Tenperaturen jaitsierarekin batera iritsi dira aurten ere Ormaiztegiko San Andres jaiak, azaroko azken eta abenduko lehenengo asteetan ospatuko dituztenak. Neguaren atarian izaten dira urtero-urtero jai hauek, baina Ormaiztegiko gazteek ez dute hotzik sumatu ere egiten, kalean pasatzen baitute egun zein gau osoa. Aurten, gainera, berezitasun bat izango dute, Ormaiztegiko Gazte Asanbladak gazteen ahotsetik emango diete hasiera jaiei, pregoia botaz.
Sarai Gorostidi eta Izaro Mendizabal izango dira Ormaiztegiko Gazte Asanbladako ordezkari jaiei hasiera ematerakoan. Aurtengoan haiei egokitu zaienez pregoia, talde barruan ere nor izango zen egokiena taldea ordezkatzeko pentsatzen jarri ziren asanbladako kideak. Aipatu dutenaren arabera, hasieratik «argi izan zuten taldean aktiboki parte hartzen duen norbait izan behar zela» eta aukera desberdinen artean haien izena atera zen. «Lotsaren faktorea ere baloratu zuten» eta hau guztia kontuan izanik, haiek izango zirela aurtengo pregoilariak erabaki zuen Ormaiztegiko Gazte Asanbladak. Hau hala izanik, bai Gorostidik eta bai Mendizabalek «urduri samar» daudela adierazi dute, izan ere, «herri osoaren aurrean Gazte Asanblada ordezkatuko dute» eta bien lehenengo aldia izango da «horrenbeste jenderen aurrean» hitz egiten dutena. Hala ere, «pozez eta ilusioz» hartu dute ardura hau.
Pregoi laburra eta zehatza
Hautu kontziente bat egin dute pregoia «laburra eta zehatza» izan dadin eta bertan, «gazteek herrian duten presentziaren garrantzia» azpimarratuko dute batez ere, izan jaiak antolatzerakoan zein urtean zeharreko ekintzak antolatzerakoan. Azken finean, gazteek herriari «bizia» ematen diotela diote eta hori izango dela pregoiaren «ideia nagusia».
Jaietarako lan ugari egin dute eta aurrez aipatu bezala, urte osoan zehar ere lanean aritu dira, «inoiz baino aktiboago», gainera. Adierazi dutenaren arabera, areto futbol txapelketa «arrakastatsua» izan da eta honek herrian haien presentzia «handitu» du nolabait, «herritar ugari mugituz, adin desberdinetakoak». Hau hala izanik, herriko gazteen artean «giro bikaina» daukate eta jaietara begira aurreikuspen onak egin dituzte, izan giro aldetik zein jende aldetik.
Aurten ere jaiak baino «bi hilabete lehenago» hasi ziren jaiak prestatzen gutxi gorabehera, ohi bezala, udaren amaierarekin batera. Hala ere, azken unean «lan ugari pilatzen» zaizkie eta data ere ez dela «izan zitekeen onena» esan dute, unibertsitateko ikasleak, adibidez, azterketa garaian harrapatzen baitituzte. Hau hala izanik, garrantzia handia eman diote «lanen eta arduren baketari», jaiak «aurrera atera» eta guztiek «ondo» pasatzeko.