Eman diete hasiera San Martin jaiei Goierriko txoko ugaritan. Araman eta Ataunen jaiak iritsi dira eta festa lehertuko da asteburu honetan. Gazteriaren gehiengoak San Martin jaiak Ataungo San Martin auzoan ospatzen ditu eta aurten ere, egitarau oparoa osatu dute bertan.
Atzo eman zieten hasiera Ataungo San Martin jaiei eta bertako gazteak prest daude festa hauek «topera disfrutatzeko». Atzokoan janaria izan zuten protagonista, tortilla lehiaketarekin eta afariarekin eta gaurkoan, musika izango da nagusi. Arratsaldean Xaukena elektrotxaranga izango dute eta ondoren herriko gazteek antolatutako kontzertuak Oargin. Torto Gazte Asanbladak urtez urte San Martin festetan Oargin egitarau berezi bat prestatu izan du eta aurtengoan ere hala egin du. Egitaraua jaietako beste ekintzetara «egokitu» dute «ordutegi aldetik» eta herriko gazteentzako eskaintza musikal «berezia» eta «propioa» antolatu dute. Ostegunean, Andoni Ollokiegiren kontzertuaren ondoren, 23:00etan, DJ B izan zuten. Gaurkoan, berriz, Xaukena elektrotxarangaren eta egitarauko beste kontzertuen artean herriko zenbait talde jarri dituzte herriko musikariei «oholtza bat eskaintze aldera» eta «merezi duten aitortza» egite aldera. Beraz, «bertara gerturatu» eta «ondo pasatzeko» deia luzatu diete bertaratuko diren gazteei. Ostiralean, beraz, Oargin, 20:30etatik aurrera Inguma, Tirokatuak eta Indarra taldeak izango dira oholtzan, «Oargi astintzen». Ondoren, Nafarroa 1512 eta Gabenara taldearen kontzertuak izango dira plazan.
Larunbatean mozorroak
Larunbatean mozorroz jantziko da Ataun eta jada mozorroak «prest» dituztela aitortu dute ataundarrek. Egun osoan zehar ekintza desberdinak izango dituzte baina gazteek bereziki «gogotsu» hartuko omen dituzte sagardo dastaketa, herri afaria zein gaueko kontzertuak, batez ere, Mugi Panderoa erromeri ezagunaren saioa. Erromeriaz gain, musika «gogorragorako» tartea ere izango dute Santa Barbara rock taldearekin. Igandean, berriz, sortzaile eta artisau azoka izango dute eta bertan, herritarrak ere izango omen dira.
Jaietan zehar «dantza eta kanta» ugari egingo dituztela diote gazteek, eta parrandarako «gogoz» daudela. Hala ere, bertaratzen direnei «errespetuz eta erantzukizunez» jokatzeko deia egin dute. Biboletak Ataungo Emakume Taldeak hala adierazi zuen azaroaren 1ean beste zenbait eragilerekin batera zabaldu zuen irakurketan: «Ez dugu inolako erasorik onartuko! Jaiak denontzat espazio seguru izan daitezen, protokoloa oso argia izango da: ez jazarri, ez ukitu, ez beldurtu, ez erasotu, ez drogatu, ez bortxatu… Hori betetzeko gai ez bazara, gera zaitez etxean!». Beraz, argi dago herrian «oso zorrotz» jokatuko dutela jarrera hauekin, «bat bera ere onartu gabe, «guztien jaia izan dadin».