gainetik. Zein lagun onak egin genituen, eta zenbat barre. Barre asko, ezin duzue imajinatu ere egin.