Goiatz Arana • Ormaiztegi
Gabiriarako bidegurutzearen alboan, ezkerretara dauden etxebizitzen arkupeetan. Hantxe dago Arana Taberna. 1968ko otsailetik. Bigarren etxea izan da niretzat; niretzat eta nire ahizpa Mari Jose eta Olaiarentzat. Bertan lanean ezagutu ditugu aita zena (Teodoro) eta ama (Maritxu), Josune lehengusuaren ezinbesteko laguntzarekin.
Umea nintzen garaitik, gogoan dut mostradore barrua berde kolorekoa zela, ardoa edalontzi baxuetan zerbitzatzen zela edota txikitoak 15 pezeta balio zituela. Gaztetan, mantel zuria gerrian lotu eta lanera, gu ere! Etxeko negozioan lagundu beharra zegoen. Mostradorean aritzen ginen gehienbat, bezeroekin kontuak esanez eta gustuko musika entzunez. Ostiral arratsaldetan, Segura Irratia ozen jarri eta Iñigo Etxenikek ipinitako kantuen konpainian, mostradoreko garbiketa egiten genuen. Zapatu goizetan, libre izanez gero, nahikoa lo egin eta tabernara, kategoriako kafesnea hartzera… A ze oroitzapenak!
Jatekoen artetik, txuletak ziren izarra; gure aitak aizkorarekin neurrira moztu eta plantxan erretzen zituen. Tripakiak ere etxean prestatzen zituzten aitak eta amak, harategitik osorik ekarrita; zenbat lan! Eta pintxoen artetik, berriz, odolkia (poliki-poliki egositakoa), mingaina, zapatutako albondigak edo igandetako txanpiñoiak ziren bereziki estimatuak.
Aita zenari hitz batzuk
Eta nahiko nituzke lerro hauek baliatu aita zenari buruz hitz batzuk esateko ere. Mikel Markezek bere kantu batean dioen moduan, goizero esnatzean, nire aita joaten zen lanera. Hala egin zuen beti, txingurrien modura… Tabernan ematen zuen eguna, goizean hasi eta gauera arte. Zapatu gauetan, orduan bai, gustatzen zitzaion lanak amaitutakoan tartetxo bat hartzea, Jose Manuel, Juan Mari eta Celesekin musean egiteko. Eskerrak halako momentuei!
Langile fina, gizon ona eta aita are hobeagoa; zoriontsu izateko gu ondo ikustea besterik behar ez zuena. 1996an hil zen. Sekulako hutsunea izanik ere, egin genuen aurrera, ze erremedio; nahiz eta bost emakume izateak –hiru, gazteak– ez zituen, hainbatetan, gauzak erraz ipintzen.
Baina 55 urtez familiako negozioa izan dena azken pausoak ematen dabil orain; 2024an ateak itxiko ditu. Gorabeherak gorabehera, asko eman digu urteotan denetan eta saiatu gara gu ere bezeroekikoak ondo betetzen. Bizi izandako momentu on horiek guztiak gordeko ditugu gure oroimenean. Zuek ere hala egingo duzuelakoan, eskerrik asko gu eta gure lana apreziatu
dituzuenoi!