Muxika forma zaharraren molde berritua dugu Mujika, Gipuzkoa aldean lehenagoko ‘x’ soinua ‘j’ ahoskatzeko joeraren ondorioz sortua. Baina, oraindik ere, arkaismo batzuetan gorde da lehenagoko taxua; herri batzuetan erabiltzen duten puxika (maskuria) aipatu genuen aurrekoan, konparazio baterako, Muxika-ren parekoa. Beasaingo Gudugarretan eta Astigarretan Muxika esaten diete abizenaren sorburuan dauden etxeei (Muxíka eta ez Múxika, hain zuzen, azentua azken aurreko silaban markatuz).
Itxura bera izan arren, Muxika izenak zerikusirik ez du melokotoia esateko oso zabaldua dagoen muxika hitzarekin; gainera, Goierrin muxika ez, baina mertxika eta muxurka dira fruta hori izendatzeko erabilitako izenak (guztiak ere latinezko persica/pessica-tik).
-ika bukaera ez da gurean oso ohikoa, baina bai beste leku batzuetan. Araban eta, batez ere, Bizkaian leku izen askoren bukaeran ageri da. Bizkaiko iparraldean ugari dira: Gernika bera, Barrika, Allika, Gorozika, Sondika, Gabika, Gatika, Fika, Lekerika, Ordorika… eta Muxika (herria), han ere.
Gaia aztertu duten ikertzaileen ondorioa garbia da: -ika osagai hori antroponimoren bati lotuta ageri da izen horietan; pertsona izen bati erantsita, beraren jabetzako lur, etxalde edo villa (erromatarra) adierazteko sortuak izango genituzke, hortaz.
Moisiusen jabetzakoa
Norentasuna edo jabetasuna erakusten duen latinezko -ica atzizkia daukagu abiapuntuan; badirudi jabe horietako gehienen izenak latinezkoak direla, hots, erromatarren inperio garaikoak. Baliteke, dena den, deitura horietako batzuk geroxeago (latina, oraindik ere, indarrean zegoela) sortuak izatea ere. Kontuak kontu, Gabika eredu gisa hartuz, honela laburbilduko genuke izen horien sorrera prozesua: *(tĕrra, villa) gabica (= “Gabius”en jabetza) > Gabica Muxika-ri helduta, Salaberrik honako hau proposatzen du: *( tĕrra, villa) moisica o muisica (= “*Moisius edo Muisius”en jabetza) > Muxica.
Pertsona izen bera –eta esanahi bera ere– egongo litzateke Arabako Musitu/Muxitu herriaren deituraren sorburuan. Aurreko batean azaldu genuen antroponimoren bat hartuta, latinezko jatorria duten beste osagai batzuk ere badirela gure toponimoetan, esate baterako -ain (Beasain eta Zerain ekarri zituena).
Ez daukagu Goierrin Araban eta Bizkaian adinako -ika-dun izen ugaritasunik, baina bada bat, behintzat, hona ekarri beharrekoa: Baztarrika (Ataunen eta Gabirian). Kasu hau esplikatzeko, pentsatu izan da baztar izen arrunta dagoela beraren barruan eta, hortaz, leku izenak osatzeko molde zaharraren geroagoko aplikazio berritzaileren baten ondorio izango dela. Baina Salaberrik dioenez, ez da baztertu behar, Bizkaiko Asterrika/Azterrika-ren antza izanik, haren kideko izatea.