Goierriko Energia Bulegoa datozen asteetan irekiko dute. Goiekik, Goierriko 18 udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da. Sara Irastorza (Zegama, 1998) arduratuko da goierritarrei arreta emateaz. Eskainiko dituzten zerbitzuei buruzko argibideak eman ditu.
Animatuta al zaude bulegoa ireki eta zerbitzua ematen hasteko?
Bai, gogo handia daukat. Hilabete batzuk daramagu proiektu hau garatzen, eta dagoeneko dena prest dugu zerbitzua ematen hasteko. Herritar askorentzat energia gai kritikoa bihurtzen ari da egunerokotasunean. Goierriko Energia Bulegoarekin herritarrei laguntza eman nahi diegu energiaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko. Arreta zuzena eta doakoa eskainiko dugu.
Zer da zehazki energia bulegoan emango duzuen zerbitzua?
Goierrin Energia Bulegoa sortzeko egindako azterketan gizartearentzat premia handiena duten gaiak identifikatu ditugu: energia fakturen kostuak jaistean laguntzea, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen energia behar minimoak mantentzen laguntzea eta energiaren inguruko informazio orokorra ematea. Hortik abiatuta, hasiera batean lau gai ezberdin landuko ditugu.
Zein da landuko duzun lehenengo gaia?
Argindar eta gas fakturak ulertzea, aztertzea eta optimizatzea. Azken boladan energia fakturen kostuak izan duen igoera izugarria ikusita, hori ulertzea, aztertzea eta optimizatzea garrantzitsua izango da energia kostu hori txikitzen laguntzeko. Faktura horiek goitik behera begiratu eta ulertuko ditugu, eta hobekuntzak proposatuko ditut. Horrez gain, energia tarifa ezberdinak konparatuko ditugu bakoitzaren egoerarako egokiena aukeratzeko.
Eta bigarrena?
Fakturak optimizatzeko tramiteen kudeaketan laguntzea. Fakturaren azterketa egin ondoren, baliteke hainbat tramite egin behar izatea: kontratua aldatzea edota potentzia egokitzea. Aldaketa horiek nola egin ere azalduko dut, bide errazenak eta egokienak erakutsiz.
Aholkulari lana egitea ere badago zure zereginen artean ezta?
Hori da hirugarrena, etxean energia aurrezteko aholkuak ematea. Energia erabilera gutxituz eta erabilera efizienteak sustatuz, eredu jasangarriago batera moldatzen lagunduko digu. Gainera, energia modu egokiago batean erabiltzen ikasten badugu, gure fakturetan islatuko da hori ondoren.
Eta azkena?
Bonu sozialaren inguruko informazioa ematea. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei behar minimoak mantentzen lagundu nahi diegu, energia kostuak murriztuz eta etxeen konforta eta bizi kalitatea hobetuz. Horretarako, aurreko hiru puntuak landu ez ezik, bonu sozialaren inguruko informazio zehatza ere emango dut.
Horrez gain, energiaren inguruan momentuan eskuragarri dauden beste dirulaguntza batzuen inguruko informazioa ere emango dut.
Aurrera begira gai gehiago lantzea gustatuko al litzaizueke?
Bai, lehen hilabeteetako esperientzian oinarrituz eta kontsultetan ikusten diren beharrak aztertuz, zerbitzua zabaltzea gustatuko litzaiguke. Gai horiek, besteak beste, ondorengoak izatea aurreikusten dugu: energia berriztagarriak eta auto-kontsumoa, komunitate energetikoen garapena, instalakuntza efizienteak, eraikuntza birgaitzeak eta mugikortasun jasangarria.
Baina esan bezala, herritarrek beraiek egindako kontsultekin, etorkizunean jarraitu beharreko bidea marraztuko digute.
Eta zer zerbitzu ez duzue emango?
Aholkuak emateko eta zalantzak argitzen laguntzeko gunea izanik, tramiteak ez dira bertan egingo. Baina horiek egiteko laguntza eta orientazioa beti eskainiko dugu.
Kontsultaren bat egitera joaten direnek zer eraman behar dute?
Galdetu nahi dutenaren arabera, baina, orokorrean dituzten argindar eta gas faktura berrienak ekartzearekin nahikoa izango da. Ziur aski bulegoan gauden bitartean gai ezberdinak aterako dira. Beraz, bertan ikusiko dugu aldaketarik egin behar den eta zer beharko duten horretarako.
Energia mahaian lehenetsitako ekintza bat da bulegoa martxan jartzea. Zer mezu eman nahi zenieke goierritarrei bulegora jo dezaten?
Herritarrei laguntzeko eta herritarrak ahalduntzeko gunea izango da. Ez dugu nahi galdera-erantzun zerbitzua izatea soilik. Beharrezko azalpenak eta tresnak ematea gustatuko litzaidake, pixkanaka bakoitzak bere etxetik aldaketak, berrikuspenak… egiteko baliabideak izateko eta horretarako gaitasuna garatzeko. Elkarrekin sortu behar dugun gunea da, hortaz, edozein zalantza edo kezka, nahiz eta txikiak direla iruditu, ongi etorriak izango dira. Etor daitezela lasai, gustura lagunduko diet eta.
Bulegoaren ordutegia
Bulegoa astean behin leku ezberdinetan egongo da. Goierriko herri ertain eta txikietan ere zerbitzua aurrez aurre emateko aukera izango da. Denetan ere aurretik hitzordua eskatu beharko da.
- Astelehen goizetan Lazkaon, Udaletxean. 10:00etatik 14:00etara.
- Asteazken goizetan Beasainen, Martina Maiz 3. 10:00etatik 14:00etara.
- Ostiral goizetan Ordizian, Udaletxeko Arreta Bulegoan. 09:00etatik 13:00etara.
- Astelehenetik ostegunera arratsaldeetan Goiekin, Arranomendia 5, NBF eraikina, Ordizia. 15:00etatik 17:30etara.