Ordiziako Kimetz emakumeen elkarteko sortzaileetako bat da Belen Balerdi Bengoa (Ordizia, 1950). Aurten, 30. urteurrena bete du elkarteak. Ospatzeko eta orain arte egindako bidearen errepasoa egiteko tartea hartu du Balerdik. Feminismoaren lehenaz eta orainaz mintzatu da, berdintasunean eman diren urratsez, eta oraindik lortu gabeko espazioez, baita azaroaren 30eko zaintza greba feministaz ere.
Nola iritsi zen feminismoa zure bizitzara?
Betidanik defendatu izan ditut emakumeen eskubideak, nahiz eta militantea ez izan. Pentsatzen nuen, gu, emakumeak, gai garela gure proiektuak aurrera eramateko eta seguraski, jarrera eta pentsakera horrek eraman ninduen parte aktibo bihurtzera.
Noiz eta nola sortu zenuten Kimetz?
43 urte nituenean, nire hiru semeak kozkortu zirenean, deialdi bat egin zuten udaletxetik, eta hor hasi ginen emakume talde bat elkartzen. Hortik sortu zen Kimetz.
Nolakoak zineten?
Adin antzekoa genuen, batzuk etxean lan egiten genuen, eta beste batzuk etxean eta kanpoan. Lehenengo batzarrean zortzi emakume elkartu ginen.
Zein zen helburua?
Gure intereseko jarduerak antolatzea. Feminismoa, lehen ez zegoen ondo ikusita. Lehenengo bilera egin genuenean, jendea taldera hurbil zedin ez zen gomendatzen, feminismo hitza erabiltzea, jendea atzera bota zezakeelako.
Eta nola aurkeztu zineten?
Asociacion socio cultural de mujeres Kimetz zen proiektuaren izena.
Nola hartu zintuzteten?
Kritikarik ez genuen jaso, ez, baina asko asko kostatzen zen emakumeak erakartzea.
Lehen urte haietatik hona, asko aldatu al da elkartearen martxa?
Bai, asko! Lehen gehiago zen lanketa pertsonala, literatura solasaldiak egitea gaur egun oraindik mantentzen duguna baina genero ikuspegi batetik… Gero, poliki-poliki hasi ginen beste ekintza batzuk antolatzen; emakumeen eskubideak aldarrikatzen, adibidez Martxoaren 8aren bueltan eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ekintzak ere, besteak beste.
30 urte hauetan egindako bidea nola baloratzen duzu?
Orain konturatzen naiz urte hauetan guztietan, feminismoaren alde egin dugun lanaz, momentu askotan, horretan ari ginela konturatu gabe. Azken finean, paradigma feminista batetik ari gara pentsatzen ekintzak eta gure jarrera. Gizarte hau transformatu nahi dugu pausoz pauso, ekintza xumeak eginez. Egindako lanak ekarri gaitu hona eta mundua desberdin begiratzera, oso garrantzitsua dena. Begirada desberdin batetik, ikusten dena ere desberdina delako; desberdintasunak, diskriminazioak… Biltzen garenean ere oso nabaria da aldaketa; nola hitz egiten dugun, zeintzuk diren gure kezkak orain…
Ikasketa prozesu bat izan da.
Etengabekoa. 2008an adibidez, generoaren inguruan hasi ginen hitz egiten, baina bakoitzak gauza bat ulertzen genuen. Gipuzkoa mailan formakuntza bat egin genuen, generoaren inguruan ikasteko. Hor ikusi genuen zer gertatzen zaigun emakumeoi, emakume izateagatik; nola gauden kokatuta gizarte honetan eta zergatik… Gero norberak egin beharreko lana hasten da. Aldi berean, garbi geneukan, kontradikzioekin elkarbizi behar genuela, zeren teoria gauza bat da, baina praktikara eramateak, etengabeko gerra batean sartzea dakar. Eta gaur, XXI. mendean, atzera pausorik ez izateko borrokan segitzea ezinbestekoa da, lortutako guztia gal dezakegulako.
Nolakoa da elkartearen osasuna?
Gure helburuak lortzen ari gara, xirimiriak bezala busti dugu gure ingurua. Alde horretatik, pozik gaude. Era berean, jende gehiago elkartzea nahiko genuke.
Belaunaldi berriak?
Kimetzen denak dira ongi etorriak, eta primerakoa litzateke belaunaldi berriak ere inguratzea. Baina errealistak izanda, garbi daukagu, Kimetzera ez dela jende gaztea gerturatuko, beren elkarteak dituzte. Posibleago ikusten dut 45 urte inguruko jendea hurbiltzea.
Baina kontua da, emakumeak oraindik etxeko ardurak direla, lana dela… aktiboki parte hartzeko prest dagoenik gerturatzea zaila dela.
Eta sinergiak sortzea?
Hori bai. Ordizian, Koordinadora feministan ere gertatzen da hori. Aurten ere egingo dugu ekintza bat berdintasunean lan egiten ari garen elkarteak, elkar ezagutzeko, sareak sortzeko…
XXI. mendean oraindik aldatzeko asko dago. Zer lortu da eta zeintzuk dira irabazi beharreko espazioak?
Oraindik, emakumeak gauzak demostratzen egon behar dugu uneoro. Berdintasunaren aldetik bai lortu ditugu gauzak; lan munduan sartu gara, baina bueltan ez dugu ikusten urrats berdina eman denik. Erantzunkidetasunean oraindik pausoak eman behar dira gizonen aldetik, hau ez delako betetzen, nahiz eta aldaketak eman, eman diren. Emakumeek oraindik aldarrikatzen jarraitzen dugu, biolentziarik ez dugula onartuko, lan munduan sartu bagara ere oraindik hobetzeko asko dagoela, lanean ere amatasunak pisu handia duela… Gizonezkoek jarraitzen dute izaten pribilegioak dituztenak, eta berdintasuna pribilegio horiek parekatzea da, nolabait.
Eta nola egin?
Gure elkartetik duela 3-4 urte hasi ginen gizonezkoei zuzendutako tailer batekin. Sei-zazpi gizon hasi ziren. Oraintxe, gizonezkoei zuzendutako hitzaldiak antolatzeko lanean ari gara.
Horrez gain, emakumeei erremintak eskaintzen dizkiegu ahalduntzeko, baina ariketa, norberak egin behar du.
Esaten duzu oraindik bide luzea dagoela egiteko, erantzunkidetasunean adibidez. Kalean, behintzat, 2018-2019ko Martxoaren 8ko manifestazioetan adibidez, gizonezko askok parte hartu zuten.
Bai, hala da, eta bada urrats handi bat, baina eta etxera heltzean zer? Martxoaren 9an zer? 10ean, 11n… Ez dut esango etxe guztietan berdina denik, baina bai gehienetan; inertzia berdinetan jarraitzen dugu. Bestalde, aipatu ere, Martxoaren 8koak, indar handia hartu duela eta jendetza ateratzen dela kalera, baina gogoratu behar da, hilabetero-hilabetero egiten direla mobilizazioak emakumeen aurkako indarkeriaren kontra, eta jendea mobilizatzea asko kostatzen dela. Nire irudipena da, gertu gertatzen bazaigu, orduan bai, beste kontzientzia bat dugula. Gainontzean, ez doa gurekin.
Baina orokorra da. Begira, boluntariotzaren azokan, Ordizian, elkarteek postuak ipini genituen talde bakoitzak egiten duen lana ezagutarazteko. Kalean jende asko zebilen, baina oso gutxi hurbiltzen ziren postuetara ezer galdetzera. Aktibismoarena, oso zaila da. Eta pandemiak asko epeldu du gizartea zentzu horretan. Hori guztia nola aktibatu, hortxe egin behar dugu indarra.
2018-2019ko irudiak gogoratuz, tsunami more horrekin zuk zer sentitu zenuen?
Emozionantea izan zen, noski! 2018an sorpresa handia hartu genuen. Beasaingo Oriako Lamiak taldearekin elkarlanean manifestazioa antolatu genuen. Kale Nagusian gora jendetza Emakumeak planto lemapean… Ahaztezina izango da, bai! Egin genuen irakurketa zen, berdintasunaren aldeko sentsibilizazioak gizartea busti zuela. Hurrengo bi urteetan ere jendetza mobilizatu zen. Ondoren pandemia iritsi zen. Baina esan nahi dudana da, esparru desberdinetan gertatzen den zerbait dela. Momentu puntualetan bai, baina urtean zehar, beti jende berdina gaude.
Azaroaren 30eko greba orokorrari begira, zer giro dago?
Aspalditik lanean ari gara, Koordinadora mailan. Gogotsu gaude informazioa zabaltzeko; zaintzaren alde mobilizatuko gara, eta egia oso-oso potoloa da. Hausnartu beharreko gaia da, txikitik handira.
Nolako erantzuna izango duela uste duzu?
Greba orokorra egitea oso zaila, saltokiak, dendak… denak geratzeko lan handia egin behar da. Ikusteko dago, baina sindikatuek ere esan dute greba babestuko dutela. Zenbat eragilek babesten duten, hortxe egongo da gakoa. Ea jendetza mobilizatzea lortzen dugun.
Gizonak ere grebara deituta daude.
Bai, zeren oso garrantzitsua da eurak ere honetan parte hartzea. Bai ala bai, sartu beharra dute. Hitz egiten dugunean erantzunkidetasunaz, oraindik entzun beharra dugu, gaur egun, gizonezkoek ere parte hartzen dutela deialdietan. Nik pentsatzen dut hori babestea baino gehiago dela ardura hartzea. Nahi badugu benetako aldaketa, benetako berdintasuna, eskutik joan behar dugu.
Deialdia bera da aurrekaririk ez duen zerbait, zaintzaren bueltan egingo den lehenengo greba orokorra baita. Zer duzu esateko?
Beti diot, berdintasuna nahi badugu, emakume den-denak gelditu behar dugula. Emakume askok ezin dute egin, hori ere hala da. Gure aldetik aldarrikatzen duguna da, bizitza osoa ingurukoak zaintzen egon diren haiek intsumiso deklaratu beharko luketela. Guk ez dugu zaindu nahi patriarkatuak hala aginduta. Nahi badugu zaindu, guk hala erabaki dugulako izan dadila, eta guk erabakitzea zaintza horren baldintzak. Eskubide osoa dugu.
Autozaintzatik hastea?
Emakumeen kasuan beti izan da norbere burua utzi eta besteak zaintzea. Ezetz esatea ama edo aita zaintzerakoan, edo bilobak zaintzerakoan dauka oso kostu pertsonal handia. Zaintzaren mundua da oso zaila.
Baina gauza bat da greba egitea, eta ondo dago, baina eta ondoren zer? Hau egitearekin lortzen badugu, eta horrek balio badu, gizartea kontura dadin zein puntura arte dagoen arazo hau errotuta, eta pixkana-pixkana benetako zaintzaren bidean urratsak ematen hasten bagara, bejondeiola!
Orain arte hitz egindakoarekin herritarrengan ari gara jartzen fokua, eta erakundeak zer?
Erakundeek askoz gehiago egin dezaketela garbi daukat, eta horregatik nahiko haserre sentitzen naiz. Data seinalatuak heltzen direnean, deklarazio instituzionalak bai, baina eta gero zer? Zaintza lanen kasuan, adibidez, erakundeek azpikontratatzen dituzten enpresa horietan langileen gehiengoa emakumeak dira. Nolako baldintzak dituzte?
Zaintzaz harago, benetako berdintasuna, esparru guztietara heltzeko erakundeek borondatea izatea behar da, eta hori da zerbait oso zaila.
Promesa pertsonala bete zuenekoa
Militante nekaezina da Belen Balerdi Bengoa ordiziarra. «Zerbaitetan sartzen banaiz, ez naiz ikusle soil bezala sartzen, parte hartzea da nirea», deskribatu du bere burua. Esan eta egin. Horrelakoa da Belen Balerdi, Kimetz elkartean eta handik kanpo ere.
Alboko argazkia ekarri du. Begira, emozioari eutsi behar izan dio. Karga emozionala du, erabatekoa, nabaria da. Eta hasi da pistak ematen: «Nire aita hil zen nik sei urte bete berri nituela. Ondoren, jakin nuen, nire amak kontatuta, nire aita Erromara joan zela Ordiziatik oinez, beste batekin. Nik uste dut promesa bat zela. Gaztea zen. Entzuna izan zen istorioa herrian. Jende askok komentatu izan dit horren berri».
Aitaren omenez, hark egindako balentria errepikatu nahi izan zuen. «Senarra jubilatu zenean, Erromara oinez joateko proposamena egin nion. Eta berak erantzun zidan, oinez ezetz, nahi banuen, txirringan». Esan eta egin. Hasi ziren bidaia prestatzen. «35 etapatan banatu genuen, tandemean, zeren nik ez dut sekula bizikleta bat izan, eta hari lotuta trailerra zirudien gurdia», atera zaio lehen irribarrea. «Atera ginen maiatzaren 7an eta guztia primeran joan zen, lagunek ere kolaboratu zuten alojamendua bilatzen, eta bai, esfortzu handia izan zen. Ekainean bukatu genuen. 2016n izan zen».
Erromara sartu zireneko momentua «ikaragarria» izan zen. «A ze kaosa! Nire senarrari esaten nion, ‘zuk kasurik ez! Nahi duenak klaxona jo dezala’. Eta horrela, San Pedro plazara iritsi ginen arte». Argazkia, promesa pertsonala bete zuenekoa da.