Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Ikur bat izan da gure belaunaldiko legazpiarrentzat. Argazkia askotan ikusi dugu, ilobak ere gure belaunalditsukoak dira, eta ezagutzen genuen, San Inazion, bere auzoan, urtero egiten zitzaion oroitzapen-ekitaldia. Carlos Urkixo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren salaketa izan zuena, gainera. Ez da izan familiak eta lagunek jasan behar izan duten umiliazio bakarra. Gorpua ekartzeko trabak, gezurrak eta informazioa ezkutatzea, hasiera-hasieratik, gaur egunera arte iritsi diren jokaerak izan dira.
Madrilen hil zutela bagenekien, eta El Lobo poliziaren infiltratua eurekin zela ere bai. Filma badauka, gainera, sasi-heroi frankistak. Biktima izaeraren aitortza iritsi da, ordea, azkenean, berrogeita zortzi urteren ondoren. Arindua ekarri du balantzaren alde batean. Halere, ez du ematen, oraingoz behintzat, beste aldean pisurik jarri denik.
Josuri buruzko dokumentala egiteko lantaldean, lehenengo bileretatik nahikoa ezarrita zegoen izenburu bat: Josu Mugika Aiestaran, aurreskuaren lilura. Mariaje bikotekideak aurreskuak «emozionatu» egiten zuela azaltzen du bertan eta, Iratiren hanka-pausoak trantsizio, aurreskuaren atalen arabera antolatu zen dokumentala.
Ikur bat izan da gure belaunaldiko legazpiarrentzat, baina Reginak, Jose Marik, Germanek, Mariajek… hezur-haragiak erakutsi zizkiguten. Nekaneren galderen erantzunetan hunkitzen eta hitzak ezin ebakita ikusi genituen. Senidea, bikotekidea, laguna ari ziren hizketan. Lilura hitz hutsalegia zen malko eta arnasestuak izendatzeko. Ez zuen eztabaida handirik sortu dokumentalari izenburua aldatzeko proposamenak.
Joan den ostiraleko lagun eta senitartekoen agerraldian ere, Txillida Lantokian, zirrara hori bera hedatu zen guztiongana.