Zuhaitzak izaki bizidunak dira. Askotan iruditzen zaigu zuhaitzak geldi daudela eta ez direla komunikatzen, ez dutelako hitz egiten. Baina ez da horrela. Ba al dakizu nola eta zertarako komunikatzen diren? Zuhaitzak elkarren artean lurpetik komunikatzen dira. Sustraien artean dauden onddoen mikorrizen bitartez komunikatzen dira. Basoan ikusten eta biltzen dugun onddoa, ugalketa elementua da. Mikorriza lur azpiko sare handi-handi bat da, sustraiekin lotuta dagoena.
Komunikaziorako sarea izateaz gain, elikagaiak elkarbanatzeko bidea ere badira sustraiak. Zuhaitzak botatzen dituzten konposatu batzuk, beste zuhaitz batzuetara iristen dira. Adibidez, zuhaitz bat gaixo baldin badago, basoan dauden beste zuhaitzak horren jakitun izaten dira eta lagundu egingo diote. Arboretumean edo basoan sartu eta zentzumenak irekiz, zuhaitzez gozatzera eta sentitzera gonbidatu nahi zaitu Zegamako Anduetza Parketxeak.
Zuhaitzez ikastera
Sentitu eta ikasi. Zuhaitz bakoitzak betetzen duen funtzioa ikasteko aukera eskaintzen dugu. Udazken garai honetan, bi zuhaitz aipatu nahiko genituzke: hagina eta gorostia. Gipuzkoako armarrian azaltzen den zuhaitza da hagina. Galtzeko arriskuan mantentzen den espezie da, oso pixkanaka berreskuratzen ari den bertako zuhaitza. Bertako pinuen familiakoa da, Euskal Herrian goiko larreetako basoak osatzen zituena. Gorostiarekin batera, berezia da hagina. Udazkenetako fruituak garrantzitsuak dira basoko ekosistemarako. Bai gorostiak eta bai haginak ez dute hostorik galtzen eta migratzen ez duten txorientzat edo neguan gure basoan bizi diren animalientzat babesa eskaintzen die, eta jana ere bai.