Asier Zinkunegi • Antzezlea
Aurreko astean Kultur Eskubideen inguruko nazioarteko jardunaldi batean izan nintzen. Gaia beti izan zait interesekoa, behin baino gehiagotan aipatu dut, oholtzatik kanpora begiratuta aniztasun gutxi ikusi izan dudala ikusleen artean. Nabarmena da ere, oholtza gainean egoten garenen artean, aniztasuna nahiko mugatua dela. Agian, aniztasun hitza aipatzean zertaz ari naizen argitu beharko nuke: aniztasun kulturala, aniztasun funtzionala, sexu aniztasuna… Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenaren 27. Artikuluak, dio: Pertsona orok du eskubidea komunitatearen kultura-bizitzan askatasunez parte hartzeko, eta arteez gozatzeko. Parte hartzearen kasuan, kultur jardunean bi maila bereiziko nituzke: ikuslea/hartzailea, eta sortzailea.
Azken aldian joan zareten kultur jardueren inguruan hausnartzera gonbidatzen zaituztet (zinema, antzerkia, erakusketa, kontzertua, bertso saioa…). Burura datorkizuen ekimen horren argazkian, zenbateraino dago presente aniztasuna ikusleen artean, sortzaileen artean? Argazki horrek, gure gizartean ditugun arrakalak azaleratzen dizkigu. Generoko arrakala, arrakala ekonomikoa, arrakala kulturala…
Gizarte justuago batean bizi nahi badugu, kultur eskubideak bermatzea ahalbidetu beharko genuke. Jardunaldiko hizlari batek zioen bezala, kultur eskubideak beste eskubide batzuen giltzarria baitira. Etorkizunera begira Euskal Herriko kultur politiken norabidearen inguruan hausnarketa sustatu zen jardunaldian. Tamalez amaiera arte ezin nuen gelditu eta galdu egin nuen gogoeta. Halere argi daukat, Euskal Herriko kultur politikak aniztasuna, inklusioa, ekitatea eta euskara bezalako hitzetan oinarrituta garatu beharko liratekeela.