Angel Elortzak (Ormaiztegi, 1960) argazkilaritza eta txirrindularitza oso gustuko ditu. Bi zaletasunak uztartuz, makina bat txirrindulari probetara joaten da argazkiak ateratzera. Herriko ekitaldietako argazkiak ere ateratzen ditu eta herriko ziklo kros probaren antolaketan parte hartzen du.
Ze ikasketa egin zenituen?
Oinarrizko ikasketak Ormaiztegiko eskolan egin nituen eta ondoren Lanbide Heziketa ikasi nuen Zumarragako La Sallen.
Nondik nora ibili zara lanean?
Irizarren lan egin dut beti. 17 urterekin hasi nintzen eta 44 urte eman ditut bertan. Duela bi urte hartu nuen erretiroa.
44 urte horietan asko aldatuko zen Ormaiztegiko enpresa ezagunean.
Nik pinturan lan egin dut eta hori beharbada ez da asko aldatu, baina autobusak asko aldatu dira. Bestalde, bolada ezberdinak bizi izan ditugu. 1990ean bolada txar bat bizi izan genuen. Galera handiak genituen. Koldo Saratxaga azaldu zen eta enpresa altxatu zuen. Pandemia garaian ere galera handiak izan genituen. Autobusak ez ziren mugitzen eta, beraz, jendeak ez zuen autobusik erosten. Dagoeneko berriro egunean sei autobus egiten hasita daude. Pandemia garaian hartu nuen erretiroa. Ordurako erretiroa hartzea erabakita nuen. Asma dut eta pinturak ez dit onik egiten. Dena den, ondo babestuta lan egin dugu beti. Garrantzi handia eman zaio horri eta mediku probak egiteari.
Zertan ematen duzu eguna?
Gauza asko egiten ditut. Argazkigintzari dagokionez, paisaiak eta txirrindulari probak egiten ditut batez ere: Itzulia, Vuelta, Tourra… Txirrindulari probak antolatzen ere aritzen naiz: txirrindulari eskolakoa, ziklo krosa, mendiko bizikleta proba… Horretaz gain, ibiltzea gustatzen zait. 8-10 kilometro egiten ditut egunero. Garai batean zikloturista izan nintzen, baina hernia diskala izan nuen eta bizikleta utzi nuen.
Nolatan bizikleta zaletasuna?
Txikitatik. Aita eta biok Ordiziako lasterketa ikustera joaten ginen, ni aitaren bizikletako barran eserita. Perurenaren garaia zen. Nire idoloa izan da beti. Esprinter onena zen. Pena ez zuela Vuelta irabazterik izan. Ordiziako probak egin zion omenaldian egon nintzen berarekin azken aldiz.
Amorrua emango zizun bizikletan ibiltzen utzi beharrak.
Asko ibiltzen nintzen, taldean eta bakarka. Ormaiztegiko zikloturistok bidaia bat egiten genuen urtero: Enoleko lakuak, Aubisque, Tourmalet, Ordesa, Andorra, Valdezcaray… Toki askotan egon gara. Utzi beharrak amorrua eman zidan, noski. Itzultzen saiatu nintzen, bizpahiru aldiz, baina berehala mina etortzen zen. Medikuak beharbada operatu beharra izango nuela eta kontuz ibiltzeko esan zidan. Duela 20 bat urte utzi nion bizikletan ibiltzeari.
Ordurako argazkigintzan hasia al zinen?
Gaztetan hasi nintzen, baina noizean behin aritzen nintzen. Lagunarteko argazkiak ateratzen nituen. Baina pixkanaka zaletu egin nintzen. Argazkigintzak harrapatu egiten zaitu. Ormaiztegiko argazkiak egiten hasi nintzen, Egin egunkariaren Oria-Urola Garaia ediziorako. Ekitaldi guztietako argazkiak egin nituen, hiru urtez. Ormaiztegiko historia zela konturatu nintzen eta nire kasa jarraitu nuen. Goierriko Hitzarentzat ere asko egin ditut.
Txirrindulari proba askotako argazkiak ere atera dituzu.
Hala da. Ordiziako probara azken 18 urteetan joan naiz. Aurreko edizioetako argazki batzuk ere baditut. Beti nire kasa joan naiz. Beste lasterketa askotara ere joan naiz. Urtero dozena erdi bat ziklo kros probetara joaten naiz, argazkiak egitera eta txirrindulari onak Ormaiztegiko probara gonbidatzera. Errepideko lasterketei dagokienez, Goierriko guztietara joaten naiz. Tourrera dozena bat aldiz joan naiz. Mendateetara joaten naiz: Luz Ardiden, Cauterets, Tourmalet… Vueltari dagokionez, Kantabrian, Errioxan… izan naiz.
Lagun asko egingo zenituen.
Asko. Txirrindulariak, argazkilariak, zaletuak, txirrindularien senideak…
Txirrindulari proben antolaketan ere parte hartzen duzu.
Txirrindularitza eskolen probari dagokionez, iaz ziklo kroseko teknifikazioa egin genuen. Aurten ere hori egin dugu. Helburua ziklo kroseko sekretuak irakastea da: nola igo bizikletara, nola jaitsi, nola pasa oztopoak, nola eraman bizkarrean bizikleta, bihurguneak nola hartu… Ziklo kros lasterketari dagokionez, urtarrilaren 7an izango da. Krisi handia dago. Zortea izan dugu, azken urteetan Gorka eta Ion [Izagirre] etorri direlako. Izan ere, jende asko erakartzen dute. Errepidean aritzen direnak ekartzea zaila da eta ziklo kroseko txirrindulari gutxi daude. Kantabrian Euskal Herrian baino gehiago daude. Kadete eta gazte mailako asko daude, baina 23 urte azpikoen mailara heltzen direnean ziklo krosa utzi egiten dute. Elite mailakoek urte asko daramatzate eta ez dute garai bateko maila. Estatu mailako onena Felipe Ors da eta Estatu mailan nahi duena egiten du. Master mailan, ordea, txirrindulari asko daude. Eguna elkarrekin pasatzea eta elkarren artean lehiatzea gustatzen zaie.
Duela 30-40 urte egoera oso ezberdina zen.
Garai hartan txirrindulari gehiago zeuden:Maiora, Izagirre, Bijandi, Benito Duran, Iurrebaso, Jokin Mujika… Horiek utzi zutenean, krisialdi bat egon zen, baina beti azaldu dira txirrindulari berriak. Egungo egoera txarra da, ordea.
Ormaiztegiko probak osasun ona al du?
Guk utziz gero… Atzetik ez dator inor. Lasterketa askotan gertatzen ari da hori. Jende asko behar da horrelako proba bat antolatzeko eta boluntario hitza hiztegitik desagertzen ari da. Gainera, errepideko probei dagokienez, Ertzaintza baldintza gogorrak jartzen ari da.
Zure txirrindulari kuttuna Txomin Perurena dela esan duzu. Egungoen artean zein gustatzen zaizu?
Gazte on asko daude: Pogacar, Evenepoel… Oso gazte hasi dira eta ez dakit zenbat iraungo duten. Lehen 27 urterekin heltzen ziren maila gorenera eta egun 20rekin. Baina txirrindulari batzuk berehala desagertu dira.
Paisaien argazkiak ere gustatzen zaizkizu.
Bidaietan, mendira joaten naizenean… ateratzen ditut. Emazteak eta biok bidaia asko egin ditugu: Mexiko, Dominikar Errepublika, Antilla Holandarrak, Kuba, Norvegia, Danimarka, Italia, Suitza, Tunez, Egipto, Indonesia…
Estudioko argazkiak ere egiten dituzu.
Estudioa dut eta modeloei argazkiak ateratzen dizkiet: neskak, mutilak, bikoteak, emakume haurdunak, haurrak… Jende asko kanpotik etortzen da. Gaur egun, Internet bidez, kontaktuak egiteko aukera handia dago. Argazki saioak estudioan eta kalean egiten ditut. Zeraingo labeak, Sakoneta hondartza, Andoingo ur jauzia… oso gustukoak ditut argazki saioak egiteko.
Herriko argazkiak ere ateratzen dituzu.
Egin egunkariarentzako lan egin ondoren, herriko argazkiak ateratzen jarraitu nuen. 40 urte daramatzat lan horretan. Festak, tradizioak, ospakizunak, ekitaldiak… Hor ere ikasten joaten zara. Hasieran urrutitik ateratzen nituen eta egun erdiraino sartzen naiz. Lotsa galtzen ere ikasi beharra dago. Balin hileta desfile bateko argazkiak atera nituen. Ez zitzaiela gaizki iruditzen esan zidaten. Toki batzuetan ez zaie argazkiak ateratzea gustatzen eta beste batzuetan beraien burua eskaintzen dute, diruaren truke.
Erakusketak egin izan dituzu.
Hala da. Pandemia garaian, etxetik atera ezin ginen garaian, argazki asko digitalizatu nituen. Facebook eta Instagram sare sozialetan nire argazkiak argitaratzen ditut. Facebooken astero argazki zahar bat jartzen dut, Iraganera begirada izenburupean. Jendeari asko gustatzen zaizkio.
Ormaiztegi asko aldatu al da?
Bai. Etxebizitza zahar gutxi gelditzen dira. Etxebizitza berri guztien eraikitze lanak jaso ditut. Garai bateko etxeen eta egungoen argazkiekin erakusketa egin nuen.
Herria nola ikusten duzu?
Jendea Ormaiztegira bizitzera etortzea gustatuko litzaidake. Eskolarentzat eta kirolarentzat ona izango litzateke. Ormaiztegiko eskubaloi taldea desagertu egin da. Anbrosio Apaolazak utzi egin zuen eta inor ez dago jarraitzeko prest. Irizar bezalako enpresa bat izanda, Ormaiztegin jende gehiago ez bizitzeak harritu egiten nau. Ez dira etxebizitza asko eraiki eta gazte jendea kanpora joan da. Etxebizitzak egiteko saiakerak egin dira, baina ez dira aurrera atera. Bizitzeko toki ona da, ordea. Ondo komunikatuta dago: autobidea bertan dugu eta autobusa eta trena ditugu. Oinarrizko dendak, tabernak eta bankuak ere ez dira falta.
Ormaiztegik jende ezaguna eman du gainera.
Hala da. Zumalakarregi, kirolariak, Mari Karmen Garmendia… Behin Soni Lopez abeslaria Ormaiztegin jaio zela ikusi nuen. Bere aita Irizarren lan egin zuen eta ondoren Huelvara joan ziren bizitzera, emaztea hangoa baitzuen. Aitak nirekin lan egin zuen eta beraiekin harremanetan jarri nintzen. Abeslariaren ezkontzako argazkia ikusi nuenean konturatu nintzen aita nirekin lan egindakoa zela. Facebookek zenbait jenderekin harremanetan jartzeko aukera eman dit. Soldadutzako lagunekin, adibidez. Bat bisitan etorri zen, Kataluniatik. Ormaiztegin bizitakoekin ere harremanetan jarri naiz. Norbait aurkitu nahi duzunean, Facebook edo Instagramera jotzea da onena.
Txirrindularitzaz, argazkigintzaz eta Ormaiztegiz hitz egin dugu, baina euskaltzalea ere bazara. Nola ikusten duzu euskararen osasuna Ormaiztegin?
Beno… Haur guztiek D ereduan ikasten dute, baina erdararako joera dago. Telebistaren, Interneten, bideo-jokoen… eragina izango da. Gauza berezi bat ikusi dut: marokoarren seme-alabak beraien artean euskaraz eta euskaldun peto-petoen seme-alabak gazteleraz. Gaztelera ez da galduko hemen… Ezta Katalunian ere!
Pericorekin, soldadutzan eta Tourrean
Angel Elortzaren argazki kuttunetako bat Perico Delgado txirrindulari espainiarrari ateratakoa da. 1988ko Frantziako Tourrean atera zion, Pirinioetako Luz Ardiden mendatean. Argazkia oso ona delako eta soldadutza Delgadorekin egin zuelako da berezia argazki hori Elortzarentzat. Gainera, Tour hura Delgadok irabazi zuen. «Perico Delgadok eta biok kuartel berean egin genuen soldadutza, Tenerifen. Bera apirilaren 5ekoa da eta ni 22koa. Soldadutzara joan zenerako afizionatu mailan oso ondo zebilen, baina nik ez nuen ezagutzen. Soldadutzan Tenerifeko lasterketetan parte hartu zuen eta hanka batekin irabazi zituen guztiak», gogoratu du ormaiztegiarrak.
Delgadok Tour bakarra irabazi zuen eta Tour hartan atera zion Elortzak argazkia. «Argazkia Cubinok Luz Ardidenen irabazi zuen etapakoa da. Atzealdean taldetxo bat zihoan eta Frantziako telebistako esatariak Delgado atzean gelditzen ari zela esan zuen. Halako batean ikusle batek bizkarretik behera ura bota zion, ez zion graziarik egin eta erasoa jo zuen. Guregana heldu zenerako, ihes eginda zihoan. Ez zuen Cubino harrapatu, baina egun hartan argi utzi zuen Tourra berea zela».
Ormaiztegiarrak gertutik jarraitu du Delgadoren ibilbidea. «Txirrindulari ona izan zen eta egun esataria da. Punta-puntan dago. Horretarako ere balio du. Behin argazki bat bidali nion eta eskerrak eman zizkidan».
Dena den, bere txirrindulari kuttuna Txomin Perurena da. Umetan ezagutu zuen, bere aitarekin lasterketak ikustera joaten zenean, eta heldutan berarekin hitz egiteko eta argazkiak ateratzeko aukera izan zuen.