Ez da kontu berria gure hizkuntzak arazoak eduki izana Justizia Adminsitrazioarekin. Mendeetan justizia banatu behar zuen administrazioaren zati hori izan da injustuena gure hizkuntza komunitatearekin, bai erabili izan dituen prozedurengatik, bai eman dituen epaiengatik.
Hala, azken hilabeteotan harriduraz bizi izan dugu euskara jomugan izan duten hainbat sententzia bidegabe argitaratu izana. Sententzia horietan hizkuntza eskakizunen sistema eta administrazioaren euskarazko funtzionamendua jarri dira auzitan, labur esateko. Hainbat adituk adierazi dute sententzia horien atzean interpreta daitekeela, badagoela nahi bat hizkuntza politika gobernu eta legebiltzarretatik atera eta epaitegiek eurek ezartzekoa.
Iruditzen zait gizarte bezala argi dugula euskarak aurrera egingo badu, euskara hutsezko espazio fisiko eta funtzionalak beharko dituela: eskolak, herriak, fabrikak, udalak ….beti ere, euskara ez dakitenen eskubideak bazter utzi gabe. Ez da kapritxo bat, zientziak erakutsi digu. Azpian, egoera minorizatuan dagoen hizkuntzak bizitza osasuntsu bat izan dezan modu bakarra da. Batzuk berdintasuna deitzen diote horri, beste batzuk ekitatea edo justizia soziala. Kontua baita, ez bakarrik euskal hizkuntza komunitate gutxituak nola edo hala bizirik irautea, baizik eta, komunitate gisa, osorik garatzeko aukera erreala izatea.
Aldiz, azken hilabeteotako epaien bidez, gizarteko desadostasunak ebatzi behar dituen Justizia Administrazioak, 35 urtez euskararen auzian izan den nolabaiteko bake-soziala hautsi egin du eta, gizartearen zati haundi bat, indefentsio egoeran dagoela somatzera eraman du.
Iruditzen zaigu datozen urteetan unibertsitateetako, zuzenbide fakultateekin batera, ahalegin haundiagoa egin beharko dugula hizkuntza zuzenbidean adituak sortzeko, euskararen indarberritzeak behar dituen tresna juridikoez eztabaidatu eta osatzeko, eta lege-arauak euskaratik eta euskaraz pentsatzeko.
Euskaraz bizi nahiak indar handia du. Herri-nahi hori ziurtatzeko ezinbestekoa dugu instituzionalizatzea: erakundeek erabaki politikoak hartzen jarraitzea, legearen babesa eta indarra emateko, hizkuntza politika ezin da epaileen kontu izan. Eta gizartearen arnasa, euskara erakargarria eta baliotsua izateko eguneroko bizitzan bai heldu bai gazteentzat, etxean eta lagunartean, lanean eta aisian. Paperean eta digitalean. Euskara, mendez mende, garaian garaiko aurrerapenen konpasean daramagu euskaldunok. Edozein hizkuntza bezain gai delako.