Horixe gerta liteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak urriaren 17an emandako epaia irmo bilakatzen bada. Udaletxeetan ezingo dute telefonoa euskaraz hartu. Akordio soziopolitikorako beharra azpimarratzen dute eragile guztiek.
Alor juridikotik heldu dira euskararen aurkako azken albisteak eta erasoak. Vox eta PP alderdien helegite bat aintzat hartuta, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen urriaren 17an Udal Legeak euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua, eta 12., 24., 27. eta 36. artikuluen eduki batzuk, udaletan euskara lehenesteak «baztertu» egiten duela gaztelania argudiatuz, EAEko bi hizkuntza koofizialen artean «egon behar duen oreka haustea» ekarriz.
EAEko Justizia Nagusiaren epaia ez da irmoa oraindik, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak ohar baten bidez jakinarazi zuen pasa den astean, helegitea aurkeztuko duela. Jaurlaritzak adierazi du, Udal Legearen dekretua egokia dela, «gaztelaniari buruzko erreferentzia batzuk ez egotea» ez dela ulertu behar hizkuntza horren «diskriminazio» gisara.
Batez ere, Uemako (Udalerri euskaldunen mankomunitatea) udalerriei eragingo lieke epaiak, udaletan euskaraz bizitzeko erabakia hartu eta bidea egin dutenei. Goierriren kasuan, Uemako udalerriak hamabi dira: Altzaga, Arama, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia eta Zerain. Ataungo alkatea eta Uemako lehendakaria den Martin Aramendi ataundarrak adierazi duenez, «larria da erabakia. Etorriko dira gehiago, nik uste. Itxura hori dauka».
Euskaraz funtzionatzea
«2016an onartutako Udal Legeak eta 2019ko dekretuak aukera ematen die udal bakoitzari bere irizpidea jartzeko. Gure irizpidea izan da, euskaraz funtzionatzea eta gaztelaniaz etortzen zaizkigun eskaera horiei bi hizkuntzatan erantzutea. Norbaitek eskatzen badu gaztelaniaz nahi duela, eman egiten zaio. Eta ez da inongo arazorik izan. Zein helbururekin dator orain hau?», galdetu du Aramendik. «Hegoak moztu nahi dizkigute edo… ez dakit. Ikusi dute nolabaiteko normalizazioa lortu dela eremu hauetan, eten egin nahi dute normalizazio hori», erantzun du.
Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa egiten bada, adibidez, udaletxeetan ezingo da telefonoa euskaraz hartu. «Gaztelaniaz hartu behar al dugu telefonoa? Frogak egingo dituzte udaletxeetara deituta? Ez dakigu ze jokabide hartuko duten edo ze zigor etor daitezkeen hortik. Ez dut uste etorriko denik, baina ikusiko dugu». Lehenengo hitza euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du Aramendik. «Euskararen seigarren plangintzaldiko ondorioak atera dituzte eta esaten da gakoetako bat dela lehenengo hitza euskaraz egitea. Lehenengo hitza euskaraz egiten den tokietan erabilera tasa dezentez handiagoa dela».
Erdaldunen hizkuntz eskaubideak
Beste ondorio bat ere izango du epaiak: «Sorkuntza hizkuntza ere biak izan behar dute. Itzulpena ez du aipatzen baina, badirudi ezin dela itzuli. Euskaraz sortzen baduzu testu bat, gaztelaniaz ere sortu egin behar duzula… Zentzurik ez daukaten erabakiak dira».
Erdaldunen hizkuntza eskubideak urratzen direla argudiatu du epaileek. «Azkenean gure diskurtsoa bereganatu dute. Ez da erreala esatea gaztelaniaz bizi den jendearen hizkuntza eskubideak urratzen ditugula. Adar jotzea iruditzen zait esatea erdaldunen hizkuntza eskubideak urratzen direla. Euskaldunon kasuan bai oraindik. Noiznahi daukagu mediku edo pediatra erdalduna. Ertzainak gelditzen gaituenean ere erdaraz egin behar izaten dugu… Oraindik pauso asko daude emateko, baita administrazioan ere», azpimarratu du.
Are gehiago, Aramendiren ustez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren euskararen aurkako azken epaia, «bizikidetzaren aurkako» erabaki bat da. «Garbi esanda, ez gaituzte begi aurrean ikusi nahi. Gure ongizatea eta euskaraz bizitzeko daukagun eskubidea urratzeko edozein gauza egiteko prest daude. Okerrena da, alderdi batzuk horrelako salaketa edo auzibidea martxan jartzea, eta horri bide eman dion epaileak egotea». Udal Legea onarpen zabalarekin onartu zela gogoratu du ataundarrak. «Egia da, azaroaren 4ko manifestazioan PSE ez zela egon, Podemosek ere ez zuen babestu… Pentsatu nahi dut nahiz eta manifestaziora ez joan, ez dutela bat egiten epaitegietatik etorri den erabaki horrekin».
«Berdin jarraitzeko» asmoa
Epaiak epai, Uemako udalerriek «berdin jarraitzeko» asmoa daukatela aurreratu du Aramendik, «baina akordio soziopolitikoa lortzea garrantzitsua izango da, lege babesik gabe ez geratzeko». Ataundarrak gaineratu duenez, «badakigu gaur egungo antolaketa politiko honek ez digula babes hori emango, horretarako estatus politiko berri bat beharko genuke, oraindik urruti samar dagoena, baina badirudi berriz ere badatorrela gai hori, eta horretan ere urratsa ematea litzateke».
Bilboko «harresia»
Berriz ere, azaroaren 4ko Bilboko manifestazioari erreferentzia eginez, «oraingoz akordio soziopolitikoa ahal den zabalena behar dugu, azaroaren 4an Bilbon ikusi zen antzekoa edo zabalagoa».
Gainera, 70.000 herritarrek osatutako «harresia» goraipatu du Uemako lehendakariak. «Harresi handi bat osatu genuen eta harresi hori sendotzeko garrantzitsua izango da akordio soziopolitikoa berritzea eta ahalik eta zabalena izatea. Erakustea ez dela lau katuren kontua, komunitate oso bat dagoela horren atzean. Gure eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar dugula», azpimarratu du ataundarrak.
Analisiak
Patxi Saez, Soziolinguista: Kate motzean
Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria: Edozein hizkuntza bezain gai
Asier Imaz, Euskararen Aholku Batzordeko kidea – Abokatua: Akordioak josi