Ataunen landu duten proiektuarekin, jakintza-arlo ugari kateatu dituzte Aralar aurreko egitura geologikoaren inguruan. Hasi lurraldearen genesitik, formazio eta bilakaeratik segi, eta giza eta natura kulturetaraino.
Goierrik duen museo eta interpretazio zentro aukera aberatsaren artean, badira lau hormaren artean etsitzen ez duten erakusgarri eta balioak. Bi parke naturalen eta kontserbazio eremu bereziko gune andaren habia da eskualdea, eta, bere horretan, naturaren erakusleiho paregabea. Bisitariei –goierritarrengandik hasita– zer dagoen erakusteko irrikaz zerrendara gehitu duten azkeneko proiektu turistiko-kulturala Ataungo Domoarena da. Geologiaren museo erreal eta atzigarria, Aralarko goi mendien aurre-aurrean prantatutako mahai baten gisan, 120 milioi urteko ibilbidearen egitura da.
Lehenengo eta behin: askok uste dezaketenaren aurka, ez da barrua hustutako sumendi bat. Geologiaren hastapenetara joan behar da domoaren sorkuntza ulertzeko. «Domoaren koroa formako egiturak sumendi baten galdara gogorarazten du, baina ez da hala. Sumendiak erupzioen ondorioz sortzen dira, eta Ataungo Domoa prozesu sedimentario eta teknikoen bidez eratu zen», esplikatzen du Ataungo Udalak argitaratu berri duen Ataungo domoa, geologiaren bidez gure herria ezaguteko abentura bat liburuak. Garazi Auzmendik idatzi du, eta Nia Schamuellsen ilustrazioekin apainduta dator.
Ataungo udal barrutiaren zati ondroso bat hartzen du domoak. 15 kilometro koadroko zabalera du, herri osoaren lurrazalaren laurdena pasatxo (58,37 km koadro da Ataun, guztira). Eta bertan daude herriko gailurrik altuenak, ia mila metroraino goratutakoak: Sarastarri (995 m), Agautz (975 m)…
Duela 120 milioi urte, itsasoan
Ataun eta Goierri bi plaka tektonikoren arteko itsasartean, itsasoko urpean zeuden orain dela 120 milioi urte. Proto-Iberiar plaka Europar plakarengandik aldentzen ari zen, eta sakonera txikiko itsasoa sortu zen koordenatu hauetan: ur epelak eta tropikalak ziren. Karbonatoz osatutako maskordunak eta hezurdura zuten organismoak ziren orduko goierritarrak; kurioski, oraindik mendi goietan agertzen diren fosiletan geratu zirenak.
Egoera duela 50 milioi urte hasi zen iraultzen. Plakek mugimendu-norantza aldatu zuten, eta elkarganatzeari ekin zioten. Plaka iberiarrak talka egin zuen europarraren aurka, orduan. Hainbesteko bultzada-indarra zeukan mugimendu tektoniko hark, ezen orogenia alpetarra deritzon fenomenoa eragin baitzuen: Pirinioak eta Euskal Herriko ia mendi guztiak sortu ziren, bi plataforma sendoren artean goranzko indarrek erdigunea altxatuta, lehenago lurrazal laua zena ximur-tolestuta.
Lehen urpeko geruza lauak zirenak, mendi modura goititu ziren, burua uretatik aterata. Goierrik argia ikusi zuen. Orain dela 2,6 milioi urte utzi zion Ataungo lurraldeak goratzeari, indar tektonikoak moteldu zirenean. Gaur egungo paisaia hasi zen ernetzen.
Domoa jaiota zegoen, eta higadurak egingo zuen gainerakoa, uraren abildade zizelkatzailearen poderioz. «Ura izan da domoa modelatu duen eragilea, eta hala izaten jarraitzen du. Izan ere, domoa inguratzen duten kareharriak zulatuz, sedimentu tupatsuak kanporatu eta nukleoa hustuz sortu da gaur egun Ataungo Domoa deitzen duguna», azaltzen du liburuak.
Beste arlo askoren sorburu
Aitzarte eta Kobatxo dietzen diren bi errekaren bidez kanporatu da, denboraren joanean, barrualdeko sedimentu guztia. Dena ez zuen urak eraman, noski. Domoaren ingurumaria zehazten duten kareharrizko haitzak, higatzeko eta disolbatzeko gogorragoak izaki, koroa formarekin geratu ziren.
Domoa den museo naturalak geologiaz eta orogeniaz aparte, gehiago ere irakasten du. Naturak berak jarraitu zuen, batetik, orain ondare natural bezala ulertzen diren egiturak eta barrunbeak egituratzen. Urak eta hidrogeologiak karstifikazio prozesua eragin dute. Formula hauxe zuen: CaCO3 (kareharria) gehi H2CO3 (azido karbonikoa, aldi berean, H2O uraren eta CO2 karbono dioxidoaren emaitza dena), berdin Ca(HCO3)2 (kaltzio bikarbonatoa, uretan disolbagarria).
Eta formula horren ondorio dira Ataungo Domoan eta Aralar osoan horren ugariak diren barrunbeak, leizeak, troskak eta kobak. Ur biltegi natural eta berebizikoak ere badira, bien bitartean. Euritan lur azalean eroritako ura lurpera xurgatu, poliki-poliki arrokaren mikroporoetan barrena beheratu, eta eremu freatikoan pilatzen da. Ezin konta ahala akuiferok iturburuetatik isurtzen dute bizigaia. Aitzarte, Kobatxo eta Aiaiturrieta dira domoan jaiotzen diren erreka nagusiak. Agauntza elikatzen dute beherago guztiek, eta Oria gero.
Aitzarte errekak, bere aldetik, Arratetako arroila sortu du. Aiaiturrieta da, bestalde, iturburu garrantzitsuenetakoa. Aralarren eta domoaren hegoaldetik bildutako urak ateratzen dira, ataundarrek edateko erabiltzen dutena. Aiaiurrietako iturburuan, emari handia dagoenean, metro gutxira dagoen Ubeizuloko kobatik ere ateratzen da ura.
Giza esparrura etorrita, hamaika jakintzagai hornitzeko lain eman du domoak. Paleontologia, arkeologia, toponimia, mitologia eta etnologia, gutxienez, lantzeko tokia bilakatu da, baita biodibertsitatearen eta kontserbazioaren beharra adierazteko ikasgela ere.
Ikerketa zientifikoa 106 urtean
1917ko udan hasi zen Aralarren ikerketa zientifikoa, bere horretan ulertuta. Joxe Migel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren trikuharrietan aurreneko kanpaina arkeologikoa egitera igo ziren. Ezinbestean, leizeetara hedatuko zen berehala jakin mina eta ikas gogoa. Juan Arin Dorronsoro ataundarrak lan handia egin zuen domoko eta handik aurrerako kobak aurkitzen eta katagolatzen. 416 bildumatu zituen. Baita leku-izenak jasotzen ere: 8.700 toponimo. «Tokian bertan datuak bildu eta bakoitzaren deskribapen zehatza egiten zuen».
Fosilen emana da agortzen ez den beste ikergai bat. Iraganeko izaki bizidunen aztarnek duela 120 milioi urteko inguruaren informazio asko ematen dute. Errudistak, gasteropodoak, bibalboak eta koralak daude domoko kareharrietan nahasian. Korronte handiagoa non zegoen adierazten dute leku horietan itsasten ziren koral masiboek; korronteetatik toki babestuagoen adierazle dira koral adarkatu finak, errudista monopleuridoak edo polikonitidoak; eta sedimentuak pilatzen ziren guneak mugarritzen dituzte monopleurido bertikalek nahiz errekienido etzanek. «Errazen antzematen diren fosilak errudistenak dira», argitzen du liburuak, ataletako batean.
Fosil berriagoak ere aurkitu dituzte domoko leizezuloetan. Pleistozenoko (2,6 milioi urtetik duela 11.700 urtera arteko aroa) baso haietatik otso, orein, basahuntz, sarrio, haitzuloetako lehoinabarra (Panthera pardus spelaea, duela 35.000 urteko bi buruhezur topatu zituzten Allekoaitzen) eta haitzuloetako hartzaren hezurrak geratu dira. Hartza (Ursus spelaeus), adibidez, espezie oso ugaria zela aditzera ematen dute Troskaetako haitzuloetako aztarnek: duela 55.000-94.000 urte bitarteko epeo 5.000 fosil inguru atera dituzte handik.
Orainaldiaren erakusketa ere bai
Baina guztia ez da iragana eta fosila Ataungo domoan. Biodibertsitate oparoa aurki daiteke gaur egun ere. Goierrin horren urriak diren artadiak daude, esate baterako. Are gehiago: domoko baso garrantzitsuena artadi kantauriarra da. Klima mediterranearrean ugariagoak dira; hargatik, hegoaldera edo hego-mendebaldera etzandako magaletan egon ohi da artea (Quercus ilex ilex), ahalik eta eguzki-irradiazio gehieneko lekuetan.
«Ataungo artadiak uhartetzat har daitezke, klima ozeaniko edo atlantikoa nagusi den eskualde batean daudelako». Kareharrizko zoruan daudenez, nahiz eta euri asko egin, ura berehala sartzen da sakonetara. Lehorrak izan ohi dira artadien lurrak, hargatik.
Nartzisoa ateratzen da Agautz mendiko larreetan. «Domoko habitat harritsuak zenbait landarerentzat intereseko bizilekuak dira. Rhamnus generoko bost espezie aurki daitezke bertan».
Fauna aldetik, espezie asko katalogatu dira domoan, barrunbeak behar dituztenez, hibernaziorako eta ugalketarako. Udazkenean, swarming deituriko fenomenoa ere erregistratu dute: saguzar espezieak leizezuloetan elkartzen dira, estalketarako. Sai zuria, sai arrea, Quimper barraskiloa, hontz handia, belatz handia eta sasieskorpioia (Neobisium spp.) dira adituek nabarmendu dituzten beste animalia mota batzuk.
Gutxienez 27.000 urteko ‘etxea’
Giza aztarnarik zaharrenak duela 27.000 urtekoak dira. Usategiko koban aurkitu dira suharrizko piezak. Bereziena Isturitz motako azagai edo animalia-hezurrean landutako punta bat da, Goi Paleolitikoko Homo sapiensek eginak. «Ikerketek iradokitzen dute Usategi hegoalderantz joateko pasoko leku bat izan zela, Urbasako suharri-hobietara bidean».
Gizakien hondakinak ere atera dira Pikandita, Limurita, Arrateta, Azarikobatxo II eta Kobazar haitzuloetan. Orain dela 7.000 urte ehortzitako gorpuen hezurrak, zeramika zatiak eta erremintak azaldu dira.
Milioika urteko bilakaeraren museo bizia eta irekia da, domoaren hormek inguratutakoa, guztiaren ikasgela.
Bost ibilbidetan jaso daiteke ezagutza guztia
Ataungo Udalak udazken honetan argitaratu duen liburua, ikus-entzunezkoa eta Interneteko baliabideak oinarrizko informazio-iturri dira domoari buruz gehiago jakiteko. Baina, paperetik harago, esperientzia bizigarria izateko helburua du, eta, zer hobeto, domoa osatzen duten ekosistema eta paisaje ugarietara joatea eta bertatik bertara ikustea, sentitzea, jabetzea baino.
Bost ibilbide zehaztu dituzte, horretarako. Lagungarri dira seinaleak, informazio-oholak eta QR kode bidez goian aipaturiko edukietara iristeko jarri dituzten baliabideak.
Agauzko ibilbideak laburbiltzen du ondoren domoaren inguruan zabaldu nahi duten jakintza. Ataungo hiru auzoetarik bakoitzetik igo daiteke Agautz gainera. Domoaren goitiko begiraleku pribilegiatua da, norbere begiz formazioa ikusteko eta ulertzeko estradua.
Aiaiturrietako ibilbidearekin lotu daiteke. Uraren eta hidrogeologiaren arloa ukitzen du eskaintza horrek. Olata-Erremedio aukera ere domoan barneratzen da.
Kanpotik ere ikusgarria da domoa. Dorrontsoro eta Atxurbide gainetatik ikusmira eskaintzen dute beste bi ibilbidek. Ataunturismoa.eus webgunean dago bost ibilbideen informazioa.