Osagaiak
- 12 zerba (azelga)
- Ziazerba (espinaka) sorta
- Tipula handi bat
- 2 baratxuri ale
- 50 gr. gurin
- 50 zl. oliba olio
- Liro 1 esne
- 2 arrautza
- 100 gr. irin
- Gatza
Prestaketa
Lehenik zerbei hosto berdea kendu behar zaie, penkak edo orri-mamiak bakarrik erabiliko baititugu. Orri-mamien ertzetako azaltxoak kendu eta limoi erdi batekin igurtzi, egostean beraien kolore zuria mantentzeko.
Urez beteriko lapikoa sutan irakin gatz pittin batekin. Orri-mamiak 20 bat minutuz su biziz irakin. Jarraian ur hotzetan freskatu eta gorde.
Ziazerba hostoak minutu batez egosiko ditugu. Ondoren atera, ondo lehortu eta puska txikietan moztu.
Ziazerba bexamela
Gurina eta olioa lapiko batean jarri, bertara tipula xehatua gehitu eta goxatu 15 bat minutuz. Irina nahastu eta etengabe irabiatuz esne beroa pixkanaka gehitzen joan. Gatz pixka bat bota eta bost minutuz irakin nahasteari utzi gabe. Ziazerba gehitu eta hozkailuan hozten utzi egun batez.
Orri-mamiak bete
Orri-mami xaflei bexamela gainean banatu eta estalki moduan beste xafla bat jarri. Orri mamiak irin eta arrautza irabiatutik pasa eta frijitu. Atera ondoren, olio soberakin guztia kendu eta zerbitzatzeko prest daude. Laguntzeko pikillo piper saltsa bat ezin hobeto dihoakioke.
Iker Markinez / Kaxola
Sukaldaritzako ibilbide oparoa du Iker Markinez Munduatek, inguruko zein urrutiko jatetxe ezagunetan formatua, azken 21 urteetan Ormaiztegiko Kuko jatetxeko nagusia eta sukaldaria izan da. Gaur egun Beasaingo Kaxolan du ardura eta zeregina.
Kaxolaren proiektuak, kalitatezko sukaldaritza eta etxera prestatuta eramateko jakiak lotzen ditu, bertako obradore edo sukaldean mimo handiz landuak denak ere.
Garaiko eta ahalik eta gertueneko lehengaiak dira abiapuntua. Lehen sektorearekiko konpromisoa ere bai. Ekonomia zirkularra sustatuz, gaurko gizarte erritmoan, etxeko egunerokotasuna erraztea ere badute helburu.
Asmoa sinplea da: etxera eraman, jan eta gozatu. Baina produktu bakoitzak bere atzean, eskulana eta sorkuntza ditu.