Edurne Huesa Otegi • Landarlan Ingurumen Elkartea
Badira 15 urte Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak hasi zirela EAEn eta 7 urte Goierrin ia lan gehienak amaitu zirela, oraindik Ezkion geltokia amaitu gabe bada ere. Eta oraindik trena ez dago martxan. Aurtengo udaberrian jakin dugu Eusko Alderdi Jeltzalearen nahia aurrera doala, Nafarroa Gasteizekin lotzeko bidea Aralarretik eta Ezkiotik barrena egitea. Jakin dugunez, Iruñea-Beasain zatirako zundaketa eskariak izan dira Ataun, Idiazabal, Olaberria, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsason.
Iraileko aldizkaria honetako Egiturek azpiratuta erreportaiaren bidez jakin dugu baita, prospekzioen arabera trenbidea Ormaiztegitik Beasaingo Salbatore auzoraino aire zabalean izango dela. AHTko proiektuaren hasieratik aurkako ekintza ugari izan dira Euskal Herrian zehar eta baita Tren Sozialaren aldekoak ere, trenbideak berritzea eskatuz, herritarron mugikortasun beharrak asetzeko. Orain ere, STOP AHT Zundaketak ekimenaren eskutik hainbat ekintza antolatu ditugu: elkarretaratzeak, bizikleta martxa….
Goierrin ikusi dugun bezala, AHTak, nekazal lurrak eta iturrien desagerpena, paisaiaren aldaketa, landare inbaditzaileen zabalkundea, faunarentzako harresia… eta abar ekarri ditu. Inpaktuei buruz, EHUko EKOPOL taldeko ikerlariek AHTaren bizi-zikloa (eraikuntza, funtzionamendua eta mantentze-faseak) aztertuta, ondorioztatu dute klima-aldaketa, energia-kontsumoa eta beste ingurumen-inpaktu batzuk murrizteko duen ahalmena ez dela nahikoa, jende oso gutxi garraiatuko duelako eta herritarron eguneroko eta merkantzien garraioaren beharrei erantzuten ez dielako.
Gogoratu beharrean gaude, Europar Batasuneko Kontu Epaitegiak Europako AHTen porrota kritikatu zuela eta bereziki Espainiaren kasua. Guzti honengatik AHTa behingoz gelditzea eskatu behar dugu Goierritik, eskualde bezala eta garraio publikoaren sistema hobetzea.
Honetaz hitz egiteko, Ordiziako D’Elikatuzen azaroaren 29an hitzaldia antolatu dugu, EHUko David Hoyos eta Andoni Kortazar irakasleekin eta bertaratzera gonbidatzen zaituztegu.