Goierrin sekula egin den manifestaziorik jendetsuena izatearen ospea dauka, oraindik ere. 1976ko otsailaren 29a zen, bisurte eguna, eta eskualdean ospitalea jartzea eskatzeko, milaka goierritar elkartu ziren. Zenbait iturriren arabera, 30.000 lagun joan ziren Ordiziatik Beasainerako protesta-agerraldian. Beroarenak kenduta ere, asko ziren, Ezkiaga etorbide oso-osoa hartu zuela erakusten baitu egun hartako argazkiak.
Mugimendu sozial handiak eragin zuen halako indar erakustaldia. Herri bakoitza bere txartelarekin azaldu zen manifestaziora, pegatinak atera zituzten, eta Goierri guztiko –goi eta behe– biztanleak mobilizatu ziren. Frankismoaren bukaera hartan, baimendutako ekimen sozial bakanetakoak antolatu zituen bai protesta, bai eskualdeko erietxearen aldeko uholdea: Guraso Elkarteak.
1974ko udaberrian hasi ziren elkartzen eta koordinatzen Goierri osoko guraso elkarteak. Siadeco etxeak bailararako egindako azterketa sozioekonomikoak agerira atera zituen osasungintza arloko hutsuneak ere. Orduko agintaritza ere Gipuzkoan bigarren ospitale bat eraikitzeko asmoarekin zebilen, Donostiakoaz gain. Berehala heldu zioten erronkari Goierriko elkarteek.
Nahiko garaiz lortu zen aurre akordioa. 1974ko maiatzaren 10ean, Goierriko Guraso Elkarteek Prebisioko Institutu Nazionalarekin (INP) egindako bileran, ziurtatu zieten Zumarragan kokatuko zela ospitalea.
Hamar urteko oztopo lasterketa
Erabakia hartuta zegoen arren, oztopoak ere berehala erne ziren: susmoak, esamesak, interesak… Lanei ekitea eragotzi zuten halako jarrerek.
Goierriko Guraso Elkarteek ez zuten etsi, hala ere. Gizarte mugimendua borborka zegoen, eta 1976ko otsailaren 29an erakutsi zuen zenbaterainokoa zen ospitalearen eskaria eta beharra.
Baina beste eragozpen bat atera zen aurki: Donostiako ospitale eremua handitzeko bideratu zuten Zumarragakorako zegoen aurrekontua: zaharretxe berria eraiki, eta haren eraikina Erresidentziaren bigarren eraikinerako utzi.
Langileriak ere bat egin zuen guraso elkarteen borrokarekin. 1977ko otsailaren 25ean, Goierri Eskolan asanblada erraldoia egin zen: 23 guraso elkarte, 26 enpresatako ordezkariak, 17 alkate, 18 langile batzorde… Zumarragako ospitalearen proiektua kinka larrian ikusten zutela azaldu zuten. 1979an, alderdi politikoak sartu ziren negoziazioetara. Eusko Kontseilu Nagusia uzkur agertu zen ideiarekin. Baina Zumarragako Udalak ordurako lurrak erosita zituen, eta INPri lagata. Goierriko ospitalearen proiektua egitea besterik ez zitzaien geratu. 1984an ireki zuten.