Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea den Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea da martxoaz geroztik Manex Mantxola (Urretxu, 1991). Azaroaren 4an Bilboko manifestazioan elkartu ziren 70.000 euskaldun eta euskaltzaleek emandako babesarekin ari dira lanean.
Azaroaren 4ko manifestazio jendetsua egin eta hiru egunera, Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aurkeztu zuen Kontseiluak, beste alor batzuetan egiten den bezala.
Lan istripuena, eraso matxisten aurkakoa…. Gure asmoa da funtzionamendu aldetik ere horien antzekoa izatea. Hau da, sistematikoa bihurtu den oldarraldi bati eman beharreko erantzuna sistematizatzea. Tokian toki, jendeak gutxienez eskura tresna bat izan dezan, jakin dezan nora jo dezakeen eta aktibazio bat maila guztietan ematea. Azaroaren 4an Bilboko kaleetan ikusi zen aktibazio hori, bakoitzak bere herrian landu eta antolatzeko tresna bat izan dezan.
Euskararen aurkako eraso bakoitzari erantzutea proposatzen duzue.
Hori da, baina erantzun horretan bide bat ere egitea. Hau da, aktibatzea, salto bat ematea euskaldun izatetik euskaltzale izatera. Hau da, ahalduntze bat ematea, jendeak eskubide batzuek dituela jabetu dadin eta eskubide horiek defendatu ditzakeela, eta defendatze horretan garaipen txiki eta handiak eman daitezkeela. Ikusi dugu, geldi baldin bagaude, korronte orokorra normalizazioan atzera egitearen aldekoa dela, eta horri aktibazio sozialaren bidez soilik erantzun diezaiokegu.
Nola funtzionatuko du protokoloak?
Berez protokolo honen jatorrizko asmoa litzateke, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean erantzun ahal izatea. Helegite edo sententzia baten berri daukanak, edozein delarik ere, Kontseiluarengana jo dezake eta bertatik protokoloa aktibatuko da. Zein puntura arteko erasoa den eta ze erantzun mota eskatzen duen aztertuko da, tokiko eragileekin harremanetan jarrita. Gizarte aktibazioa maila guztietan behar da.
Erakundeei zer eskatuko diezue?
Azken bururaino eraman dezatela errekurtsoen eta helegiteen bidea, eta ahala egiten dutenean Kontseiluaren babesa izango dutela. Azken finean, eskubideak azken muturreraino defendatu beharrekoak direla ulertzen dugu, eta hizkuntz eskubideak oinarrizko eskubide diren heinean, bide hori egin behar da.
Akordio soziopolitiko baten beharra nabarmentzen duzue.
Bai horretarako oinarria badagoela uste dugu. Bereziki, azaroaren 4ko mobilizazioak izandako arrakasta ikusi ondoren. Hor bi bide nagusi egingo ditugu. Batetik, alderdi eta eragile politiko desberdinen artean, akordioak eta urratsak adosten saiatu. Eta bestetik, dagoeneko hasita daukagun Batuz Aldatu dinamika landu, bi aldarrikapen nagusiren baitan. Euskal Herri osoko 150tik gora eragilek atxikimendua eman dute.
Zeintzuk dira aldarrikapen nagusi horiek?
Oinarrizkoena, erabilerarako espazio erosoak sortzea eta, bereziki, ezagutzaren unibertsalizazioa da. Hau da, benetan hizkuntza gatazka gaindituko bada, hizkuntzaren normalizazioa emango bada eta euskaldun eta euskaltzale guztiek beraien eskubideak bermatuta izango badituzte, ezinbestekoa da Euskal Herri osoan euskara ezagutu ahal izatea. Hau da, mundu guztia gutxienez, elebidun izan dadila. Gaztelania eta frantsesa, tokian toki, mundu guztiak ezagutzen ditu. Hutsuneak bestean daude, hizkuntza gutxitua garen heinean. Gutxieneko akordio hori badago, eta akordio sozial horretatik akordio politikoetara jauzi egiteko borondatea eta asmoa daukagu.
Norabide berean arraun egitea?
Hezkuntzan daude gatazkak, lan munduan ere bai… Hizkuntza zehar lerro bat da, bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituena. Presente dago eremu guztietan eta guk eremu guztietan eragin behar dela uste dugu. Ez da nahikoa gazteak euskalduntzea, gero lan munduan euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatuta izango ez balute, eta erabat gaztelera izango bada nagusi eremu horretan. Eta gauza berdina gertatzen da aisiarekin, sare sozialetan, ikus-entzunezkoetan, erosketak egitera goazenean, administrazioarekin harremantzean, osasungintzaren beharra daukagunean… Bizitzako eremu guztietan normalizazioa bilatzen dugu eta horretarako ezagutza unibertsala izatea gutxienekoa da.
Erasoak eraso, baikortasun mezuak eman nahi dituzue.
Bai, hala da. Hemen kontua, euskaldunak eta euskaltzaleak ahalduntzea da, beraien hizkuntzan bizi daitezkeela sinestaraztea eta norabide horretan urratsak aurrera egitea. Badirudi orain, epaileen aldetik modu lotsagabeago batean edo gordinago batean ematen ari dela kontrako korrontea, baina beti aurrera egin izan da korronte hori presente egonda ere. Guk lanean jarraitzeko motibazio eta indar hori daukagu, bereziki 70.000 euskaldun eta euskaltzale atzetik bultzaka ditugula sentitzen dugun heinean. Euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko jauzi hori ematea posible da. Hala ere, epaitegietatik aurkako sententzia gehiago datoz. Beraz jendea horiei erantzuteko prest eta adi egon dadila. Sententzia horietako dezente Gipuzkoa mailan emango dira.
Euskararen Eguna da abenduaren 3a. Zer dago ospatzeko?
Euskararen Eguna ospatu behar da nahiz eta oraindik ospatzeko arrazoi gehiago izan nahiko genituzkeen. Baina urte osoak izan behar du Euskararen Eguna. Hala ere, urteetan hizkuntzaren gaia erdigunean jartzen saiatu gara eta orain badauka presentzia hori. Momentua aprobetxatu beharra dago. Ez da kasualitatea aurkako norabide eta diskurtso hauek egotea. Orain arteko errezetak berritu behar dira, aktibazio eta jauzirako fase berri bat eskatzen duelako.