Ana Alustiza • Nekotz albaitaritza klinika (Zumarraga)
Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko Legea 2023ko martxoan onartu izanak eztabaida handia sortu du gure gizartean. Animaliak edukitzeko baldintzak hobetzeko eta tratu txarrak eta abandonuak ekiditeko diseinatutako lege honek, nire ustez, ez ditu behar diren baliabideak jartzen.
Gutako askorentzat, gure maskotak arduraz zaintzen ditugunontzat, legearen arau batzuen anbiguotasunak zalantza sortzen du. Legearen inguruan sortutako desinformazioa eta nahasmenak aurkako giroa sortzen du maskoten jabeentzat. Hona hemen legeak dituen arazoen adibide batzuk:
Zentzugabekeriak
Espazio publikoetan txakurrak ikuskapenik gabe lotuta uztea debekatzen du legeak. Nik nire txakurra erosketa txikiren bat egiteko dendatik kanpo lotuta uzten jarraitzeko intentzioa dut. Hori tratu txarra bada… Agintarien helburua txabola batean 24 ordu jarraian lotuta pasatzen duen txakurra laguntzea izan beharko litzateke.
Zehaztugabetasuna
Legeak dioenez, ezin dira ibilgailu itxien barruan bakarrik utzi, baldintza termiko arriskutsuetan edo beren bizitza arriskuan jar dezaken edozein eraginpean. Arau honek sekulako oihartzuna eduki du. Nik kotxe barruan txakurra bakarrik utzi dezakedala interpretatzen dut, baldintza batzuk ematen badira, baina nork daki… Gainera, eremu batzuk garatu gabe daude. Maskota gisa baimenduta dauden animalien zerrenda positiboa, etorkizuneko jabeentzako hezkuntza-ikastaroaren baldintzak edo Hazleen Erregistroa non aurki dezakegun, adibidez. Legea bete nahi duten askok oraindik ez dakite nola.
Informazio eza eta desinformazioa
Txakurrak sartzen utzi nahi ez duten establezimendu publikoek, saltokiek, tabernek eta hotelek establezimenduaren kanpoaldetik ikusteko moduko bereizgarri baten bidez adierazi beharko dute, baina instituzioek ez dietela horren berri eman. Horrez gain, kasu erreal bat: nire bezero bat klinikara etorri zen txakurrarentzat arnes bat erostera udaltzain batek lepokoarekin lotuta eramatea debekatuta zegoela esan ziolako. Baina hori ez da zuzena. Zigor-lepokoak edo elektrikoak dira erabili ezin direnak.
Hipokrisia
Legeak felinoen koloniak udalek kudeatu behar dituztela dio, baina herri guztietako udalek ez dute hau betetzen. Herritar batek ezin du udala legea betetzera behartu. Deskonexio bat dago erakundeen erantzukizunen eta tokian tokiko errealitatearen artean. Gainera, animalien aurkako tratu txarren adibiderik gordinena, nire ustez zezenketak dira eta ez dira lege honetan jasotzen.
Urteak igaroko dira legea osatu arte. Hasiera besterik ez da. Urrats bat etorkizunerako bidean.