Txistua, pianoa, gitarra, trikitia… jotzen ditu Aitor Alvarez beasaindarrak. Musikenen txistu gradu ikasketak egiten ari da. Irakaslea ere bada. Musikak hartzen ditu bere eguneko ordu gehienak. Goizeresi Txistulari Taldeko zuzendari musikala da. Igandean kontzertua egingo du Andre Mari Zeruratuaren parrokian, 19:00etan.
Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Txiki-txikitatik musikak asko erakarri nau. Gehien erakarri didana beti izan da txistularien mundua, hasieratik. Buruhandietan, danborradan, herriko festetan… txistulariek egun horietan sortzen zuten giroa ikusten nuen eta arreta ematen zidan. Gurasoek ez ninduten nahi musika eskolan apuntatu, nik ez banuen nahi. Amak pianoa jotzen zuen bere garaian, baina behartuta, ez zitzaion gustatzen, eta berak ez zidan behartu nahi. Baina etxean bageneukan jostailuzko teklatu bat, eta nik harekin jolasten nuen, kantak ateratzen nituen, eta behin galdetu zidan ea musika eskolan apuntatu nahi nuen. Baietz esan eta orduan hasi nintzen txistuarekin, zortzi urterekin. Gero pianoa eta gitarra ikasten hasi nintzen.
Hiru instrumentu musika eskolan?
Musika eskolan txistu eta piano ikasketak egin nituen, eta gitarra nire kabuz ikasten hasi nintzen. Aurrena ukelelea ikasi nuen, eta gitarra gero. Pianoarekin 12 bat urterekin hasiko nintzen, eta txistuarekin uztartu nuen. Irakasle batek gomendatu zidan. Askotan jotzen nuen pianoa baina ez nekien hatzak ondo erabiltzen, eta perfekzionatze aldera edo hasi nintzen.
Orduak eman dituzu musika eskolan.
Musika eskolan eta eskolatik kanpo ere bai, baina gustura. Askotan orduak konturatu gabe pasatzen zaizkit. Txikitan ez nintzen gelan sartu eta akademikoki ikasten hasten nintzen haur bat. Instrumentua hartu eta denbora pasa bezala hartzen nuen.
Duela hiru urte goi mailako musika ikasketekin hasi zinen, Musikenen. Argi zeneukan bide hori hartu nahi zenuela?
Argi neukan musikarekin jarraituko nuela. Nire espezialitatea txistua da. Piano konplementarioa ere edukitzen dugu. Ikasle guztiok derrigortuta gaude irakasgai bezala pianoa edukitzea.
Irakasle lanekin uztartzen dituzu goi mailako ikasketak.
Orain Tobera musika eskolan ari naiz lanean irakasle bezala, Seguran eta Zegaman. Txistu klaseak ematen ditut. Horrez gain, gitarra klaseak ere ematen ditut partikularretan. Horrekin, bandarekin, trikitiarekin… bata ez bada, bestea da, saltsa guztietan nago sartuta.
Trikitia ere jotzen duzu orduan?
Bai, trikitiarekin ere denbora dezente ematen dut. Pandemia garaian hasi nintzen ikasten. Trikipoteoa dela, herriko festak direla, norabaitera joan behar dugula jotzera… beti ibiltzen gara batetik bestera. Lagunarteko bazkarietan ere, eguerdian elkartu eta trikipoteoa egiten dugu. Kuadrillan baten batek gitarra jotzen du, eta elkartzen garenean, bazkalondoren, giroa sortzen dugu.
Modu profesionalean ez denean, denbora librean ere musikaz inguratuta egoten zara?
Bai, gustukoa da, eta jakin behar da bereizten. Gauza bat da Musikenen akademikoki eta profesionalki zer egiten duzun, baina herrian musika egiten dugu kulturaren alde, herria girotzeko. Bakoitzak bere garrantzia dauka, baina bereizten jakin behar da.
Musika beharrezkoa duzu?
Dudarik gabe. Behin baino gehiagotan planteatu dut lagunartean edo etxean. Ni orain musikarik gabe… trikitia ez bada, gitarra da, gitarra ez bada, txistua da, eta bestela pianoa. Beti nago horretan, dantza taldearekin dela, festak direla, kalejirak direla, kontzertu bat, erromeri bat, esan bezala, saltsa guztietan nago, nahi dudalako. Gustatu egiten zait. Behar ez denean, nahikoa dela esaten dutenean ere, ni joan egiten naiz.
Goizeresi Txistulari Taldearen batuta hartu zenuen urte hasieran. Zer moduz moldatu zara?
Taldearen zuzendari musikalak hartzen du batuta eta aurten ni izendatu ninduten, urte berria hasi genuenean. Lehengo urtean, nahiz eta zuzendari ez izan, gertu egon nintzen, muturra sartu nuen laguntze aldera. Taldean duela zazpi urte hasi nintzen, 13 urterekin. Lana eta ardura da, baina taldeak asko laguntzen du, ni naiz izendapen hori daukana egun eta gauza batzuk niri tokatzen zaizkit, baina azkenean ahalegintzen gara ahalik eta gehien taldean lan egiten.
Urriaren amaieran izan zen Beasaingo 41. Txistularien Alardea. Unai Ariztimuñoren erreleboa hartu eta bigarren abestitik aurrera zuk zuzendu zenuen.
Bai, azkenean alardea da ekitaldi nagusia, baina urtean zehar festak, danborradako piezak prestatu behar ditugu, interpretazioa nola hobetu, afinazioa landu… hori da nire lana gaur egun. Alardea urte guztian egiten dugun lanaren emaitza da.
Goizeresikoak asko mugitzen zarete?
Ez gara igandero adibidez diana bat egiten duen taldea, beste herri askotan gertatzen den bezala, baina nik esango nuke Beasainen gehien ikusten den taldea gu garela kultur arloan. Gabonetan, Olentzero edo erregeak direla… Aste Santuan ere bai, festetan… Dantzari txiki denboraldian ere igandero kanpora joaten gara. Mugitzen gara.
Igartza Musika Programaren barruan, igandean kontzertua emango duzu Andre Mari Zeruratuaren parrokian, 19:00etan. Zer izango da?
Kasualitatez sortu zen emanaldia. Organo ikasketak egitera etorri zen Musikenera Oscar Rodriguez, bukatu zituen eta orain zuzendaritza ikasten ari da. Kontzertu bat eman behar zuen Beasainen, eta ni partiturak pasatzera joan nintzen. Xabier Sarasola programaren antolatzaileak ikusi zuen lagunak ginela eta kontzertua antolatzea pentsatu genuen. Oscar Rodriguez organoan ariko da, eta ni txistuan.