Irati Diez Virto biologo eta ikerlariak (Segura, 1998) ingurumen heziketara bideratu du bere ibilbide profesionala. Hilaren 18an eta 19an egingo den Natur Zientzien 5. Topaketan parte hartuko du, Iruñean.
Aurrera egin ahal izateko eta erronkei aurre egin ahal izateko, oinarrizkoa da informazioa eskura izatea, arlo guztietan. Baita ingurumenari dagokionean ere. Biodibertsitatearen galera, muturreko fenomeno meteorologikoak… finean, klima larrialdiaren isla dira, eta gizakion esku dago hori aldatu ahal izatea. Horretarako, baina, ingurumen heziketa «ezinbestekoa» da. Hala azaldu du Irati Diez Virto (Segura, 1998) biologo eta ikertzaileak. Biologiaren eta ingurumenaren bueltako hainbat esparrutan lan egin ondoren, ingurumen heziketan jarduten du gaur egun, gizartearen alfabetatzea helburu. Azaroaren 18an eta 19an Iruñean egingo den eta euskarazko naturzaleak eta ikerlariak elkartzen dituen Natur Zientzien 5. topaketan parte hartuko du hizlari bezala.
Biologian graduatu zen segurarra Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Eskosistemen Gestioa masterra egin zuen gero. Master Amaierako Lanerako, Azti zentroan egin zuen lan, 6-bat hilabetez, Eusko Jaurlaritzaren beka baten bidez. Ozeanografia fisikoa egin zuen bertan, berak azaldu bezala, euskal kostako ezaugarri batzuk aztertuz: «Azken hogei urteetako datuak alderatuta, euskal kostan itsasoaren tenperatura eta klorofila konzentrazioa nola aldatu den ikertu nuen». Euskal Herritik Andaluziara joan zen beste 6-bat hilabeterako, Doñanako Estazio Biologikoan lan egiteko, CSIC-en beka batekin. Sevillan, ugaztunen kontserbaziorako ikerketa taldean, animaliek jasaten dituzten talkak aztertu zituen, zehazki, animali basatiei errepideak nola eragiten dien populazioan eta biziraupenean.
Eta barnealdetik kostaldera berriro. Plentziako (Bizkaia) Itsas Estazioan, zetazeoen lehorreratze sarean egon zen, hondartzetara iristen ziren animaliekin lanean. «Hondartzetara iristen ziren zetazeoen abisua jasotzen genuen, eta hilik bazegoen, estaziora eramaten genuen, bertan lagin biologikoak hartu eta aztertzeko». Eragile ozeanikoek eta atmosferikoek lehorreratzeetan dituzten eraginak ere aztertzen zituzten.
Alfabetizazioa
Arlo ezberdinetan lan egin eta gero, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Esperimentalen Didaktika ikerketa taldearekin ari da lankidetzan. Ingurumen heziketa eta dibulgazioa dira «gehien interesatzen» zaizkion arloak, eta horixe egiten dute taldean. «Biodibertsitatearen hezkuntza» sustatzen dute, gizartearen «alfabetatze zientifikoa» hobetzeko egin daitekeena ikertuz: «Etorkizunean gizarteak erabaki onak hartu ahal izateko garrantzitsua da gizarte alfabetatu bat izatea». Bide horretan garatu nahi du bere ibilbide profesionala.
Ingurumena zein gizartea bera hobetzeko egin daitezkeen estrategiak zabaltzea «garrantzitsuzat» jo du Diezek, eta horrexegatik gustatuko litzaioke dibulgazioan eta ingurumen heziketan lan egitea. Ikerketa taldeaz gain, 2021etik Zientzia Kaiera blogean dibulgazio artikuluak eta bestelako lanak argitaratzen ditu herritarrei ingurumenarekiko ikuspegi zientifiko eta profesionala emateko.
Deskonektatuta
Dibulgazio zientifikoa «geroz eta gehiago» sustatzen den arren, ikerlariaren esanetan naturari «ez zaio behar beste garrantzia ematen», gizartea egun egituratuta dagoen moduagatik eta sustatzen diren kontsumo balioengatik. «Unibertso paralelo batean bizi gara, oso eroso, baina horretarako baliabide naturalak behar ditugu, eta ez gara kontziente mugatuak direla eta kudeatzen jakin behar dela». Jasangarritasuna sartzen da horretan, eta jasangarritasunari tokia egiteko eta «hobeto funtzionatuko duen sistema bat» osatzeko, «ezinbestekoa» da informatuta egongo den gizarte bat bultzatzea. Oraindik bide luzea dago egiteko, eta bitartean, denborak aurrera eta baliabideek behera egiten dute. «Krisi egoerak erakusten du deskonektatuta gaudela eta ez garela kontziente naturarekin dugun harremanaz, eta gainera, puskatu ezin daitekeen harremana dela».
Ozeanoei begira
Diezen hitzetan, ingurumenari lotutako erronkarik nagusiena da «gizarte bezala ikastea zein den erlazioa eta zer eragin daukan gizarteak ingurumenean eta ingurumenak gizakiongan». Horretan dihardu. Azaroaren 19an, datorren asteko igandean, alfabetatze horren inguruko hitzaldia eskainiko du Natur Zientzien Topaketan. Adituak biltzen dituen bi eguneko kongresu moduko bat da.
Zehazki, ozeanoak eta didaktika izango ditu hizpide. Ingurumen heziketaz ariko da, baina ozeanoei begira. «Itsas alfabetatze kontzeptuaren helburua da gizakiok ulertzea ozeanoekin dugun erlazioa, gizakiak nola eragiten dion ozeanoari eta ozeanoak gizakiari». Hezkuntza hori sustatzeko proposamen ezberdinak landuko ditu, tartean, eskoletan materia zehatza ematea, estraeskolarrak sustatzea, alfabetatze hori erabilgarria izan dadin etorkizuneko erabakietan.
Natur Zientzien Topaketa, bosgarren aldiz
Udako Euskal Unibertsitateko Natur Zientzien Sailak eta EuskalNatura elkarteak antolatzen dituzten Natur Zientzien Topaketen 10. urteurrena da aurten. 2013an ekin zioten bideari, eta hamar urteotan, lau aldiz elkartu dira topaketa egiteko. Hala, bosgarrena egingo dute aurten, hilaren 18an eta 19an. Euskal Herriko naturguneak oinarri hartuta, bertako ezagutza zientifikoa zabaltzea eta elkar elikatzea dute helburu. Natur zientzien bueltako gai zehatzak jorratu eta bakoitzeko hiru proiektu azalduko dituzte erakunde ezberdinetako hamasei adituk bi egun horietan, tokiko ikerketa eta jakintzetatik abiatuta, ezagutza zabaltzeko eta partaideen saretzea bultzatzeko. ‘Naturguneen arteko arrakalak eta zubiak’, ‘Urak bizigarri’, ‘Espezien bersartzeak’ eta ‘Babesguneak urperatu’ izango dira hitzaldi sortak. Irati Diezek azken horretan parte hartuko du. Gainera, espezieen bersartzearen inguruko hitzaldietan Aranzadi Zientzia Elkarteko Maddi Otamendi ordiziarra izango da hizlarietako bat. Hitzaldi sortez gain, larunbatean, natur ingurunearen kontserbazioaren eta gizartearen arteko bizikidetzari buruzko mahai-ingurua egingo da. Hizlari bezala ez, baina beste hainbat goierritarrek ere parte hartuko dute topaketan, antolatzaile bezala. Antolakuntzan lanean dabiltza Mikel Etxeberria beasaindarra, Luzia Urkiola gabiriarra eta Leire Mendiola legazpiarra. Argazkian ageri dira Mikel Etxeberria eta Ana Garcia topaketako koordinatzaileak.