Marokoar jatorriko euskalduna da Nadia Reghif Berrouhou. Goierritar peto-petoa. Gaur egun Urretxun bizi da.
Seguru asko, Goierrira iritsi ziren lehenengotariko marokoarrak izango ziren Nadia Reghif Berrouhouren gurasoak; Tanger utzi eta Legazpira etorri ziren bizitza proiektu berria hastera. «1967. urtea izango zen. Legazpin bakarrak ginen», dio Nadia Reghif Berrouhou alabak. Legazpi hartu zuten bizilekutzat, eta Nadia bera Legazpin jaio zen, duela 46 urte. «Legazpin jaio zen laugarrena izan nintzen ni; aurretik jaio ziren bi senide jaio ondoren hil ziren».
Nadiak 9 urte zituenean, familia osoa Ormaiztegira joan zen bizitzera. «Toki guztietan ondo hartuak izan ziren gurasoak. Ez zuten arazorik izan. Beti egoten da zerbait, baina gauza puntualak». Beasaingo Loinazpe ikastetxean ikasi zuten, «Ormaiztegiko eskolan tokirik ez zegoela esaten ziotelako amari», gogoratu du. Ordizian «pixkatxo batean» bizi ondoren, ezkondutakoan Zumarragan hartu zuten bizilekua eta duela 10 urtetik, Urretxun bizi dira. Nondik datozen ahaztu gabe eta marokoar nortasunari ukorik egin gabe, Goierrin ondo baino hobeto errotu dituzte sustraiak. «Hemen jaiotakoa naiz eta beti hemen, Gipuzkoan bizi izan naiz. Euskalduna naiz».
Marokora ia urtero
Eta marokoarra ere bai, noski. Bertako kulturari eta nortasunari tinko eusten diete. «12 urte ditudanetik», urtero joaten dira Marokora. «Txikitan ez ginen oporretan Marokora joaten, aita hango familiarekin haserretuta etorri zelako. Ni lehenengo aldiz 12 urterekin joan nintzen Marokora. Orain bai, ia urtero joaten gara. Senarra ere Marrakexekoa (Maroko) da. Bi tokietan egoten gara. Oso polita da. Lurrikara izan zen Marrakaxen irailaren 8an. Familiakoen etxe bat erori zen, baina denak ondo daude».
Marokora joaten direnean, ohitura bat badute: «Gurasoak Legazpira etorri zirenean, nire bi anaiek 5 eta 6 urte zituzten. Han ateratako argazkietako kokalekuetara joan izan gara oporretan, eta asko aldatuta dago».
Lehenengo urteetan hemen ere beti saiatu izan ziren marokoarren artean harremana mantentzen. «Txikiak ginenean gogoratzen naiz Gipuzkoan herri desberdinetan bizi ziren marokoar familiekin elkartzen ginela. Lazkaokoak, Errenteriakoak… asteburuetan etxeetan elkartzen ginen. Gaur egun harreman gutxiago daukagu kanpokoekin, gure familiakoak elkartzen gara».
Lehen hitza euskaraz
Euskaldun marokoarra edo marokoar euskalduna, beraz. Bi nortasunen jabe da Nadia Reghif Berrouhou. Euskara ere bere egin du. «Gure garaian ez zen gaur egun bezala. Guk eskolan gehiena erdaraz ikasten genuen. Euskarako klasea, eta gizarte eta natur ikasgaiak izango ziren euskaraz. Bestea, dena erdaraz. Baina nik euskara gustukoa nuen eta ikasi egin dut jendearekin hitz eginez». Herrietako azokak ere izan dituzte euskaltegi. «Gurasoek azokan egiten zuten lan eta oporretan eta jaiegunetan beraiekin joaten ginen. Saltzeko garaian euskaraz egiten saiatzen ginen».
Euskaraz bizitzen saiatzen da, lehenengo hitza euskaraz egiten ahalegintzen da goierritarra. «Niretzat oso garrantzitsua da euskara. Seme-alabek ere euskaraz egiten dute». Hala ere, onartzen du, aurreiritzi okerrengatik edo emakume musulmanek buruan daramaten hijab zapiagatik, kosta egiten zaiela euskaldunei berari euskaraz zuzentzea. «Adineko pertsonak zaintzen lan egin ondoren, garbiketan lanean ari naiz orain. Legazpin ari naiz, baja bat betetzen, gizon batekin. Lehenengo egunean, gazteleraz hasi zen zuzenean. Nik esan nion: ‘Nahi baduzu euskaraz ere bai, eh?. Eta harrezkero dena euskaraz egiten dugu beti. Jendeak asko eskertzen du. Noan tokira noala, euskaraz egiten saiatzen naiz. Harrituta gelditzen dira askotan».
Herrian parte hartzen
Zumarragako plazan Goiberriko elkarrizketa egiteko tartean, herritar ugarik agurtu dute Nadia. Oso ezaguna da herrian. «Nire bi alabek eta seme txikienak esaten didate nirekin ezin dela kalean ibili, batarekin eta bestearekin hitz egiten geratzen naizela kalean…». Geltokietako jaietan ere ibili izan ohi da paella prestaketan laguntzen. Azkeneko udal hauteskundeetan EAJren zerrendan joan zen Urretxun. «Bizio» bat ere aitortu du marokoar-euskaldunak: «Lagunekin tabernan kafesnea hartzea».
Datuak
- 152 magrebiar. Urretxun 6.798 lagun daude erroldatuta; bertakoak eta espainiar estatutik etorritakoak 6.313 dira. Gainerako urretxuarren (%9,10) jatorriari dagokionean, talderik handiena magrebiarrena da. Afrikako Aljeria, Maroko, Tunisia, Mendebaldeko Sahara, Libia eta Mauritania herrialdeetatik etorritakoak dira 152 lagun.
- 333 atzerritar gehiago. Ekialdeko Europako herrialdeetakoak 30 dira eta gainerako Europako herrialdeetakoak 24; Afrikakatik etorritakoak (Magreb herrialdeak kenduta) 46 dira; Hego Amerikakoak 67 eta gainerako Amerikako estatuetakoak 96; eta Asia eta Ozeaniar jatorrikoak, 70.