Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Konturatzen al zarete, gaizki, oso gaizki, funtzionatzen ari den munduaren berri jasotzen dugunean, telebistan azaltzen diren pertsona ia-ia guztiak gizonezkoak izaten direla? Agintari, buru eta protagonista ia guztiak gizonezkoak izaten dira. Kasualitatea? Ez dugu uste hala denik.
Egia da, emakumeen presentzia politikan, bizitza sozialean, komunikabideetan… duela urte batzuk baino handiagoa dela gaur egun, baina, oraindik ere, zuzena gizonezkoak eta emakumeak parean egotea bada, parekidetasuna badugu helburu, lekutan gaude! Bide okerretik doa mundua, bide okerretik bideratua; ondorioz, oker gabiltza: gerra hemen, gerra han, bortxaketa etxean, bortxaketa festetan… eliz gizonen eta besteren abusuak, zapalkuntza, burla, bazterketa…
Ea, begiratu eta aztertu: nortzuk dira gerlari, nortzuk bortxatzaile, zapaltzaile, hiltzaile? Ia-ia-ia denak gizonak. Eta errudun direla frogatu arren, hor jarraitzen dute, beren lekuetan ‘lanean’, lasai bizitzen, harro! Hau ikaragarria da.
Egunkarietatik, irratietatik, sare sozialetatik jaten dugu. Kritiko ez bagara, horiek maneiatzen gaituzte, horiek moldatzen digute geure garuna, nortasuna eta izate osoa. Hainbeste aldiz esan izan dugun bezala, historia irabazleek idatzi zuten eta irabazleek jarraitzen dute idazten. Dudarik gabe, gizonek mundua gizonen neurrira egiten dute, beren intereseko. Non dago errespetua? Ezin diegu utzi nahi dutena egiten, ezin gara beraien esanetara makurtu, beraien itzala izan.
Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorra, guztioi dagokigun zaintza sistema kolektiboaren alde. Berri horren inguruan azaltzen ari gara emakumeak komunikabideetan, tartetxo batzuetan, argazkietan eta hizketan, ia hortxe bakarrik.
Ahaldundu gaitezen! Eta bi eskuei txistu emanda lortu dezagun geure lekua etxean, eskolan, lantokian, kalean, munduan. Eman, ez digute ezer emango, geuk lortu beharko dugu.