Nagore Ozerinjauregi Beldarrain. Psikologian doktorea. Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Esti Amenabarro Iraola. Pedagogian doktorea. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Hainbat familia testuingurutan, telefono mugikorra eskuratzea, hezkuntza etapa berri baterako trantsizioarekin lotzen da, eskola sisteman aurrera egiteak, etapa aldaketek berez eragiten duten beldur eta urduritasunak, konpentsatzeko. Familia gehienetan eromena eragiten duen galdera hauxe da: noiz eskuratuko dut mugikorra? Esan gabe doa, galdera honen bueltan guraso-nerabeen arteko harremanek forma eta adierazpen desberdinak hartzen dituzte. Honela, mugikorraren lorpen adina atzeratzeko ahalegina familia askoren borroka partikularra bihurtzen da. Ikusten ari gara eremu pertsonaletik plaza publikora, kolektibora atera dela eztabaida hau, Beasainen, Lazkaon, Tolosan, kasu.
Globalizazioa eta bere galbahetik datorren garapen teknologikoa etenik gabeko prozesuak dira eta testuinguru sozial gero eta konplexuagoetan kokatzen gaituzte. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT), informazioaren tratamendurako eta haren transmisiorako gailu sortak osatzen dute eta haien presentzia oso nabarmena da, baita eskolan ere.
Eztabaida konplexua da eta iritziak ere askotarikoak. Hezkuntzaren eremuan mugikorrek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari zer nolako ekarria egin diezaiokete? Manuel Castells pentsalari kritikoak telefono mugikorrek komunikazio multimodalerako aukera paregabea eskaintzen dutela pentsatzen du, edonondik-edonora, ikuspegi global eta lokal batetik abiatuz kultur eta politika gaietan sakontzeko aukera eskaintzen duelakoan. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako NBEk edo UNESCOk 2014an argitaratutako lan baten emaitzak, esate batera, smartphonak irakurketa zein alfabetatzea sustatzeko tresna potentzial gisa izendatu zituen, pobrezia pairatzen duten herrialdeetan azpimarra jarrita.
Ataza konplexua da honenbestez, gailu teknologikoek, eragin zuzena dute espazioa eta denbora bezalako dimentsioetan baita norbanakoen harremantzeko moduetan ere; modu berean, desberdintasun sozialak areagotzeko aukerak zabaltzen dituzte. Egun, Informazioaren Aroa bezala ezagutzen den aldi honetan, espazio oro, hala moduzko komunikazio espazio bilakatu da eta mugikorrek erraztaile lanak burutzen dituzte, bat-batekotasuna eskaintzen dutelako. Estimulu eta baliabide kopuru mugagabea eskaintzen dute, horregatik, tresna hauek zabaltasun, botere eta aukera berrien aurrean kokatzen gaituzte, erakargarriak diren, neurri berean. Neurrigabeko botere eta aukera zabaltasun honek dakar ikasgeletan mugikorren erabileraren gaineko eztabaida, kezkaz, kasurik gehienetan mahai gainean izatea.
Aldekoak eta kontrakoak
Aldekoak eta kontrakoak baditu ere, Mobile learning edo gailu teknologikoen zein mugikorren bidezko ikaskuntza proposamenak, badu nolabaiteko onarpena hezkuntza komunitatean, hau da, didaktikaren ikuspegitik, gailu hauek eskaintzen duten bat-batekotasuna eta azkartasuna ikaskuntza prozesuetara bideratzeak dituen onurak azpimarratuz. Baina gailuen artean, mugikorrez ari garenean, iritziak eta kezkak ere nabarmendu behar dira, gailuaren berezko ezaugarriei dagokionean. IKTen erabilera irakatsi eta ikasteko prozesuetan onuragarria dela nabarmena da. Konpetentzia digitalak, edozein lekutan ikasteko aukera bezala ulertuta, hezkuntza erantzun apropos bat emateko abagunea eskaintzen du. Are gehiago, hezkuntza erantzunaren erdigunean dauden beste hainbat beharri erantzunak emateko ere baliagarriak dira; aniztasunari erantzuteko edota edukien transmisio zein egokitzapenak egiteko, baita metodologia aktiboen sustapena burutzeko ere.
Hala ere, ikastetxeetan gailu mugikorrak erabiltzeak aintzat hartu beharreko hainbat eragozpen ere baditu. Bereziki, ikasleak gailuaren erabilpen ezegokia egitea nabarmendu dezakegu. Tabletarekin alderatuz, telefono mugikorraren ezaugarri nagusiek (tamaina txikia, sarbide eta erabilgarritasun erraza) modu desegokian erabiltzeko gailurik azkarrena ere bilakatzen dute, ikasgela edo ikastetxeetan hainbat arazo sor ditzaketelarik. Esaterako, adingabeen datu pertsonalen babesa eta eskubide digitalen urraketa gerta liteke. Arrunta izanik, ikasleek, irakasleen baimenik gabe, ikastetxeetan eskola ordutegietan ateratako argazkiak eta grabatutako bideoak sare sozialetara igotzea. Modu berean gailu hauen bitartekaritzak, sarri, irakaslearen funtzioa bera desitxuratu dezake, eskola babes espazio seguru eta hezitzailea izan beharrean, segurtasun eta kontrol gabezia gailenduz. Irakasle eta familia asko beldurtuta ez bada, kezkatuta daude eta zer esanik ez ziber-jazarpena jaso duten eta jasotzen ari diren ikasleen bizipenak kontuan hartzen baditugu. Eztabaida, beraz, irekia dago, elkar gaitezen, etxeko sukaldetik eztabaida atera eta kolektibizatu kezkak eta aterabideak, komunitatean. Hezkuntza ardura publikoa baita.