German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Urteak aurrera joan ahala badirudi dena geroz eta azkarrago doala, denbora azkarrago mugitzen dela. Seguru nago gaur egun hilabetea duela zortzi urte baino azkarrago igaro ohi zaiola gehiengoari, pentsa, ohartzerako abenduan sartzear gaude, jada gabonetako apaingarriak ikus ditzakegu kalean, batzuetan beldurra ere eman dezake denboraren abiadurak.
Ondorioz, haurtzarora begira jartzean, badirudi urtebete mundu bat zela haurrak ginenean, denbora ez zihoala hain azkar, edo ez egun bezain azkar, bederen. Denboran ere aztarna uzten du haurtzaroak eta kezka dut gurasoei ez ote zaien azkarregi (eta ohartzerako) igarotzen euren haurren haurtzaroa, alegia, ez ote dauden lanpetuegi ustezko gauza garrantzitsuekin euren haurrei benetan behar duten arreta eskeintzeko.
Eman gabeko laztanek, muxuek, besarkadek… Esan gabeko animozko, maitasunezko, babesezko hitzek ez dute atzera bueltarik. Eman eta esandakoek ere ez, zorionez. Haurrek ingurune seguru bat behar dute, maitasuna behar dute eta maitasun hori eskainiko dieten pertsonak behar dituzte, maitasuna ez baita euria bailitzan laino artetik erortzen, maitasuna eraiki egiten da, eraiki egin behar da.
Izan frontoian pilotan jokatzen, izan puzzle bat egiten, izan bertsoak entzuten, izan mendi buelta bat ematen, izan kartetan jolasten, izan panpinekin istorioak asmatzen… Haurrak berarekin denbora igaroko duten pertsonak behar ditu, garrantzitsua dela eta bakarrik ez dagoela sentiaraziko dioten pertsonak behar ditu, funtsean, haurtzaro zoriontsu bat behar du eta behar ez ezik haurtzaro zoriontsu bat merezi du.
Haurrak maitasuna une latzetan zein ederretan bere ondoan dagoenari itzuliko dio, haurrak maitasuna eskolara bokadilloa eramaten dionari emango dio, haurrak maitasuna goizero esnatzen duenari eskainiko dio, haurrak maitasuna eskolara eraman eta bertara bere bila joaten denari luzatuko dio, haurrak bere maitasuna maitatua sentiarazten duenari itzuliko dio… Haurrak maitasuna bere bizitzan, bere egunerokotasunean, presente dagoenari oparituko dio.
Ez ahaztu besarkada batek Disneylandiak baino indar gehiago duela. Eguneroko keinu txikiak dira diferentzia sortzen dutenak. Eta, haurrak, ez dira inozoak.