Duela bostehun urtekoak dira pilota jokoaren lehenengo aipamen dokumentalak, aro modernoari dagokionez (antzinarokoak dira gizakien aisirako jolas horren aztarna zaharragoak, artzainen mendiko denborapasak). Herrietan, jokatzeko horma edo eremu bereziak izaten ziren, askotan liskar iturri ere bai.
Denboran zehar, jokatzeko moduak aldatu dira pilotan ere. Gaur egun oso toki jakinetan baizik egiten ez den errebotea, adibidez, Goierrin zabaldua egon zen garai bat izan zen. Hainbesteraino, ezen herriko espazio-baliabide baliotsuena, plaza, egokitu baitzuten udalerri askotan modalitate horretan aritzeko. Seguran edo Lazkaon daude horren bi adibide.
Lazkaokoak aspaldi galdu zuen errebote plazaren nortasuna. Seguran, berreskuratzen ari dira. XVII. mendearen bukaeran atondu zuten Segurako plaza pilota jokorako. Ezaugarri nabarmenetako bat gorde du, gainera: Zurbano kalean, 19-21 etxeen kontra dagoen sakarria edo botarria. Urriaren 29an egin zuten errebote erakustaldi bat han.
Sute batek egindako lekua baliatu
Erdi Aroan ere plaza zena, asko itxuraldatu eta berregokitu zuten, urteen joanean. Alustiza jauregiaren alboko eraikina bota zutenetik, benetan pilota plazak zeukan dimentsioaren neurria ikus daiteke orain, Kale Nagusitik harantzagora arte doan eremu laukizuzena. Alde hartan, erreboteko frontis hormaren oinarria aurkitu dute, gainera.
Izatez, hondamendi baten ondorioa ere bada Segurako pilota plaza luzea. 1645ean, sute bortitz batek 38 etxe erre zituen. Hamabi jabek ezin izan zuten berriro etxerik berreraiki, eta leku huts horretan udalak San Joan plaza kokatu zuen. 1769an luzatu zuten plaza, mendebalerantz zabalduta. Orduan eratu zuten pilotarako jokalekua: bi etxeren orubeak erosi zituzten, eta ordura arte Bolalekuan zegoen espazioa –txikiegi geratua– handitu zuten.
1805ean berregokitu egin zuten, eta aterpe bat eraiki zuten han. 1906an, eliza aurreko frontoia eraikitzeko erabili zituzten erreboteko jatorrizko hormaren harlanduak. Haren oinarria bistaratuta dago orain, margolanaren oinetan.
Denborarekin, plaza eraldatu zen berriz. Arkupe estalia eraiki, pretilak, arboladia jarri… 1985ean altxatu zuten erreboteko plazan komun publikoen eta postetxearen eraikina, aurretik zegoen estalpea botata. Eraikin hura ere eraistea erabaki zuten, ordea, 2015ean, egoera txarrean zegoela eta, han zer egin herri kontsulta batean galdetu ondoren. Errebote plazaren distira berreskuratu du harrezkero.