Hiru piper berde, tipula erdi bat, kalabazin erdi bat, bi baratxuri ale, duela astebeteko txanpiñoi zahar batzuk, eta hozkailutik atera, usaindu, eta ontzat jo berri duen ahuntz-gaztaren hondarrak. Sukaldeko mahaiaren gainean utzi du oro. Berriz bueltatu da hozkailura, eta geratzen zen kartoizko arrautza kaxa bakarra ekarri du eskuetara: lau arrautza. Justu behar zuena.
Leihoaren ondoan pilatutako gainerako kaxen gainean kokatu du arrautzena. Egunero-egunero erabiltzen duen labana handi bakarra hartu du harraskaren ondoko garbitu-berrien pototik. Eguerdian erabilitako egurrezko taula mahaian zegoen; ez da asko zikintzen inoiz, uretatik pasa eta listo. Mahaian utzi ditu lau arrautzak. Egunero-egunero erabiltzen duen zartagin handi bakarra hartu du suaren ondoko apaletik. Olio-txorrotada bat bota dio, eta berotzen jarri du. Barazkiak ebaki ditu banan-banan, grazia askorik gabe: tipula moztu, zartaginera; baratxuriak, piperrak, kalabazinak moztu, zartaginera. Harraskan hondoratu ditu taula eta labana. Eta egurrezko koilara handi batekin, zeina egunero-egunero erabiltzen baitu orori bueltak emateko, barazkiak nahasi ditu pixka bat. Sei minutu pasatu direnean, txanpiñoiak hartu ditu esku zikinekin, eta, hatzekin indarka, hainbat zati eginez, barazkiekin batera jarri ditu sutan. Leihotik begiratu dio euriari, egin bitartean. Erre egin dira barazki batzuk, eta ur pixka bat bota die. Aspertu denean, arrautzak kraskatu ditu zartaginaren ertzaren kontra banaka-banaka. Egurrezko koilararekin beste buelta batzuk eman, eta listo, prest. Arrautza-oskolak olio-potoaren ondoan geratu dira. Platera batera jaurti du janaria, eta sua itzali du. Bertan utzi du zartagina.
Sardexka bat hartu du, eta salara abiatu da. Ez du inoiz sukaldean afaltzen. Salako mahaitxoan kokatu du platera, bezperatik han zegoen urez betetako edalontziaren parean, eta telebistari pizteko agindu dio. Pantailak pizten tardatu duen hiru segundoetan, telebistaren gainaldeko apaleko familia-argazkira zuzendu ditu begiak: aita, ama, ahizpa, koinatua, senar ohia, alabak, ilobak, denak poz-pozik, PortAventuran. Pentsatu du familiek familia-argazkiak jartzen dituztela etxeko apaletan ispiluak baino gehiago, etxekoek imajina dezaten gertatzen ari denaren isla dela argazkiek erakusten dutena; zoriona beti. Ze telebistak pizten hiru segundo baino gehiago tardatzen duenean, neguko astearte iluntze euritsu batean, pantaila beltzaren islak erakusten duen aurpegi ozpindua, tristea, ez du inork ikusi nahi.