Estitxu Sudupe Belloso (Urretxu, 1974) UGA euskarazko disko musika proiektuan egin zen ezagun. Donostiako Orfeoian ere abestu zuen. Egun Kursaaleko operazio burua da. Baratzea gustuko du, babarrunak ekoizten ditu eta Tolosako Babarrun elkarteko lehendakaria da. Azaroaren 18an urteroko festa egingo dute Tolosan.
Nolatan baratze zaletasuna?
Txiki-txikitatik dut nekazaritza zaletasuna. Amamarekin aritzen nintzen (Joxepa Zaldua). Haurrak jaio zirenean baratze mundura itzultzeko grina piztu zitzaidan, beraien elikadurak asko kezkatzen baininduen. Hori dela eta, nekazaritza ekologiko ikastaro batzuk egin nituen Fraisoron eta kontsumo talde batean sartu nintzen. Ondoren, nire baratzea erostea erabaki nuen eta produktu ekologikoak ekoizten hasi nintzen. Tolosako Babarruna elkarteak kide berriak behar zituen eta babarruna beti gustatu zaidanez, oso elikagai konpletoa baita, sartzea erabaki nuen. 2017tik Tolosako Babarruna elkarteko kidea naiz.
Zure baratzea, berriz, Santa Barbarara bidean dago.
Sail baten bila ibili nintzen eta azkenean hau erosteko aukera suertatu zen. Bizitza sozial ikaragarria dut, errepide ondoan baitago. Baratzea nire gimnasioa eta psikologoa da, bizitza soziala egiteko aukera ematen dit eta, gainera, nik ereindakoa eta inongo pestizidarik gabe zaindutakoa jateko aukera ematen dit. Oso pozgarria da.
Zer ereiten duzu?
Urretxun babarrunak eta mugurdiak ditut. 2019an sail bat alokatu nuen Tolosan eta bertan babarrunak ditut. Tolosako Babarruna zigiluarekin Gipuzkoa guztian ekoitzi daiteke. Urretxuko babarrunek ere Tolosako Babarruna zigilua dute. Tolosako Babarruna ekoizteko elkarteko kidea izan behar zara eta urtero elkarteak saltzen dizun hazia erabili behar duzu. Haziak elkarteari erosten dizkiogu eta ekoizpena elkarteari saltzen diogu.
Zenbat lagun zaudete elkartean?
45 gara. Babarrunak %13ko hezetasuna baino gutxiago duenean, elkartera eramaten dugu. Bertan, aletu egiten da eta galbahetik pasatzen da. Ondoren, mahai batetik pasatzen dira eta langileek kalitate gorenekoak bakarrik aukeratzen dituzte. Zatarrak, hautsiak… baztertu egiten dituzte. Kalitate gorenekoak poltsaratu egiten dira eta 24 orduz izoztu egiten dira gurgurioa hiltzeko. Gurgurioak lekan arrautza jartzen du eta jaiotzen direnean babarruna jaten dute. Zulatu egiten dute. Hori ekiditeko, babarrunak izoztu egiten dira. Hala, arrautzak hiltzen dira.
Elkartean goierritar gehiago ba al daude?
Bai. Lazkaomendiko Iztueta Garakoa baserrikoak, Legorretako Toki Ederrekoak, Ataungo Sukikoak eta Zeraingo Otatzakoak.
Elkarteko lehendakaria zara. Zein da zure ardura?
Zuzendaritzako gainontzeko kideekin eta kudeatzailearekin lan egiten dut. Jende gaztea erakartzen saiatzen gara, ekintzak antolatzen ditugu…
Zenbat langile dituzue?
Urte osoan lan egiten duen bakarra kudeatzailea da. Kanpainan beste lau pertsona kontratatzen dira. Babarruna galbahetik pasa eta kalitate gorenekoak aukeratzeaz gain; izoztu eta poltsaratu egiten dituzte. Poltsa bakoitzak dagokion ekoizlearen zenbakia darama.
Zer egiten duzue Tolosako babarruna ezagutzera eramateko?
Roberto Ruiz sukaldariarekin argazki batzuk ateratzen ditugu kanpainaren hasieran. Azaroan festa bat egiten dugu Tolosan. Aurtengoa azaroaren 18an izango da. Ekoizleen arteko «lehia» bat egiten dugu. Ruizek eta bere lan taldeak ekoizle guztien babarrunak sukaldatzen dituzte eta ondoren epaimahaiek babarrun onena aukeratzen du. Babarrun jana ere egiten da, noski.
Babarrunak lan handia ematen al du?
Apirilean lurra prestatzen hasten gara: buelta eman, apur bat ongarritu… Ez dugu asko ongarritu beharrik, babarrunak urtetik urtera nitrogenoa uzten baitu lurrean. Horrek lurra hobetu egiten du. Maiatzaren amaieran erein egiten dugu. Traktorearekin plastikoa jarri, erein, haga jarri eta hagen artean sarea jarri. Babarruna, bera bakarrik, korapilatu egiten da. Astero zenbat jaio diren begiratu behar da, kaleak garbitu behar dira… Urrian biltzeko garaia heltzen da. Batzuetan ia denak jasotzeko prest egoten dira. Aurten ez da hala izan. Abuztuan sekulako beroa egin zuen eta lore asko erori egin ziren. Bizirik gelditu zirenek beraien prozesua jarraitu zuten, baina handik hiru bat astera landareak berriro lore batzuk bota zituen. Hala, batzuk dagoeneko jaso ditugu eta beste batzuk egunotan jasotzen ari gara.
Zenbat babarrun ekoizten duzu?
500 bat kilo urtean. Elkarteak, 20 tonatik gora. Euskal Herrian saltzen dugu batez ere. Otsailerako poltsak agortu egiten dira.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ekoizle gazteak behar ditugu. Jendea animatu nahi dut. Elkarteko ateak zabalik daude.
Klima aldaketaren beldur al zarete?
Hemengo betiko eguraldia behar dugu. Euri gutxiago egiten badu, orain arte ez bezala, babarrunak ureztatu egin beharko ditugu.
Zerk egiten du berezi Tolosako babarruna?
Beltzak da eta puntu txuri bat du. Eta egosterako orduan gainontzeko babarrunek baino saltsa lodiagoa egiten du.