Osagaiak
- Txipiroiak
- Odolkia
- Aza
- Babarrun beltzak
- Barrengorriak
- Ibarrako piperrak
- Arroza
Prestaketa
Egiteko erraza da Ivanka Sevdinak emandako errezeta. Garaiko produktuak erabiliz osatu daitekeena.
Lehenik odolkia egosi behar da. Eta egosi ondoren barruko mamia atera.
Bitartean txipiroiak garbitu behar dira. Gorputza alde batetik eta garro edo tentakuluak bestetik gorde.
Ondoren, txipiroiak odolkiaren mamiaz bete, zotz batekin itxi eta zartagin batean plantxan egin. Ez dira gehiegi egin behar, bestela gogortu egiten baitira.
Lagungarriak
Lagungarri bezala babarrun plateraren osagai guztiak jar daitezke:
- Aurrez egositako babarrunak
- Aza egosia
- Ibarrako piperrak
Horrez gain beste bi lagungarri ere baditu plater honek:
- Arroza
- Barrengorriak
Aurkezpena
Hondoan aza pixka bat jarri eta gainean txipiroi beteak. Horrez gain, alde batean arroz pixka bat plantxan egindako txipiroien garroekin jarri daiteke, eta beste aldetik babarrun batzuk barrengorriekin inguratuta.
Gabiriako Korta jatetxean bista ederrak jantoki zabalean
Goierriko jatetxe klasikoa da dagoeneko Gabiriako Korta. Jose Inazio Soraluze nagusiak eta Ivanka Sevdina sukaldariak daramate bertako martxa.
Gaur egun ostiral, larunbat, igande eta astelehenetan irekitzen dituzte ateak. Bi jangela handietan ehun lagunentzat tokia dute, eta bertako beirate handietatik bista ederrez goza daiteke.
Kortan, garaiko produktuetan oinarritutako betiko sukaldaritza egiten dute. Haragiak eta arrainak egiteko garaian brasa da bertako erregea. Arrainetan erreboiloa, lupia, bisigua eta olagarroak dute harrerarik onena, denak ere parrilan eginda. Haragietan, berriz, txuleta da jendeak gehien eskatzen duena. Angus arrazako behikiarekin lan asko egiten dute.
Karta zerbitzua eta asteburuko menua eskaintzen dituzte Korta jatetxean. Eta bere jangela handiak ospakizun jendetsuak zerbitzatzeko ere egokiak dira.