Izan zitekeen asteazkena, edo osteguna. Baina ostirala izatea erabaki du irakurtzen ari zaren testuaren egileak, ostirala izatea eta zu, lanetik bueltan, esku batean lata bat garagardo eta bestean GoiBerri astekariaren azken alea duzula, egongelako sofan etzanaraztea. Bakarrik zaude eta ez dago inor etxean. Ez dago inor etxean eta bakarrik zaude. Batzuetan gauzak birritan esan behar izaten dira, eta goi-arnasarik gabe gabiltzanean hogeita hemezortzi karaktere hogeita hemezortzi karaktere dira, kamarada.
Kate motzean da kate motzean lotuta zauzkan astekariko atal bakarra, azkar irakurtzen delako eta irakurtzeko ohitura ezohikoa dutenek ze liburu irakurri ohi dituzten jakiteko jakin-min asezina izaten duzulako batez ere. Gaur baina, begiak galde-erantzunen takatekoetatik libratu eta bestelako apar eta apurretan barrentzeko lizentzia eman diozu zeure buruari. Elkarrizketa, erreportajea, iritzia, sorkuntza eta narrazioa. Zakil eta flauta artean. Gaiak hala dio, nonbait. Tira, gaiak ez, izenburuak. Pare bat bertso edo aforismoren bat izenpetzen irudika zenezakeen, baina bi mila karakteretik gorako narrazioa? Ekaitz Goikoetxea. Ez al zen, bada, hitzak guztiz eranzteraino bihurritzen zituen isiltasunaren maitalea? Isiltasuna eta orrialde zuria hain ederrak izanda, urratzeko ze nezesidade gainera? Kontua da zakil eta flauta artean («entre pitos y flautas»????, baina ze kristo da hau? «Kristo»????. Ez da posible, ezin liteke, gaizki zaude eta hau bakarrik behar zenuen. Ez, Ekaitzek ez zukeen sekula esaldi berean zakil, flauta eta kristoren arteko hirutasun saindurik irudikatuko. Hau ez da, bada, AAri (adimen artifizialari) eta ez A.A.ri (Alaine Agirreri) eskatutako enkargutxoren bat izango, ezta? Lasai, hartu arnasa, oraintxe itxiko dugu-eta parentesia), zakil eta flauta artean (gauza batzuk birritan esan behar dira, hogeita hiru karaktere hogeita hiru karaktere dira, eta parentesi arteko zehaztapenarekin ehun eta hirurogeita hama…) zakil eta flauta artean hona artekoak ia oharkabean irentsi dituzula, eta behin hontara ezkero… Bai, aitortuko ez baduzu ere, zure ile, lepo eta bizkarretik barrez ari zaizun Ekaitz Goikoetxea edo bere izenean idatzi duenaren testu edo dena delako hau gustura irakurri duzu, oso gustura. Izan ere, ez da gutxiagorako, edozein ez da ipuin bateko protagonista izatera heltzen. Eta zakil eta flauta artean zu heldu zara. Honaino.