Mendeetan zehar, espainiar zein frantziar estatuek molde desberdinetako egitura politikoen (izan monarkia, errepublika, inperioak zein diktadura totalitarioak) “legalitatea” erabili izan dute Euskal Herritarroi, indarrez gaztelera eta frantsesa inposatu eta euskara ixilarazi, gutxietxi eta zapaltzeko. Joan Mari Torrealdai-ren Euskararen Liburu Beltza liburuan, erdi aroaren amaieratik hasi eta XX.mendea bitartean indarrean jarritako orotariko, iritzi, agindu, ediktu, dekretu, arau eta lege ageri dira, bakoitza bere molde eta estiloan plazaratua, baina helburu bakar batekin: Euskara, gure herria egituratuko duen hizkuntza hauspotua izan dadin ekidin, eta gehienez ere etxeko sukaldeko bazterrera kondenatutako errelikia bihurtzea. Gure herrian bertan bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza bilakatzea. Gaztelera eta frantsesa inposatu nahi digutenen supremazismo linguistikoak ez du etenik izan, hamarkada joan eta hamarkada etorri.
Hori horrela izanik, euskarari dagokion tokia ematea ezinbestekoa ikusten dugun herritarrok, etengabe korrontearen aurka egin behar izan dugu bidea. Gaur da eguna, legearen arabera, estatu espainiarrean Gaztelera jakitera behartu gaudena, euskara jakiteko eskubidea dugun bitartean. Edo EAEn euskararen estatusa arautzen duen legea duela 41 urtekoa dena. Edo Nafarroa Garaiko eremu zabaletan euskara ofiziala ez dena, edo frantziar estatuan frantsesa ez den beste hizkuntzarik ez den onartzen ofizialki onartzen, Ipar Euskal Herriko herritarren hizkuntza eskubideak errotik ukatzen diren.
Gau ilun horren baitan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 LEGEAk, apirilaren 7koa, eta beronen garapenerako azaroaren 19ko 179/2019 DEKRETUAk eremu instituzional eta administratiboan euskararen erabilera hauspotzeko argi izpi bat ekarri zuten. Baina euskara bazterrean nahi duten alderdi, sindikatu, komunikabide eta epaile supremazista linguistikoentzat gehiegi zen. Eta eremu desberdinetatik elkarri eraginaz, Euskadiko Auzitegi Gorenaren eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakientzat bidea urratu dute. Berriro ere, juridikoki duela 40 urteko egoerara parekatuz. Beste kapitulu bat Euskararen Liburu beltzerako.
Egoera honek, beste behin ere, euskara gure arbasoetatik datorkigun altxorra ezezik herri honen etorkizuna egituratuko duen komunikazio eta harreman tresna nagusia izatea nahi dugunok, elkarri besotik heldu eta aurrera egitea behartuta gaude. Oinarrizko akordioak josi eta garatuko dituen akordio sozio-politiko zabalak ezinbestekoak ditugu. Espainiar zein frantziar estatu egituretatik datozkigun inposaketa erreakzionarioei aurre egin eta euskarari beste estatus politiko, sozial eta legal berri bat emango diona. Behingoz, inongo inposaketarik gabe Euskal Herri euskaldun eta eleanitza eraikitzeko oztopo denak atzean utziko dituena. Gure kaleetan bihar euskarak izango duen presentzia, gaur josiko ditugun adostasun sareen baitan dagoelako.