Idiazabal herriari 1967ko abuztuaren 14an airetik ateratako argazkiaren zati bat da, Gurutze Berri auzoari, gure auzoari, dagokiona. 1964 eta 1965 bitartean sortu zen auzoa herritar talde baten ekimenez. Ordiziako eta Beasaingo Guraso Elkarteen ereduari jarraituz Idiazabalen eratu zen taldeak bultzatu zuen proiektua. Etxebizitza gabeziari aurre egin nahian kooperatiba osatu zuten; 22 bazkide ziren hasieran, gerora 36. Lursailak erosi eta auzolanean egokitu zituzten. Andoaingo kontratista batek eraiki zituen argazkian ageri diren adreiluzko fatxada eta arbelezko teiladun sei eraikinak.
Laster 60 urte beteko ditu Gurutze Berrik, urte hauetan aldaketak izan dituen arren, hasierako itxura eta egiturari eutsi dio. Hori aldatzen ari da, ordea, irailaz geroztik auzoa urbanizatzeko lanak egiten ari da Idiazabalgo Udala. Azpiegitura berriak, aparkalekuak, aisialdirako guneak, irisgarritasuna bermatzeko bideak, horiek guztiak izango ditu. Eraldaketarekin batera auzoko hainbat txoko eta eremu desagertuko dira.
Baratzeak eta jolaslekua
Auzoak izan duen berezko ezaugarrietako bat baratzeak izan dira. Etxeak eraiki ostean sobera geratu ziren lursailak zozkatu eta etxe jabeek baratzea egiteko aukera izan zuten. Batzuentzat aurtengoa izan da azken uzta, obren hasierarekin batera hainbat baratze desagertu dira jada; gainerakoetan beste urtebetez aritzeko aukera izango dute, urbanizazio lanak faseka egingo baitira. Etxe ondoan, tomate, letxuga, indaba eta bestelakoak landatzeko aukera emateaz gain, auzotarren arteko hartuemanak sendotzeko tokiak izan dira.
Lur-eremu guztiak ez ziren hala ere baratzetarako erabili, lorategiak eta jolaslekua ere izan ditu Gurutze Berrik. Gure haurtzaroaren zati handia eman dugu horien inguruan, Kataluniatik ekarri eta gurasoek auzolanean muntatu zituzten ziburuetan, kolunpioak guretzako, eta txirristan esate baterako.
Guraso Elkartearen aretoa
Gurutze Berri auzoko beste ikurretako bat Guraso Elkartearen aretoa da. Proiektua egiterakoan, kooperatibako kideek eraikin bakoitzaren beheko aldean garajeak egitea adostu zuten, era berean, Idiazabalen ekitaldiak egiteko zegoen areto faltari irtenbidea emateko eremua atondu nahi zuten. Hala, laugarren zenbakia duen etxearen azpialdea horretarako erabiltzea adostu zuten, ordainetan, bertako bizilagunek beste eraikinetan sobera zeuden eta propio eraiki ziren bi garaje jaso zituzten.
Guraso Elkartea antzerki eta zinema areto, dantza taldearen egoitza, ikastola, bertso saio, hitzaldi eta mota askotako ekitaldien lekuko izan da. Aretoak bere hartan jarraituko du, inguruak bestelako itxura izango du, eta Gurutze Berri zaharkituak merezi duen berritua hartuko du.