Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, ‘Zopa’ antzezlana estreinatuko du Xirikara umorezko antzerki taldeak, Segurako Botikaxaharren.
Segurako Hitz Edo Irri euskaraz elkarri euskara elkarteak urte asko daramatza Segurako hitanoa berreskuratzeko, bultzatzeko eta zabaltzeko lanketa egiten. Lanketa horren barruan, elkartearen beka bat jaso du Segurako Xirikara umorezko antzerki taldeak, hitanoa ardatz izango duen antzezlan bat sortzeko. Sorkuntza prozesua eginda, abenduaren 3an estreinatuko dute lana, Botikaxahar aretoan, Euskararen Egunean, ondoren Euskal Herriko beste herri batzuetan aurkezteko asmoarekin.
Mirari Martiarena (Hitzetik Hortzera, Luze Edo Motz) umoregile, gidoilari eta kazetari oiartzuarrarekin jarri ziren harremanetan gidoia idaz zezan. Oinarri finko bat izan behar zuen gidoiak: hika izan behar zen. Hortik abiatuta, Zopa izeneko antzezlanaren gidoia ondu zuen Martiarenak, segurarren zopajale ezizenari erreferentzia eginez. Erretiro espiritual batean kokatzen da antzezlana. Idoia Uranga (Goenkale, Goazen) aktore eta zuzendariak egin ditu zuzenketak. Azaldu duenez, obrak ezustean harrapatuko ditu ikusleak: «Erretirora pentsamendu batekin joaten zara, bada pentsamendu horiek guztiak baztertu egin beharko dituzu, ez duzu horrelakorik edukiko eta sorpresak izango dituzu». Hori da, labur, antzezlanaren muina. Hilabeteak daramatzate entseguekin, «prozesu luzea» baitauka. Antzezleak 25 eta 78 urte arteko segurarrak dira, umorezko antzerki taldean sorreratik dabiltzanak, aktore amateurrak, bakoitzaren eguneroko lana antzerkiarekin uztartzen dutenak. Aiora Juantorenak Eiderren papera egiten du antzezlanean; Maider Hernandez Oihana da; Arantxi Santesteban, Ixiar; Luli Telleria, Pello; Koldo Alustiza, Jota; Olatz Etxeberria, Zuriñe; eta Ekiñe Izagirre, Nerea.
Gidoiaren irakurketa, testuen analisia eta hizkuntzaren barneratzea egin ondoren, «pertsonaiei bizia ematen» hasi dira. «Pertsonaia bakoitzak bere ezaugarriak ditu, zergatik den horrelakoa, nola hitz egiten duen, nola mugitzen den… hori egin dute eta orain disfrutatzen hasi dira, pertsonaiak finkatuta», azaldu du zuzendariak.
Segurako hitanoa
Hitanoa bultzatzeko helburuarekin sortutako proiektua denez, hika da antzezlan osoa. Gidoia eskuetan, Segurako hitanora egokitu dute, herriz herri eta eskualdez eskualde aldaketak baititu. «Ni azkoitiarra naiz eta hika hitz egiten dut. Desberdina da, beste sonoritate bat dauka, eta horrek ere lanketa bat dauka». Antzezleentzat ere erronka txiki bat izan da hitanoa naturaltasunez antzezlanerako barneratzea eta interpretazioaren parte egitea. Koldok eta Lulik hika hitz egiten dute egunerokotasunean, batik bat mutilekin, eta Arantxik familiako batzuekin ere bai. Olatz Segura Irratiko Bixi-Bixi saioan ere aritzen da hika, baina gainontzekoek egunerokotasunean ez dute ohiturarik hitanoa erabiltzeko. Hitanoa, baina zehazki noka sustatzeko proiektua da, hau da, emakumeen arteko hizkera.
Xirikara izena
Hitanoa zabaltzearekin batera, estreinaldi egunerako, taldearen helburua da ondo pasaraztea. «Hori nahi dugu, bertako jendea etortzea. Barreak egingo dituztela, gozatu egingo dutela, haien hizkuntzan eginikoa dela, haientzat bereziki», dei egin die segurarrei zuzendariak. Aldi berean, taldea bera ere gozatzen ari da prozesuan, eta hori «ezinbestekotzat» jo du Urangak. «Oso inportantea da, publikoak ondo pasatzeko egiten duzun zerbait bada, zuk lanketa prozesu horretan ere ondo pasa behar duzu, bestela ez duzu ezer onik aterako». Bi emanaldi egingo dituzte, 17:00etan lehena, eta 19:00etan bigarrena. Doakoa izango da, baina aurrez herriko tabernetan jarriko dituzte sarrerak eskuragai, aforoa zehazte aldera.
2014an sortu zuten Segurako umorezko antzerki taldea, Olatz Etxeberriaren ekimenez. Antzerki munduan zebilen eta bakarrizketak ere egiten zituen garai hartan herriz herri. Udalarekin harremanetan jarri zen deialdia egiteko, eta zenbait herritarrek izena eman zuten. Aurten izen berri bat jarri diote taldeari: Xirikara. Etxeberriak azaldu bezala, «pilota txapa gainean oso gutxigatik uztean» egiten den jokaldiari esaten zaio xirikara. Antzezlan berria eta Segurak pilotarekin izan duen harremana baliatuta, izen hori eman diote.
Pandemia aurretik egin zuten azken antzezlana, eta pandemia garaian Whatsapp bidez hainbat esketx zabaldu zituzten. «Orain aukera hau etorri zaigu eta taldeari bultzada emango diogu», azaldu du Etxeberriak. Taldeko zuzendari ibili da sorreratik. Zopa-n aktore lanetan ariko da.
Bira
Segurako Euskara Elkarteak eskatu zuen beste ezaugarri bat izan zen sortutako antzezlana ondoren Euskal Herriko beste txoko batzuetan antzezteko aukera ere eskaintzea. Bira txiki bat egingo dute. Kontratazioetarako, xirikara@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete interesa dutenek. Dagoeneko badituzte beste data batzuk zehaztuta. Bitartean, Segurako estreinaldiari begira daude, azken entseguak eta antolaketa lanak egiten. Hika, herriko taldearen eskutik, herrian bertan, eta umoretik, Zopa antzezlan sortu berriarekin gozatzeko aukera eskainiko dute Euskararen Egunean.
Hitanoa praktikan jartzen
Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri Segurako euskara elkartearen ekimenez sortu dute Zopa antzezlana. Azken proiektua da. Aurretik ere hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen egin ditu elkarteak. Iaz, hitanoaren alde egiten duten lanari aitortza egin zion Uemak Udalerri Euskaldunen Egunean. Orain beste ekimen bat ere badute esku artean. Aurreko ostiralean Segurako hitanoa praktikan jartzeko saioei ekin zieten. Ordu eta erdiko saioen dinamika hau da: ariketa sinpleen eta jolasen bidez, eguneroko elkarrizketak lantzen dituzte, hitanoz. Kultur etxean hasi eta taberna batean trago bat hartuz bukatzen dituzte saioak. Ondoren, parte hartzen duten herritarrek lagun artean jarri dezakete praktikan hika, zabaltzeko. Gaur eta abenduaren 1ean egingo dituzte beste bi saioak.