Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxaustik eta Ekotalo enpresako Julen Altzelaik arto beltza ardatz duen elkarlana abiatu dute. Talo morea da emaitza.
Artoak eta artoaren inguruko kulturak elkartu ditu Goierriko eta Tolosaldeko bi ekintzaile eta ekoizle ekologiko. Goierritarra, Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxausti da, eta tolosaldearra, Alkizako Julen Altzelai, Ekotalo enpresako sortzailea. Baserritarrak artoa ereiteko lurrak eta artoa jarri ditu, eta enpresariak produktu berriak sortuko ditu artoarekin.
Intxaustik eta Altzelaik duela urte batzuk ezagutu zuten elkar, baina iaz sortu zen bien arteko lankidetza artoaren inguruan. «Arto berezi bat ereiteko proposatu zidan Julenek», azaldu du Intxaustik, «horrekin produktu bitxiak egiteko, arto bulgurra, adibidez». Baiezkoa esan zion, «artoa hemen asko erein den espeziea da, lehen babarrunarekin batera sartzen zen, baina azkenaldian ez da egiten, ez babarrunarekin ezta solte ere, eta ohitura hori berreskuratze aldera edo esan nuen baietz». Gainera, «Julen oso pertsona motibatzailea da, beti dauka ideia berriren bat buruan, eta niri, baserritar bezala, lehengo betiko gauzak gaurkotasunera ekarrita ekoiztea interesgarria dela iruditzen zait». Errentagarri izango den ez du uste, «baina gauza berriak egitea eta alde horretatik ekarpena egitea, eta produktu berri bat merkaturatzeko laguntza ematen ari zarela ikustea, motibagarria da». Gainera, baserritar asko ez daudela dio, are gutxiago Gipuzkoan tamaina handiko lursailak dituztenak, 3.000 metro koadro behar zituztelako.
Arto beltza, Galizatik ekarritakoa
Elkarlanerako bazkidea ziurtatuta, arto beltza ekarri zion Altzelaik Galizatik, «hemen ekoizten ez dena». Artoa Ameriketatik aspaldi iritsi zela gogoratu du Intxaustik, eta barietate asko daudela gaur egun. Mendarteko lurretan erein zutena ez zuen ezagutzen. «Euskal Herrian bada arto iluna, gorrixka, baina hau beltza da. Landarea ere desberdina da, hemengoa baino altuagoa da, eta landareko artaburu bat ematen du bakarrik, bi asko jota, eta nahiko handia eta ale aldetik homogeneoa». Zaintzak ez duela lan asko eman ere azaldu du, «azkar hazi da, belarrak kentzen ez dit aparteko lanik eman, ezta biltzeak ere».
Zortzi kilo hazi erein zituen gutxi behera «San Isidro inguruan», eta 500 kilo bildu ditu urria hasieran. Horretarako, Mendarte baserriko 3.000 metro koadro inguruko lurrak erabili ditu, «Zeraingo Otatza sagardotegiaren ondoan». Ez dira lur bereziak, «artoa landare gramineoa da, ura eta eguzkia behar ditu, eta horiek bazituen lursailak. Hala ere, ureztatzeko sistema instalatu nuen, baina ez dut erabili azkenean, aurtengo uda hezea eta euritsua izan delako orokorrean, abuztuko bost-sei egun beroak kenduta».
Bilketa lanetarako, berriz, eguraldi lehorra behar da, euririk ez egitea, «garrantzitsua da lehorra biltzea, alea hezea baldin badago onddoak sortzeko arriskua dagoelako». Bildu eta gero ere lehortzen utzi behar da, «nik eguzkitan eduki ditut artaburuak hiru-lau egunetan, eta gero zakutan sartu ditut, aletzera eta irintzera eramateko». Alkizan aletu eta irindu dute artoa urri amaieran. Horrela amaitu da Intxaustiren aurtengo lana, eta horrela hasi da Altzelairena, elkarlan honek bi alderdi dituelako.
Ekotalo, berrikuntzaren atzetik
Altzelaik azaldu duenez, Ekotalok bertako taloa eskaini du beti, eta proiektu horretan «baserritarrak zutabe garrantzitsua dira, baina baita berrikuntza eta oinarri teknologikoa ere, produktu berritzaileak eta gizartean inpaktua eragiten dutenak ateratzeko». Hor kokatzen da Intxaustirekin gauzatutako elkarlana, orain harago joango dena, gainera, artoa transformatzeko planta bat jarri nahi dutelako, «Alkizan edo bere lurretan… Harremanetan gaude beste baserritar batekin, artoa prozesatzeko, aletzeko, garbitzeko, azala kentzeko eta jasotzeko bere makineria nola berrerabili dezakegun ikusteko».
Intxaustik ekoitzitako arto beltzaren irinak kolore morea du, eta horrelakoa izango da ere Ekotalok egingo duen talo berria. Aurrerantzean, beraz, beste kolore bat gehituko zaio orain arte duten talo eskaintzari: horia edo ohikoa, ikatza daraman beltza (desintoxikatzailea da), eta jenjibrea eta maka daraman gorria (indargarria eta afrodisiakoa).
«Baina kolore desberdinetako taloak egitetik harago, eta horren atzean dagoen arto barietateak kontserbatzeaz eta barietate berriak deskubritzeaz gain, gastronomikoki interesgarriak izan daitezkeen produktu berritzaileak ateratzea ere nahi dugu». Orain, bulgurraren antzeko produktu bat sortzeko lanetan ari dira, eta arto berezi horien irinarekin, «risotto bat egin ahal izango da, arrozesne moduko bat ere bai, edo kroketa bat…». Etorkizunean artoarekin egindako produktu berri gehiago egiteko asmoa dute, eta «horretan, Iñakiren ekarpena oso garrantzitsua izango da, prest dagoelako bere alea jartzeko eta, bide batez, artoaren prozesu osoaren ikasketa egiteko eta errazteko».
Santalutzitan salgai
Ekotalo feriaz feria, festaz festa eta ezkontzaz ezkontza ibiltzen da taloak saltzen, baina aurregositako taloak ere badituzte salgai, Ordiziako Kooperatiban eta Lazkaoko Biziolan, baita www.ekotalo.net webgunean ere.
Feria kontuetan azaroan geldialdia egiten dute, «arto lanak egiteko garaia delako, eta gure arto topaketak egiten ditugulako», baina abenduan berriz hasiko dira. Goierrin hurrengo feria Santa Lutzi izango da, abenduaren 13an, «eta han estreinatuko dugu talo morea, Iñakiren artoarekin egindakoa».
Taloa betetzeko, tradizioa eta berrikuntza uztartuta
Ekotalok berrikuntzaren alde egin duen apustua taloaren barruraino ere iristen da, eta betegarrirako eskaintza ere berritzailea dela ezin ukatu, tradiziotik aldendu gabe. Txorizoarekin edo txistorrarekin betetako taloa bera ere desberdina da, «gure amonak igandeetan egiten zigunaren omenez, txorizoarekin gorringo krema bat eta baratzuri batzuk sartzen ditugu. Onddoak sartu ditugu hirugiharra eta gaztarekin, eta hori da arrakasta gehiena duena. Eta talo beganoa ere badugu: garaiko barazkien salteatua, aguakate pulparekin egindako krema, eta tipula kurruskaria. Eta postrerako, beste bat, hiru osagaiekin: Nutela, etxeko sagarrekin egindako purea eta kanela. Kikoak edo arto snackak ere egin nahi dituzte orain.