Aitor Artza • Musika zalea
Abendua gerturatzearekin, dozenaka argitalpen ematen dira euskal musikan. Arrazoi nagusia, Durangoko azokak sortzen duen erakusleihoa baliatzea izan ohi da sarritan. Bertan ematen baitira, argitaratuko lanen salmentarik nagusienak, formatu fisikoez hitz egiterakoan, hau da binilo, cd edo dena delakoa ere.
Aurtengoa ere ez da ezberdina, eta programazioa nola argitalpenen zerrendak eskura ez ditugun arren, ez dira gutxi izango plazaratuko diren lanak.
Hiru aste barru badut bertaratzeko asmoa, baita horretarako gordeak ditudan xox batzuk gastatzekoa ere. Hauetan dut begia jarrita oraingoan:
Forbidden colors argitaletxea gauza interesgarriak egiten ari da oso, Xabier Zeberio, Rüdiger, eta nola ez Galder Izagirreren (Dut, Kuraia, Berri Txarrak… eta abar) lehen bakarkako lana. Aste honetan bertan argitaratuko da eta aurreratutako lehen abestia eta haren bideoklipak hotz utzi gaitu. Bikaina kanta, nola Joseba Poncek (Dut, Kuraia, Lisabö… eta abar) egindako bideoa… Irrikaz lan osoak dakarrena irensteko. Hannot Montegik, Moxalen izenpean aterako duen lan berriak ere itxura ederra du, Anarirekin partekatutako aurrerapen abestia horren lekuko.
Bidehutsen estandean ere egingo dut geldialditxoa, Lisabören eta Gailüren lan berriek zale asko izango dituelakoan nago. Lehenengoek urte mordo baten ondoren martxa hartu dute berriro, eta bigarrenek, Autosuntsipena Hacia Da 3,2,1… Znort! izenpean lana plazaratuko dute. ZNORT! Hori nondik ote dator? Gure Olarius ahaztezinari aipamena ote? Hala ere, ezinegona sortzen didana Zauria talde berriaren estreinuko lana izango da. Bertan Gorka Jimenez handia, Baxi Ubedatarra (Akauzazte, Jupiter Jon…) eta Aida (Lisabö, Jupiter Jon..) bilduko dituen taldea da. Ea zer dakarten baina zerbait handia seguru.
Hauez gain badira arakatu beharreko txokoak eta nola ez, han izango dugu Pedro itsasondoarra Tough Ain’t Enough recordsen estandarekin. Han ere izango duzue esukal musikarik: Tatxers, Neallta Fola, Arene6, Arresi….eta abar. Egiozue bixita!
Azoka alternatiboaren gunera ere azaldu beharko dugu, Durango erdialdean. DDTkoek nola neste zenbaitek, disko ederrak izango dituzte eta beraien kaxetan.
Ea bertan topatzen garen!