Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Arropa ekartzen joan naiz gurasoen etxean daukadan logelako armairutik Bilboko etxera. Hasieran erdibana nuen, baina dagoeneko bi praka, alkandora bat eta hiruzpalau kamiseta baino ez dira geratzen bertan. Beti atsegin izan dut etxe hartako nire logela, gauza asko nituen ingurua txukun eta eder izateko. Lau pisuko tiraderan koadernoak eta paper pila bat neuzkan, eta hori ere Bilbora ekarri nuen eduki eta guzti. Paretan zeuden bi koadro ere ekarri nituen, han inork ez zituen begiratzen, baita lanpara txiki bat ere, hemen gehiago erabiliko dut.
Denborarekin, eta gurasoen oniritziarekin, mahaia ekartzea erabaki nuen. Ez zen batere erraza izan desmuntatu eta kotxean sartzea, ez pentsa, ez zen Ikea-ko mahai ziztrin horietakoa. Hura kentzean, ordea, konturatu nintzen beti alboan izan duen apalategia mahaiari lotuta zegoela, beraz hura ere ekarri behar. Beranduago hartu nituen paretako hiru apal luze, paperezko lanpara, koadrodun ohegainekoa eta alfonbra txikia.
Gurasoenetik ekarritako gauza guztiak nire etxean daude orain, logela batean sartuta. Kasualitatez, neurri antzerakotsua duen gela dago etxe honetan eta dena bertan sartzen joan naiz. Saiatu naiz altzari eta dekorazio guztiak behar bezala ipintzen: Urretxuko logelan zeuden moduan kokatu ditut. Aurrekoan kafesne koloreko pinturaz margotu nituen paretak eta orain bai, Bilboko logela Urretxukoaren berdin-berdina da, logela bera.
Aurreko astean, txango batetik bueltan, bikoteak esan zidan kotxean «Miriam, ez zara konturatzen nolako keinu zentzugabea egin duzun logelaren kontuarekin? gauza batzuek dagokien lekuan geratu behar dute, eta kito». Kortezubitik bueltan ginen, Omako baso berria bisitatu baikenuen. Zaharra ez, berria, zuhaitzen gaixotasun bat dela eta metro batzuk harago bikoiztu berri duten hori.