Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Aurreko batean Joxepa Madariagari irakurri genion. Antzekoekin nator. Adin kontua ere izango da.
Alemanian jaioa, ume-umetan gurera etorria. Kaletarra, musikazalea eta pilotazalea. Kriseilu txistulari taldeko eta herriko gaztetxoen koruko kide, gitarraren lehen akordeak ere orduan ikasi zituen. Pelotan Goierriko hainbat herritako lehiaketetan parte hartua eta txapelak irabazia.
Gurasoen lanbidea tarteko, 14 urte zituela Gaztela aldera joana. Bertan, pilota alde baterago utzita musikaren alorrean murgildu zen erabat. Txistua eta gitarraz gain dultzaina eta biolina jotzen ikasi zuen. 80ko hamarkadan, Pan de centeno taldeko emanaldi batetik bueltan izandako autobus istripu larri baten ondorioz osatze gogor eta luzeari aurre egin behar izan zion. Omenaldia ere jaso zuen orduan, bertan izan ginelarik.
Konpromiso eta inplikazio handiz hainbat taldetan parte hartu eta kolaboratua. Musika tradizional eta folklorikoaren berreskuratze lan handia egindakoa Gaztela aldean. Euskal musikaren eta euskal kulturaren jarraitzaile eta hedatzailea ere bai bere lurraldean. Ogibidez ere, musika irakaslea. Leon eta Valladolideko zenbait eskolatan ibilia, Segoviako Cocan ari zen orain.
45 urte hauetan hainbat bisita eta gutun partekatu ditu herritarrekin. Denbora tarteko, harremana galduz joan zitzaigun. Kuadrillako moteroei esker berriro harremanduak. Uda honetan, euren irteeretako batean, Olmedon pasa zuten gaua. Kostata baina kontaktatu zuten berarekin. Hala, hitzordua adostu eta pasa den urriaren 6tik 9ra bisitatu gintuen. 25en bat urte Segurara etorri gabe. Kantu afaria barne, asteburu betea eta emankorra izan genuen. Aurrerantzean, kinto bazkarien aitzakiaz sarriago elkar ikusiko genuenaz aritu ginen.
Astebetera, ordea, inork espero gabeko albistea hasi zen zabaltzen herrian. Asteburua pasa zuen hotelean dei batjaso zen bere heriotzaren berri emanez. Agurtzera etorri ote zitzaigun?
Manolin, Imanol, Manuel, Manolo edo Manu, zauden lekuan musikak eta kantuak lagun zaitzala, guk ere halaxe gogoratuko zaitugu.
Olmedoko hainbat herritar oroitzapen ekitaldia antolatzen ari zaizkik. Han izango gaittuk!