Glamourrez beteriko iragana du Ormaiztegik bainuetxeko bezero dirudunei esker. Garai hartako moda aitzakia hartuta, bainuetxearen memoria berreskuratzeko sortu zuen Zumalakarregi museoak XIX. mendeko Eleganteen Bilkura.
Azaroaren 25a da aurten eguna. Ormaiztegiko Ander Deunaren jaien barruan, hamargarren aldiz egingo dute bilkura XIX. mendeko eleganteek, eta 2013an hasitako tradizioari eutsiko diote beste urte batez, Zumalakarregi museoak egindako deialdiari jarraituz. Aurten, soineko berriak ikusi ahal izango dira Ormaiztegiko kaleetan.
XIX. mendeko eleganteen bilkurak ohiko osagaiak izango ditu: photocall bat eta taldeko argazkia, lehen bainuetxea zegoen tokiraino paseoa, haurrentzako jarduerak eta merienda txokolate eta boladuekin, garaiko musika, pintxo lehiaketa, antxinako kotxeak eta bizikletak… Hori guztia, ekintza gehiago jasotzen dituen Elegante eguna osatzeko.
Hain zuzen, horixe zen Zumalakarregi Museoak 2013an sortu zuen XIX. mendeko eleganteen bilkuraren helburuetako bat, baina ez bakarra, museoko arduraduna den Lurdes Azpiazuk gogoratu duenez: «Museoan gerra karlistak lantzen dira bereziki, baina XIX. mende osoa arlo desberdinetatik ezagutzera emateko helburua ere badugu. Hala, 1993tik herriko festetan batez ere gazteek ospatzen zuten Elegante egunean gure alea jartzea pentsatu genuen, eta XIX. mendean bainuetxera etortzen ziren bezero dirudunen jantziekin, hau da, jantzi eduardotarrekin, parte hartu genuen, garai haietako Ormaiztegi gogoratzeko eta bainuetxearen beraren memoria ezezaguna berreskuratzeko». 2013an egin zuten XIX. mendeko eleganteen lehen bilkura, eta urtetik urtera indar gehiago hartzen joan den festa bihurtu da.
Bainuetxearen memoria
«Gure helburua memoria berreskuratzea zen, eta oso modu errazean egin genuen, jantziekin: gauza neutroa da, goxoa, samurra… eta horrekin oso erraza da jendearengana hurbiltzea». Jantziak eta osagarriak dira zubia, eta horiekin batera, XIX. mendeko bainuetxe hura eta herria bera irudikatzen duten beste ekintza eta elementu batzuk: argazkiak, musika, jokoak, gastronomia…
Hau guztia jaietan 2012an abiatu zen, museoan bertan eman zuten garaiko janzkeren proiekzio batekin. Hurrengo urtean beste pauso bat eman zuten, eta herritarrei jantzi eduardotarrak josteko eta Elegante egunean janzteko proposamena egin zieten, lehenik Anacronicos Recreacion Historica elkartearen laguntzarekin jantzien erakusketa bat eta josteko tailerrak antolatu ondoren. «Gure harridurarako, harrera itzela izan zen. Martxoan hasi ginen, eta larunbatetan elkartzen ginen, Axun Mendizabal Ormaiztegi bertako jostunak gidatuta Pili Gonzalez, Pakita Garcia jostenuen laguntzarekin, eta Anacronicakoek ateratako patroiei jarraituta. Belaunaldi arteko tailerra izan zen. Gainera, joste tailerretan parte hartu zutenak baino gehiago agertu ziren guk proposatuta bezala jantzita: gazteak, familia osoak…».
Hurrengo ediziorako, herritar gehiagoren, komertzioen zein elkarte eta erakundeen inplikazioa lortu zuten, eta egitasmoa herri osora zabaldu zen. XIX mendeko jantzien esku liburua argitaratu zuten Anacronicas elkartearekin. «Garai hartako moda, emakumeen, gizonezkoen eta umeen jantziak jasotzen dira, portaerak, itxurakeria…». Egutegi bat ere egin zuten lehen edizioan Angel Elorzak egindako argazkiekin, osagarriak egiteko ikastaro bat ere bai, paseoak egin zituzten egurrezko kalesan, eta bainuetxeko saloi bat irudikatu zuten pilotalekuan, herriko artistekin tailer bat egin ondoren.
Ekitaldi ugari
Ediziotik ediziora ekitaldi berriak joan dira egitarauan eransten, «ideia batek beste batera eramaten du». Gosari eleganteak, mitin sufragista bat, dantza erakustaldia, XIX. mendeko dekoratuak eta panpinak egiteko tailerra, karta jokoak, boladuak egiteko prozesuaren erakustaldia, Balu herriko artistak Urbeltz pilotalekuan egindako horma irudia, kamafeoak egiteko tailerra, jantzi eta osagarrien truke azoka… Irudimenik ez dute falta.
Aurten, soineko berriak estreinatuko dituzte batzuk. Angela Urrestarazuk bere amama Jesusa Arratibelen ezkontza jantzia museoan dago ikusgai, eta hori oinarri hartuta, Leire Santillan jostunak patroiak atera ditu, eta soineko berriak josteko ikastaroa egin dute hamar emakumek. Gainera, Errenteriako Jantziaren Zentroaren izenean, Iraultza dantza elkarteko kidek ere parte hartuko dute bilkuran.
Jatorrian Ormaiztegiko bainuetxearen historia
Ormaiztegiko bainuetxearen memoria berreskuratzeko asmoz sortu zuten XIX. mendeko Eleganteen Bilkura 2013an.
Bainuetxea Eztanda ibaiaren albo batean zabaldu zuten 1854an, ur sufretsua edo ur beltzak zituen iturburu bat baliatuta. Ur haiek ospetsu egin zuten establezimendua, azalerako tratamenduengatik, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Gipuzkoako bainuetxe garrantzitsuenetakoa izateraino. Ia luxuzko establezimendua zen, eta tratamenduetarako instalakuntzez gain, aisialdirako zerbitzuak ere bazituen, XIX. mendeko 1880ko hamarkadan batez beste 450 paziente izaten zituen urtean, eta gehiago oraindik herrian tren geltokia egin zutenetik; 1891ean 500 paziente izan zituen. Hiriburuko jendea zen, gizonezkoak kapelarekin eta modako trajeak jantzita, eta emakumeak soineko onenekin. Dirudunak ziren, Madrilgoak, Zaragozakoak…
Karlistaldiko gerra urteetan itxita egon zen, eta 110 urteko bizialdiaren ondoren, behin betiko 1964an itxi zuten.Gerora hainbat erabilera izan zituen eraikinak, baina 1980ko hamarkadan eraitsi zuten.